II. Zornotza eta Alesbesen karmeldarrekin (1958-1962)

Alesbesen (Villafranca de Navarra) dagoen karmeldarren komentua.

 

SANTI AMIANO adiskidea eta biok goiko elizaren horma baten kontra pilotan jokatzen ari ginela, fraide karmeldar bat agertu eta galderak egiten hasi zitzaigun. Gero etxetik pasatu zen, amarekin hitz egin eta galdetu zion ea nahi ote nuen Zornotzako kolegiora joan ikastaro bat egitera. Hain ongi pasatu nuen hartan futbol-zelaian, frontoian eta buru-ariketa zenbait eginez, ezen jada ikusi zuten baliagarri izan nintekeela eta irailean ikasturtea has nezakeela. Eta gainera batxilergoko sarrera, zehatzago Escuela de Comercio zeritzanean lehen urtea burutua nuenez, latinoen bigarren kurtsoan hasiko nintzela esan zidaten, eta arropak prestatu behar nituela. Oroitzen ez dudan zenbaki bat ezarri zieten arropa guztiei: galtzerdi, galtzontzilo, barruko elastiko, galtza, alkandora, jertse, musuzapi eta bestelakoetan. Abarka parea ere eraman behar nuela, haiekin jolastu behar baikenuen futbolean eta mendiko irtenaldietara joan.

Amorebieta-Zornotzako Karmeldarren Ikastetxea egoitza eder bat zen. Komentu hartan emakume errepublikanoak egon ziren preso 1937tik 1943ra arte, eta bertan igaro nuen nik ere 1957-1958 ikasturtea. Hantxe hasi nintzen euskaraz irakurtzen eta idazten aita Felix zuzendariaren babespean, aita Villasanteren Jesukristoren biografia irakurtzen eta nire egunorokoak idazten. Oroitzen naiz mintzatu bezala hasi nintzela eskribitzen: gaur au indut... eta horrelakoak. Aita Eliseo izan genuen aitorle eta matematika-irakasle. Maite ninduen, kaskarrekoren bat edo beste ere irabazi nuen eta bere masaileko bizarraren zakarra ere probatu nuen aitortza uneetan. Kantuari ere eskaintzen genizkion gure ordutxoak Aurtxo denok alkarturik jolastutzera orain goaz, bai, abestia buruz ikasi genuela-eta, meza euskaraz lehen aldiz kantatzen ikasi genuen. Bedeinkatua datorkiguna Jaungoikoaren izenean, Hosana zuri, Hosana beti, zeru goietan ta lurrean. Eta horrelakoak. Benetan duo ederrak egiten zituzten Azkoitiko larrañagatarrek.

Karmeldarren Zornotzako komentuko patioan Ama Birjina Karmengoaren egunez.

 

Festa handietan Larreako komentura joaten ginen, han kantatzera eta sermoiak entzutera; han, ene oroitzapenen irudira, gipuzkera zen gailen. Fotografia batean ikus dezaket nola janzten ginen horrelako okasioetan. Esklabina deitu kapa zuri laburra, gerriko zabal zuria eta sotana marroia, karmeldarren kolorea, botoiz betea. Oinetakoak beltz eta oso ongi lustratuak, noski. Ni nagoen fotografiako leihoaren atzeko gela ttipian futbolean aritzeko eta mendira paseatzera ateratzeko abarkategia zegoen, bertako laurogei mutikoen oinetako eta galtzerdien izerdien usainek edozein pertsona seko utz zezaketenak, baina gure sudurrak ohituz joan ziren.

Gogoan dut paseoetan inguruko mendietako pinudietarantz igotzen ginela, Bizkargi begien bista aurrean geneukala, eta haien abaroan kontu-kontari egoten ginela, eta behin batean Lemoizko mendixkara igo ginela bertako lubakietan ikusten zirelarik gerrak utzitako urratsak, eta, jakitunek ziotenez, bertako ur minerala oso ona omen. Beste batzuetan, Larrea ondoko erreketan oin hutsik sartzen ginen eta erreketako karramarroak harrapatzen saiatzen.

