VI. Bordelen konpainia onean (1985-1988)

Bertso zahar eta berri zenbaiten bilduma (1798).
2. edizioko portada.

 

1985

Egun batez, Donostiako Antiguako frontoian konpainia onean, Xabier Olarra, Mikel Arregi eta neroni gomazko pilotaz ari ginelarik, Xabierrek esan zion Mikeli ea nahi zuen Bordeleko Unibertsitatera joan bere ordez. Eta Mikelek, aurreko batean Koldo Mitxelenari esan zion bezala, bi alabak hazi eta hezi behar zituela, oraingoan Xabierri ere ezetz erantzun zion, kontuak ez zitzaizkiola ateratzen. Orduan, niri eskaini zidan Xabierrek aukera hori, Lecteur de Langue et Civilisation Basque izatekoa, eta nola nik ordurako hamabost urte baneramatzan institutuan, pentsatu nuen egoki etorriko zitzaidala zerbait aldatzea, bestelako esperientziaren bat edukitzea, eta horrela agian denbora gehiago izango nuela tesia bukatzeko. Beraz, baiezkoa eman nion, eta Jean Haritschelhar irakaslea Bordeleko katedra-arduraduna lehendik ezagutzen nuenez, hark pozik hartu ninduen lankide gisa.

Xabierrek esplikatu zidan egitekoa. Ez zen zaila. Bera baino lehen Koldo Zuazo eibartarra egona zen. Hark zioenez, hau mortua duk. Xabier saiatua zen nik utzitako zenbait poemarekin Jon Miranderen poesian sakontzen eta oso edizio polita prestatu zuen Elkarren argitaratzeko. Konturatu zen, ordea, editorial hartakoek ez zutela zuzen jokatu bere edizioarekin, eta Iruñean bere argitaletxe propioa abiaraztea erabaki zuen: Igela. Horrela besteek ez zioten ziririk sartuko. Bestalde, ikusia zuen autobusetan zenbat eta zenbat gazte, batik bat neskak, zihoazen liburuak irakurtzen, eta itzultzaile trebea zenez, EUTGn Filosofia y Letras egiten ari zela, Patxi Altuna iritzi zorrotzekoak hamar bat eman baitzion itzulpenean, pentsatu zuen ez letorkigukeela gaizki autore modernoen itzulpen onak eskura edukitzea, eta horretara saiatu zen erabat, arrakastaz, hartu bideari denborak arrazoia eman baitio behintzat.

Burokraziaren ohiko paperak bete ondoren, pasaportea, estudioetarako lan-baimena eta horrelakoak, Université de Bordeaux IIIra, geroago Michel de Montaigne deitura, iritsi nintzen. Bordeleko sarreran zegoen, Pessac inguruan. Hasieran beribilez joan banintzen, geroago merkeago ateratzen zitzaidala-eta, trenez hasi nintzen joaten. Goizeko bostetan jaiki, gosaldu, beribila Hendaiako geltokiko parkingean utzi, eta hantxe joaten nintzen seietako trenean Iparralderantz, emigranteen txartel merkea bulego berezia zeukan Castañeda jaunari erosi ondoren. Gare de Saint Jeanera heldu, eta fakultateraino zihoan autobusa hartzen nuen. Ordu erdiko bidea gutxienez eta, horrela, bederatziak ingururako hantxe egoten nintzen. Ordutegi ona neukan, bi egunetan partitua. Sei ordu euskarazko klaseak eta beste sei liburuzain.

Biblioteka, Noël Salomon hispanista ospetsuak, Instituto de Estudios Ibéricos e Iberoamericanos delakoaren zuzendari izanak eta ikerlari handiak bildua. Bere tesia Laboraria Espainiako Teatro Barrokoan izan zen, Recherches sur le thème paysan dans la “comedia” au temps de Lope de Vega (Bordeaux: Féret, 1965); ikuspegi berri bat ekarri zuen hispanisten artera. Eta baita berak bildutako literatura ere, bereziki latinoamerikarra. Halaber, euskarari zegokionez, hantxe zeuden René Lafonek eta Jean Haritschelharrek urtero zegokien diru kopurutik egindako liburu erosketak. Gero Jeanek nire esku utziko zuen egiteko hori, gauzak pixka bat eguneratzeko bidean. Nire harremanak Noëlen alabarekin izan ziren, hura baitzen liburuzain nagusia. Bertan, eskatzen zidaten liburuak ikasleei emateaz gainera, Lafonen liburuekin, eta literatur errebista latinoamerikarrekin, hala nola Bulletin Hispanique ospetsu eta interesgarriarekin harremanetan hasi nintzen.