Eguerdi zenbaitetan, otordua atseginago egitearren, bazkalondoan kanta saioa izaten zen eta gaztelaniaz kantatzen genuen pulpitu batera igorik. Larrañagatarrek Tengo yo dispuesto en mi testamento... Nafarroa aldekoek Las golondrinas cantaban a las orillas del Arga... eibartar batek Es el equipo del Eibar un equipo colosal... , eta nik Zurriola aldeko Colegio del Corazón de Marían, egun Mariaren Bihotza Ikastola denean ikasitako hura: San Sebastián tiene cosas que no tiene el mundo entero... Banuen, opariturik, Orixeren Urte Guziko Meza-Bezperak liburu ederra, Zabalo´tar Pablo ta Xabier´en apaingarriekin Frantzian, Tours aldean argitaratua 1950ean Mame inprimategian. Bi Itz zituen sarrera gisara eta hantxe ikasi nuen nola itzuli euskaraz Virgo hitza, hauxe baitzioen zehazki Nikola Ormaetxeak: Emazteki nasi gabeari neska esan oi zitzaiona Euskalerri guzian lenago, zenbait tokitan zakartu bada ere, neskatxa izen ederra ta aukerakoa daukagu, ta emaztekiaren birjintasuna adierazteko neskaxtasuna... Ez nuen, egia esan, sakonki konprenitzen ia deus, ez eta gauza handirik Goierrin eta Bizkaian neskea deitzen zutenaz zioena. Halere, esku artean eduki nezakeen euskal liburu bakarretakoa zen eta gainera hantxe ageri zen liburu erdian Lezoko Gurutz Donearen irudia.

Matematikan ateratzen nituen notarik hoberenak eta problemak egiten oso iaioa nintzen. Latinean, nire lehen kurtsoa zenez, pixka bat atzeratua nenbilen, eta Txoperena igantziarrari, pilotari mutil argiari, eskatu zioten niri latinean laguntzeko. Baina hori bai, garai haietan Sagasti bizkaitarra zen pilotaririk hoberena, nire ustez. Hantxe ikasi genituen aliketaz eta alanbrez arrosarioak egiten eta hariz jirabiraka kixki-pilotatxiki bati pilota borobila osatzen, eta ondoren larruz josten. Gogoan dut, baita ere, futbolean ez nuela gaizki jokatzen, baina Compás alesbestarra iruditzen zitzaidan abilenetakoa. 57-58ko ikasturte hartan kurtsoak erraz gainditu genituen, hots, latinoen lehen bi urteak. Eta prestatuta geunden jada Nafarroa aldera joateko beste hirurak egitera.

58ko irailean, Donostiako geltokian bildu ginen talde bat aita Eliseorekin, eta galdetu zidan lehen gauza izan zen, bera ere oso futbolzale eta Athletikzalea baitzen, ea oporretan futbolean jokatu nuen, eta nik ez asko, gehiago aritu nintzela igeri erantzun nionean, kopeta aski zimur eta ilun ezarri zuen eta iruditu zitzaidan lanak izango nituela lehen ekipoan jokatzeko.

Bidaia luze baten ondoren iritsi ginen Villafranca de Navarrako RENFEko geltokira. Hamabi urte bete berriak nituen eta ez nuen pentsatzen hiru ikasturte igaro ondoren, hemendik hartuko nuela etxerako itzulia, inoiz gehiago ez itzultzeko, zeren eta injustuki, pentsatzen nuen, expul-satua, bidalia izan bainintzen kolegiotik, eta apaiz izateko gogoa, misioetara joateko gogoa bainuen oraindik. Dena den, azkoitiar fraide zakar, buruhandi eta latina irakasten zigunak esan zidan, hartua nuen bideari jarraikitzen banion, fedea galduko nuela eta horregatik erabaki zutela ni etxera bidaltzea. Ikaskideentzat etsenplu txarra izango nintzen nonbait. Asmatu zuten, alajaina! Baina ez ditzagun kontuak arinegi aurkez.

Hautsez eta buztinez beteriko bidea egindakoan, bakoitza bere maletarekin, iritsi ginen eliza-dorre luze eta garai baten ondoan zegoen komentu eta kolegiora. Adreiluzko horma zahar haiek aski beldurgarriak zitezkeen baina gu pozik gindoazen kurtsoko kideekin.

Errepasa dezadan egun arrunt bateko programa. Goizeko sei eta erdietan esnatzen ginen tinbre zatar baten zarataz, aita Heliodoro pasatzen zelarik lo leku amankomun hartatik. Ehun eta hamazazpiren bat gela izango ziren bi metro gora zuen tabike zuri eta gortina batez soilik bereziak, burdinazko ohe xume bat eta takila bat. Besterik ez. Egin behar genuen lehen gauza zen gortina korritu eta, galtzak jantzita, aurpegia garbitzera joan ahalik eta arinen. Bata jantzirik genuela igotzen ginen kapillara eta han lehen errezoak egiten hasten ginen. Gero meditazioa zetorren, meza aurretik. Hura bukatutakoan, gela behar bezala uztera jaisten ginen, alegia ohea egitera eta ilaran ezartzen gintuzten gosaltzera joateko unean.