Egoitza ondoko jatetxe merke batean bazkaltzen nuen, eta libre nituen orduak liburutegi orokorrean ematen. Badaukat gordeta oraindik nire adiskide Francesc Massipek bidali gutun bat (1986-II-28), non Sitgeseko Jardunaldietako galeradak bidaltzen zizkidan zuzen nitzan, eta halaber galdetzen nola zihoakidan tesia. ¿Has acabado ya tu tesis? Yo estoy en ello y me doy ocho meses de plazo para finalizarla. Si la inspiración me acompaña creo que lo conseguiré. Francesc da katalanen artean ezagutu dudan langileenetakoa, eta langileak dira, alajainkoa! Tesia La Festa d’Elx i els misteris medievals europeus, tituluaz, 1992an Alacanteko hirian argitaratuko zen Institut Juan Gil Albert-Ajuntament d’Elxen babespean, aitzinsolasa Josep Romeu i Figuerasek eta azken solasa, Gaspar Jaén Urbanek idatzirik. Benetako ikerketa-monumentua da.

Juan Carlos Villaverde Amieva asturiar irakasle lagunak gutun bat idatzi zidan (1986-III-1), Verinesko Jardunaldietan elkarrekin zein ongi pasatu genuen gogoratuz, eta Oviedoko Fakultateak antolaturik, eta Academia de la Llingua Asturianak lagundurik, VII Día de les Lletres As-turianes ospatzera zihoazela, eta bertan idazle galego, katalan, euskaldun eta asturiar batek parte hartuko zutela, eta ea maiatzaren 9an bertan parte hartu nahi nuen galdetuz. Baiezkoa eman nion eta oso oroitzapen ona daukat bidaia hartaz, lanbrotsu samarra izan arren, ez dakit sagardoaren ondorioz edota dagoeneko urrun samarra gertatzen zitzaidalako, Pelayoren mendeak ere aipatu zizkidaten, alajaina, ... Gogoan dut bederen Jaume Cabré, hizkuntza askotara itzuliak diren liburu anitzen egile eta sari ugari merezi izan dituen idazle katalana bertan izan zela.

Udaberri aldera, zehatzago izateko 1986ko apirilaren hamarrean, Txillardegik gutun bat bidali zidan [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 6)] Anjel Elkoroberezibar eta Iñaki Mozosekin bil nendin aholkatuz, kultur ikerle-hirurko ederra osa genezakeela-eta... Okendo kafetegian adostu genuen hitzordua, eta oso gazte interesgarria iruditu zitzaidan Miguel Angel Elkoroberezibar, Deustun ingeles filologia egiten ari zena eta gerora Palamedes. Edward Spencer Dodgsonen identitateari buruz zenbait ohar kritiko 62 orrialdeko liburuxka plazaratu zuena, Enseiucarrean errebistaren separata moduan; haren aurkezpena Durangoko II. Euskarazko Liburu eta Disko azokan egin zuen, 1987ko maiatzaren 30ean.

Egan, Juan San Martin eibartarrak zuzentzen zuen aldizkarian ere plazaratu nuen lan pare bat 1986an. Bata Charles August Friedrich Mähn erromanista alemanaren euskal testuen antologia, 1857an Berlinen plazaratu zuen Denkmäler der Baschichen Sprache... , non geroagoko apaiz folkloristen zentsurarik gabe ageri baitziren herri-kanta batzuk. Pena da liburu hura sekula euskaratua ez izana, alemanez bi edizio bederen badituen arren. Eta bestea, argitaragabe zegoen Jean Etxeberri, Uztaritzeko komentuko limosnariak Sarako eskolako neskentzat 1884. urte inguruan moldatu eta haiek antzeztu zuten Arroltze ohoina, sorgin sineskerien aurka euskara pollit batean idatzia, Wentworth Websterrek jasoa eta Baionako Herri Liburutegian utzia.

Bordelen, bakarrik egon ohi nintzenez, adiskide baten semea zen Fabrice eta honen neskalaguna zen Palomarekin –honek fakultatean ikasten zuen–, joaten nintzen gehienetan zinera eta gero afaltzera. Bakar-bakarrik ez, konpainia ona bainuen arno bordelesa, eta hura dastatzen hasi nintzelarik, ikerketei edo irakurketei, hala nola inguruko eijerrei, zuberotarrek esango luketen moduan, begiradatxoren bat edo beste emanez.

Bibliotekan aurkitu nuen liburuxka bat M. Aguilarrek 1943an titulu honekin Madrilen editatua: Cuentos viejos de la vieja España (Del siglo XIII al siglo XVIII), Federico Carlos Sainz de Roblesen ikerketa zeraman edizioa. Timoneda, Quevedo, Cervantes, Montemayor eta besteren artean Esteban de Garibay y Zamalloa (1533-1599) arrasatearraren ipuinak topatu nituen, eta Felipe II.a erregearen historialariaren umore beltza euskarara itzultzea bururatu zitzaidan. Hala bada, Txertoa argitaletxeko zuzendaria zen Luis Jiménez de Aberasturik argitaratu zidan, Behin errementari batek... Garibairen istoriotxoak liburuxka bere garaiko irudiz hornitua: bere garaiko goseak eta bortizkeriak ageri dira, bai eta Pernando Amezketarrarenak diruditen irtenaldiak ere. Hona haietatik hautaturiko bat:

Behin Toledon gizon bat urkatzen ari zirelarik, zurubietatik botatzera zihoazenean, edatera eman ziezaioten eskatu zuen. Baso bat ardo eraman zioten eta, edaterakoan, gaineko bitsa haizatu zuen. Urkatzaileak galdetu zion ea zergatik haizatzen zuen aparra, eta urkabera zihoanak erantzun zion: Giltzurrunetarako oso txarra delako.

Baionan, Euskal Museoko Liburutegira maiz joana nintzen zenbait liburu eta eskuizkribu kontsultatzera, eta halako batean azken hauen artean Recueil de quelques pièces de vers anciens et nouveaux (1798) titulua zeraman bat topatu nuen, eta berehala ohartu nintzen altxor bat zela, poesiaren ikuspegitik. Hainbat poetaren lanez moldatutako lehen poesia bilduma zen: Martin Duhalde, Bernard Larregi, Jean Robin, Otsamendi Arrosakoa eta beste. Laurogei bat orrialdeko ikerketazko aitzinsolasarekin, transkripzioarekin, hiztegiarekin, adizkeren azalpenarekin, onomastikarekin eta bertsoen aurkibide bikoitz batekin prestatu nuen edizioa, eta Jean Haritschelharren aurkezpenarekin plazaratu zuen Durangoko Udalak 1987an, 1986ko Euskal Jaiak zirela-eta antolatu zuten lehiaketara aurkeztu bainuen eta lehen saria irabazi. Gerora, Haritschelharren ordez, Jean Baptiste Orpustan Bordeleko Unibertsitatera iritsi zelarik, DEUA lortzeko, hots, euskarazko diploma izateko, testu nagusietarikoa bezala ezarri zuen liburu hura. Pozgarria, noski, irakasle batentzat.

Pilar Muñoak, garai hartan Madrileko Unibertsitate Konplutentsean euskara-irakasle zenak, 1987ko maiatzaren 12an eginiko poesia-errezitaldia zela-eta, liburuxka bat plazaratu zuen, portadan titulu hau zuena: Joven Poesía Vasca. Atxaga, Casenave, Juaristi, Lasa, Lekuona, Salaberri, Urkizu, euskaraz eta gaztelaniaz. Ez ginen, noski, denak gazteak, irakurle adituak ongi jakinen duen bezala, baina poza ematen zuen halako konpainia onean egoteak. Nire poema, Euri Heze “Llovizna” deitua, Zeren Azken Finean poema bildumatik jasoa zen eta itzulpena nirea.

GALEUZCA 1986.

 

1986

Donostian 1986an Eremu Urriko Hizkuntzen Topaketak egin ziren Donostiako Miramar Jauregian, bederatzi hizkuntza ezberdinetan idazten zuten idazleak: bretoiak, frisiarrak, suomitarrak, finlandiarrak, suitzarrak, georgiarrak, galegoak, katalanak eta euskaldunak. Eta Euskal Idazleen zuzendaritzarekin bat, euskal liburu batzuk mahai batzuetan erakusgarri ezartzeaz at, Teatro-erakusketa bat aurkeztu genuen. Joxan Arzek bere poesia irakurri zuen ohiko ikuskizun xamaniko batean, beti bezain xarmant, misteriotsu eta erakargarri. Xabier Aizarna, Diputatu Nagusia izandakoa ere izan zen bertan, eta Kultur Kontseilaritzako Antzerti Zerbitzuak argitaratu Euskal Antzertia liburua oparitu nion. Esan zidan ez zuela ezagutzen. Ez ninduen harritu, baina bai konpreniarazi instituzioek argitaratu liburuek batzuetan jasotzen duten tratua. Hurrengo egunean politikoaren argazkia prentsan ager dadin balio izaten dute, eta segidan sotora doaz, itzalen arteko kanposantura. Argitu eta esplikatu nien zertxobait erakustegiaren zentzuaz eta Euskal Literaturan izan zuen historia luzea, fotografien balioa... Horrela bada, hurrengo urtean Yann Bouëssel du Bourg, urtetan Insti-tut Culturelean bretainiar literaturaren zuzendaria izan zenak eta Gwenn ha du bretainiar egunkari nazionalistan Bretainiari buruz artikulu asko idatziak liburuxka bat bidali zidan. Gwennole le Menn, CNRSeko ikerlearen, Renneseko hirian Civilisation Bretonne irakasten zuenaren Histoi-re du Théâtre Populaire Breton XVe - XIXe, 1983an frantsesez argitaratu liburua oparitu zidan. Laurogeita lau orrialdeko liburuxka txit atsegina, ilustrazio eta fotografia zaharrez hornitua. Gutun bat ere bidali zidan ingelesez [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 7)].

1986ko irailaren bukaera aldera (28-29-30), III. Galeuzca Topaketak ospatu genituen Baionan (Galizia), idazle katalan, galego eta euskaldunen artean. Gogoan ditut Baionako ostatu miresgarri hartako ikuspegi ederrak, eta nola gosaltzerakoan hantxe zegoen Juan Carlos Espainiako erregea belaontziko eskifaiarekin. Aldamenean genuen eta haren garaitasunak txunditu ninduen. Fotografia bat bidali zidan aspaldi ez dela Laura Mintegik, eta hantxe ageri gara, bera, Jose Mari Torrealdai, neroni eta beste. Hogeita hamar idazle, gehienak galegoak. Tartean, futbol jokalarien antzera fotografoari begira, Manuel Maria dela uste dut, zeinen Maiatza zorabiatuaren pastorala, Koldo Izagirrek euskaratu zuen. Norbaitek esan zigun, autobusean geundela eta Maria lurraldeari buruz esplikazioak ematen ari zela, ez zegoela inor, Manuel Fraga Iribarne kenduz gero, galiziar guztiak hobeto ezagutzen zituenik. Ni haren ahots sakon eta ederrak liluratu ninduen. Urteen poderioz bakoitzak zeukan irudia askotan galtzera ere iristen da. Lagun onak egin nituela galegoen artean, badakit. Ez dakit zergatik, baina sentikorragoak gertatu zaizkit beti galegoak katalanak baino, hauek hotzago sentitu baititut, eta hobeto konpondu izan naiz, hain bereziak izanik ere, galegoekin katalanekin baino.

Anjel Lertxundi geneukan garai hartan Euskal Idazleen Elkarteko buru, eta Egan literatur aldizkarian (1986-5/6) komunikabideei buruz mintzatu zen, eta komunikabideak salatzeko manifestu bat sinatu zen Baionan, zeren garbi eta nabarmen baitzegoen nola gutxiesten gintuzten hizkuntza minorizatuetako idazleak. Uxio Novoneira poeta ere hantxe zegoen, eta hainbeste miresten zuen euskal neska, Mariasun Landa ere bai. Txillardegi ere, ongi oroitzen banaiz eta oker ez banabil, egon zen bertan eta Galiziako kazeta batek egin zion elkarrizketan borroka armatua defenditu zuen. Bestalde, garai hartan Raul Gerra Garridok, Salamanca aldean beste idazle bilkura batean zegoenak, Biltzarrek ligatzeko baizik ez zutela balio esan zuen, egunkariaren arabera.

Pierre d Urteren hiztegia. Londres 1715.Tesia, (Azkue saria) 1987, ed. Mundaiz 1989.

 

1987

Tesia Koldo Mitxelena irakaslearen zuzendaritzapean burutu nuen. Lehenik faksimilea erakutsi nionean esan zidan, ez, ez, transkripzioa egin behar duzu, tel quel, hots, originala kopiatu behar duzu osorik, irakurleari lana erraztu behar zaio. Eta gero hitzaurrea aurkeztu nionean, esan zidan, itxura ona du. Nik uste gehiago espero zuela protestanteei buruzko azterketan, baina nik ahalegin guztiak egin nituen. Ibilia nintzen aztertzen Pabeko artxiboetan, Pariseko Liburutegi Nazionalean eta Protestanteenean, Londresko British Libraryn eta beste artxibo batzuetan, Bibliothèque de Genèven, eta abar. Bai eta aztertzen XVIII. mende hasierako euskara eta garaiko hizkuntzalari ingelesen berri ematen ere (Edward Lhwyd, David Wilkins, John Chamberlayne, Richard Plunkett... ). Eta tesi-kontuetan iristen da une bat, non moztu behar izaten den, luzamendutan ez galtzeko. Ikerketak 490 orrialde izan zituen 1989an Mundaiz, jesuiten argitaletxeak plazaratu edizioan, eta bigarren tomoak, transkripzioak 637 orrialde. Beraz, mila orrialdetik pasatzen ziren bien artean. Pozik gelditu nintzen gainera moldiztegiratua ikusi nuenean, zeren eta Azkuek idatzita utzi baitzuen 1928an: es y creo será siempre obra inédita. Iragarle gisara huts egin zuen lekeitiarrak.

Gasteizen aurkeztu nuen 1987ko maiatzaren 19an eta cum laude saritu ninduten, epaimahaia honakook osatu zutelarik: Jean Haritschelhar lehendakari, Patxi Goenaga idazkari, eta bokalak: Patxi Altuna, Ibon Sarasola eta Pello Salaburu. Beti esan ohi da tesia pasatzeak une txar bat, trago txarra irenstea esan nahi duela, baina doktore titulua lortzeko pasatu beharra dela. Ohituta nengoen txarragoetara, eta beraz, ahalik eta defentsa txukunena aurkeztu nuen. Patxi Altunari gogorxko iruditu zitzaizkion Urtek Grammaire Cantabrique Basque delakoan idatzitako frantses hitzak: amaren sabeletik bertatik ez zuela Erromako elizaren superstizio guztiengana inolako atxikimendurik. Poztu nintzen Sarasolak esan zuenarekin, alegia, halako tesi motak zituela gustuko, eta Salabururen lexiko-oharrak funts handirik gabekoak iruditu zitzaizkidan. Beraz, aurrera. Joan ginen, bada, garai hartan ohikoa zen bezala Portalónera, eta ohartu nintzen Koldo ez zegoela bere tenplerik hoberenean. Ohi bezala, deus gutxi jan zuen. Edan bai. Patxi Altunak galdetu zidan ea zer asmo neukan eta erantzun nion ez nekiela garbi, oraingoz Bordeleko Unibertsitatean nintzela irakasle, Institutuko katedrako lana uzteko baimen batekin. Dena den, ongi etorriko zitzaidala titulua eta nahi banuen EUTGen izango nuela lana, erantzun zidan modu gozo eta amultsuan.

Uda partean Urtzi eta biok Erromara joan ginen bidaia antolatu batean. Urtzik 12 urte zituen eta oso ongi pasatu genuen elkarrekin. Erroman moja komentu batean ostatatu gintuzten eta, mojak bakizu esaten genion elkarri. Kale eta plazetan zehar, elizak eta Vatikanoko museoa ikusten. Ecclesia di Jesù delakoan San Ignaziori eskainitako aldarea, urrez betea, ikusi genuen; Xabierko San Frantziskori eskainia, berriz, zur xumez egina. Jesuitek bereizten zituzten klaseak, alajaina. Tamalez, egun batean erosketak egin eta gero –besteren artean Aldanaren errenazimentuko edizio bat–, autobusera igo ginen, poltsaz beterik, eta autobusa beteta baitzihoan, lapurrek ostu zidaten poltsa. Eskerrak gero gidariak bitartekaritza-lanetan lagundu zidan salaketa poliziari egiterakoan. XIII. Azkue sarietara aurkeztu nuen tesia eta, geroago kazetak jaso zuenez, Jose Ramon Etxebarria harrituta zegoen ikerkuntza arloko saria jasotzeko aurkeztu ziren hamahiru ikerlanen kalitate-maila goragatik. Ahozko elkarrizketa ere pasatu genuen eta azkenean Bilbo Aurrezki Kutxak ematen zuten saria bitan banatu zuten, erdibana, Iñaki Irazabalbeitiari prekozenoei buruzko tesiagatik eta niri Pierre d´Urtez egin lanagatikNioen bezala, azkenean, latin-euskara berregituratzean euskara-frantsesa-gaztelania-latina hiztegia bihurtu nuenez, eta Donostiako Informatika fakultateko laguntzari esker, bi mila hitz erabilienak ematen nituenez, arlo berezituetan euskara eguneratzeko ahaleginetan genbiltzan unean oso lagungarria izan zitekeen Urteren hiztegia, Larramendirenaren aitzindaria.

2013ko urrian, ordura arte Shirburn gazteluan egondako Pierre d´Urteren Grammaire Cantabrique eta Dictionarium Latino-cantabri-cum eskuizkribuak Londresen Sothebyko enkante batean Gasteizko Sancho El Sabio fundazioak 72.000 eurotan bereganatu zituen. Enkantearena jakin nuelarik, Koldo Mitxelena kultur guneko zuzendari zen Frantxis López Landatxeri deitu nion. Hura ere jakinaren gainean zegoen baina, antza denez, Gasteizko Kutxa aberatsago zegoen une horretan Gipuzkoakoa baino, Bibliaren Ethorkia eta Ilkhitcearen itzulpena duen eskuizkribua Bilboko notario bibliofiloa den Jose María Arriola ezagunaren liburutegian dagoelarik.

Donostian, Deustuko Unibertsitateak daukan campusean, Patxi Altunak beste irakasle zenbaitekin antolatuak zituen Euskal Filologia eta Filologia Hispánica zeritzaten espezialitateetako lehen ikasturteak eta Hogeigarren Mendeko Euskal Literatura irakastea eskaini zidan eta, onartu nuenez, hantxe hasi nintzen klaseak prestatzen eta poesia, nobela, teatroa eta saiogintza irakurtzen, testu zaharrak ahantzi gabe. 1987-88 ikasturtea zen. Horrela, Mundaiz errebistan argitaratu nituen Bartzelonako kongresuan aurkeztu nuen aipatu xaribariei buruzko artikulua, adiskide eta lankide ona nuen Juan Mari Lekuonaren poesiaren azterketa. Edertiaren bidetik gizonaren bila, edota Garibairen eskuizkiribu galdu bat (1592), alegia, galdutzat ematen ziren Garibairen errefrauen testuak, Pariseko Sainte Genevièveko liburutegian aurkitu nituenak, eta orobat bulegokide nuen eta ikasle izaniko Elixabete Perez Gaztelurekin batera, Patxi Altunari omenaldia prestatu (1990). Hartan bere bibliografia osoa biltzen saiatu ginelarik, erakutsi ondoren esan zidan: hain-beste idatzi al dut?

1988

IRUN-HIRIKO Literatur sarietara aurkeztu nuen Zuberoako irri teatroa, astolasterrak entsegua eta, 1988an saritu egin zutelarik, pozik nengoen. Urte horretan beste bi lan ere plazaratu nituen. Bata, Serafin Barojari buruzko edizioa: Bertsoak, Pudente, Tormesko Lazaro-txoa... Txertoa argitaletxean aurkeztua. Julio Caro Barojaren aitzinsolas eder bat dauka, gaztelaniaz idatzia, XIX. mendeko liberal euskaltzaleak aldarrikatuz. Hori eskatzera Luis Jiménez Aberasturi eta biok joan ginen bisitan Berako Itzea etxadi ederrera; une benetan atseginak iragan genituen elkarrekin.

Bestea, Jean Duvoisinek burutu Fénelon (François de Salignac de la Mothe) idazle frantsesaren itzulpen zatiaren edizioa Elkarren, Telemake, Ulisen semearen gertakuntzak, Classiques Garnierena baliatuz. Baionako Herri Liburutegian zegoen, MS 85 bezala, ordu arte argitaragabea, non Duvoisinen itzultzaile dohainak benetan libre, argi eta garbi agertzen ziren, Bibliaren nahitaezko itzulpen hertsian baino areago. Gogoan dut liburutxoaren eta Mundaiz bilduman plazaratu ziren Pierre d'Urteren Hiztegia. Londres 1715, tesiaren bi tomoen aurkezpena egin nuelarik, Patxi Altuna bera klasean zegoela entzule, eta gustatu egin zitzaiola esan nuenean tesiak amodiozko historiak bezalaxe direla, batek gaiaz maitemindu behar duela benetan sakonki ezagutu nahi badu... Bordelen klaseak ematen ere jarraitzen nuen, Bietan jarrai izan baita nire lema, noski, eta gogoan dut nola José Ángel Ascunce, gerraondoko poesia espainolaz eta erbesteaz adituarekin eta Txuma Lasagabaster literatur kritikariarekin Bordeleko eta Deustuko Unibertsitateen arteko harremanak sendotzeko asmoz, Bordelera bisita egin genuen; baina bisita hark, Études Iberiqueseko arduradunarekin hitz egin ondoren, oso modu atseginean hartu bagintuen ere, ez zuela ondorio handirik eman, ez bazen izan elkar hobeto ezagutzea.

Bordelen zenbait ikaslerekin Semaine de Langue et Culture Basque titulua zeraman euskal kultur aste bat antolatu genuen, bertan zinea, artea eta beste erakusten zirelarik. Fakultatean ere eskegi ziren afixak, eta haietako batean Litérature Basque agertzen zen lerroan ikasle azkar eta chovinista batek honakoa idatzi zuen: mais ça existe? Antonio Machado poetak idatzitako hura aplika zekiokeen hari: Castilla miserable, ayer dominadora, / envuelta en sus harapos desprecia cuanto ignora [Gaztela miserablea, atzo zanpatzailea / bere zarpatzarretan bildurik ezagutzen ez duena oro mespretxatzen du].

Bordeleko parte zaharreko karriketan barna gauez bakarrik nenbilela, pentsatzen nuen nirekiko, kale hauetatik ere ibili ote zen Bernat Etxepare 1545ean etorri zenean, jin bazen noski, bere Linguae Vasco-num Primitiae, euskal lehen liburua argitaratzera eta Bernard Leheteri, erregeren abokatu zenari eskaintzera? Ezagutu ote zituen Clement Maroten eskolakoa zen Eustorg de Beaulieu, musikari, antzerkigile, poeta eta Bertranden alaba Margaritaren maisua, zeinak poema bat ere eskaini baitzion à scientifique et très prudent Seigneur Monsieur Maistre de Lahet, honen etxean Beaulieu, Jannequin, Cornier du Près gauerdiraino musika jotzen entretenitzen zirenean: Toy, Blaise, & moy, chantions jusque à my nuyct. Hotz eginen zuen benetan garai haietan, nire negu gorrian baino areago, batzuetan hamabost gradu zero azpitik egin arren, eta andere aski gazte batzuek minigonez titi-erreka oparoak ilun-argien abaroan eskaini arren.

Jose Maria Velez de Mendizabal Euskal Idazleen Elkarteko buru izan zelarik, eta bere agintaldiaren azken urtean ia ekitaldirik ez zuelarik, Biltzar batean ni hautatu ninduten buru, 1988ko urtarrilaren bukaera aldera. Horixe irakur daiteke Argia (1988-II-5) astekarian Gorka Setienek eginiko elkarrizketan. Lezora etorri zitzaidan bisitan, eta bere erroak ere Lezon zeudela azaldu zidan, bere aita Izeta baitzen, Realeko futbol jokalari ohia. Ez ditut sekula konprenitu pertsonen deitura aldaketak. Titularra hauxe zen: Ahaleginak egingo ditugu euskal idazleen eskabideak zain daitezen. Nire ganbarako oroitzapenetan daukat ez nuela eskabi-deak esan eskubideak baizik. Dena den, hantxe osatu zen batzorde zuzentzailea: Pello Zabaleta (idazkaria), Xabier Mendiguren (diruzaina), Mariasun Landa, Koldo Izagirre, Josu Landa eta Xabier Azurmendi.

Bilerak maizago egiten hasi zirelarik desagertzen joan ziren batzuk. Pello Zabaletarekin gogoan dut nola joan ginen Gasteizera Joseba Arregi kultur kontseilariarekin hitz egitera, Euskal Liburuaren Legea beharrezko ikusten baikenuen euskara eta euskal literatura suspertzeko, baina ez zigun ia kasurik egin. Xabier Mendigurenek gutun luze bat idatzi zien elkartekideei; ez zen batere nire gustukoa izan, doinuagatik batez ere. Eta Koldo eta Josu ez ziren agertu ia gehiago urteko biltzarrera ez bazen. Mariasun Landa izan zen fidelena, eta hurrengo bileran batzorde zuzentzaile aukeratu genuen. Ramon Etxezarreta hautatu genuen idazkari, eta Joxan Muñoz ere partaide izan zen. Ez zitzaigun egitasmorik falta. Dokumentazio zerbitzua, Biblioteka, Topaketak, Antologia moldaketak, Boletin edo aldizkari berria, eta horrela euskal literaturaren kritikaren ur nahasi eta arreetan argitasun pixka bat ezartzearren ere, aldizkari berria jaio zen: Hegats. Lehen alea, Xabier Mendigurenek koordinaturik, 1989ko abenduan plazaratu zen Pamiela argitaletxeko Txema Aranazek maketatu eta ilustrazio ederrak hautatu zituelarik.

Euskal idazleen arteko HEGATS 1 aldizkaria (1989... ).

 

Saioak (lehena Iñaki Aldekoak idatzia: Joseba Sarrionandiaren poesia: Itsasoa gartzelatuta... ), liburu-komentarioak (Jon Juaristiren Literatura Vasca –Taurus, 1987– liburuttoaren nire erreseina kritikoa), elkarrizketak (Ana Toledorekin Fikziozko prosaren sorreraz tesia aurkeztu ondoren), narrazioak (Xosé Luís Méndez Ferrínen Percival, Andres Urrutiak itzulia, eta Stephen Vincent Benéten Super Flumina Babilonis, Joseba Sarrionandiak itzulia), poemak (Iñigo Aranbarri, Jose Luis Otamendi, Felipe Juaristi... ), jardunaldi-albisteak eta beste.

Juaristiren liburutxoan esaten zirenak zuzentzen saiatu nintzen. Adibidez, Larramendiren jarraitzaile guztiek escribieron sus obras en el dia-lecto de esta provincia (Gipuzkoa), probintzia horretan euskalki bat baino gehiago mintzo direlarik, zeren Sebastian Mendiburuk, oiartzuarra zenez, goi nafarreran idatzi baitzituen bere liburuak. Zuberoako teatro tradizionalaz mintzo delarik ere, hauxe dio: no existen noticias de la mis-ma hasta finales del siglo XVIII, aipamen adierazgarriak XVII. mendean badira ere. Bernat Etxeparez “ignorándose si existió alguna edición an-terior o posterior a la de 1545” dioenean garbi dago ez duela irakurri Piarres Lafittek 1967an plazaratu Arnaud Oihenartek idatzitako L'Art poétique basque (1665), eta Erruango moldiztegitzearena. Axularrez “es-tudió, según parece, en Salamanca”, jakina denean agirietatik bertan matrikulatua zegoela... Eta beste. Akats ortografikoez aparte, garbi zegoen edizio hura, azkarregi idatzia, irakurle ez euskaldunarentzat egina, gutxiespen aurreiritzi batzuetatik moldatua zegoela. Nire erreseina honela bukatzen nuen:

Irakurlea ohar daitekeenez, ez dira soilik ematen oker hitzen formak, azentuak eta silabak, bertso-lerroak ere aldatuta irakur daitezke, eta bertso batean lau irakurketa gaizki eginak badira. Itzulpenak, datak, errebisten izenak eta liburuenak oker agertzen dira orobat. Honek guztiak gorago aipatu dugunaren seinale nabarmena ematen digu. Oroitzen naiz duela urte mordoxka bat Lázaro irakaslearekin kritika berriaz lan bat prestatzen hasi nintzenean adierazi niola nola euskaraz baziren eskuizkribu anitz oraindaino argitaratu gabe zirenak. Uzteko kritika lan hura (Roland Barthesi buruz zen) eta lantzeko antzertiaren esparrua erantzun zidan. Urteak iragan dira ordudanik eta Juaristiren lanak oroitzapen eta gogoeta hauexek eragin dizkit. Oraindik euskal literatura ez dugula ezagutzen ez sakon, ez axaletik, eta zaila izango dela, beraz, ikuspegi orokor bat taxuz ematea –azken urteotako ikuslari aparta izan arren–, ez badira aurre-baldintzak behar bezala betetzen. Alegia, argitaratu gabe diren euskal eskuizkribuak plazaratzen, eta hainbat eta hainbat autoreri zor zaion ikerketa sakona eskaintzen ez zaion bitartean. Eta, orduan, akaso sorpresa handiz jakingo dugu euskal literaturaren eremua ez dela pentsatzen genuen mortua, lili finez beteriko baratze eder bat baizik. Bitartean, outsider zenbaiten lanak txit mugatuak izango dira, eta porrot egingo dute euskal literaturaren historia kritiko bat epaitzerakoan. Mesede kaxkarra egiten zaio, beraz, irakurleari eta azken finean literaturari berari horrelako ikuspegi mugatu, murritz eta bereziekin, elkarrenganako harremanak desegiteko baizik ez baitute balio, elkar ezagutzeko bidean lagundu ordez.

Urtetara entzun izan diot berari, baietz, presaka egindako lana izan zela hura.

Irudia 45: Orreagako Artxiboan aurkitutako pergamino agiria latinez (455. zkia), non Bertrand Lehete Baionako artzapezpikuak Bernat Etchepare izendatzen duen Zaro eta Eiheralarreko apaiz 1511n.