Errefektorioan, jantokian alegia, katilu handi bat esne edaten genuen ogi puska batekin zopak eginik. Dena isil-isilik. Norbait komuneko bidea hartzeko larrialdian bazegoen, baimena lortzeko aski zuen esku bat altxa eta besteaz sabel gaina seinalatzea. Zortzi eta erdiak inguruan, estudio gelan egoten ginen jada kokatuak. Eta bederatziak iristean ikasle kurtso bakoitza hantxe zihoan, ilaran eta isilik, zegokion gelara. Lehen gaia latina zen. Lehen urtean Zesarren De Bello Gallicorekin hasi ginen. Geroago etorriko ziren Zizeron, Horazio, Salustio, Virgilio, eta beste zenbait. Bidelagun Ignazio Errandonea, Beran jaio eta Donostian 1970ean hil zen jesuita klasizista ospetsua bilakatu zenaren Gramática Latina (1917) izan genuen. Honek, Oxfordeko Unibertsitatean ikasi ondoren, 1923an bere tesia Sofoklesen koruei buruz idatzia zuen, eta Donostiako EUTGren sortzaileetarikoa ere izan zen. Eskura izaten genuen eta oso maiz erabiltzen genuen Raimundo de Miguel y Navasen Nuevo diccionario latino-español etimológicoa, noski. Halaber, Jaime Berenguerren Gramática Griega liburua, non gizonezkoen eskultura biluzi guztiak tinta urdinez tapatuak baitzeuden trinidadeaz jabetu ez gintezen, eta non ikasten genituen grezierako deklinabide eta aditzak ere.

Latinaz, grezieraz, eta ingeles apur batez aparte, batez ere Luis Alonso Schökel (Madrid, 1920) jesuitak idatzitako La formación del estilo liburua zerabilen beste irakasle batek. Jakina den bezala, liburu honek arrakasta handia izan zuen, 1947an lehen aldiz argitaratu zenez geroztik, eta idazten ikas genezan erabiltzen zuen gure literatura-irakasleak eta bertatik zenbait zati luze irakurtzen zituen: Unamuno, Azorín, Foxá, Machado anaiak, Baroja, Buzzati eta besterenak.

Klase bakoitzaren aurretik, ia ordu bateko prestakuntza izaten genuen gehienetan, eta ez zen metodo txarra. Gertatzen zen batzuetan, leihoa gertu bainuen, enaren etengabeko jirabira arin zuri moreei begira egoten nintzela, eta aldameneko ikaskidearekin berriketara jotzean, puntuak galtzea eta, galdutako puntuak pilatzean, zinema-ikuskizunik gabe gelditzea. Hala, noizbait horrela gelditu izan ginen, sin cine, eta besteak aretoan zeuden bitartean, guk estudioan egon behar izaten genuen zigortuta, baina han egon ordez, atzeko partetik alderantziz ikusten genuen botatzen zuten filma, zinema-aretoaren pantailaren atzeko aldean zegoen gelatxo ezkututik.

Musika-klasea eta kanta-entseguak ere oso garrantzitsuak ziren gure formakuntzan. Pentagramako notak irakurtzen eta kantatzen ikasi genuen eta elizkizunetarako koru ederra osatzen genuen. Tiple-tinbre dotorea omen nuen, gero ahots-aldaketarekin tenorra bilakatuko zena. Baziren saskibaloi-pistaren ondoko geletan piano batzuk, eta hantxe hasi ziren ikasten Txoperena bezalako mutil argiak. Hau ilaran zihoala edota estudioan zegoela edo beste edozein lekutan, bere behatzekin goiti eta beheiti ibiltzen zen, memoria izugarri ona zuelarik. Niri ordea, ez dakit zein arrazoi zela medio, ez zidaten pianoa ikasteko biderik eman, eta arantza hori beti izan dut barrenean sartua, inbidiak jaten nauela Patxi Intxaurrandietak, Jan Battit Orpustanek edota Mikel Arregik hain ongi nola jotzen duten entzutean.

Eguberriak iristen zirelarik, kolegioan bertan geratzen ginen eta, klaserik ez zegoenez, abestiak eta teatro-piezak prestatzen genituen, lehenik geuk gure rolaren testua koaderno batean kopiatu ondoren. Arretaz egiten genuen, gainera, ahalik eta kaligrafia hoberenaz. 1959-1960ko Eguberrietan, Muñoz Secaren Los Chatos, frai Mauroren zuzendaritzapean prestatu genuen, eta fotografia zahar batean honako aktoreok ageri gara: zutik, ezkerretik eskuinera: Amundarain, Irazabal, Bonilla, Garzaron, López (?), Madariaga, Iturraran, Saez, Zabaleta, Trokoniz eta ni; behean, ezkerretik eskuinera: Perez, Borda, Arrizabalaga, Bilbao, Etxebarria, XX, eta Pérez II. Fotografia Juan Mari Arrizabalagari zor diot.

Villafranca-Alesbes. 1959-ko eguberrietan Muñoz Secaren Los Chatos, Fraidekume Teatrogileak. Erdiko lerroan, eskuinean neu.

 

Amundarain ez zen pilotari txarra; Altzo aldekoa zela uste dut. Bonillari Pasar yo vi la alegre primavera... kantatzea gustatzen zitzaion erruz, eta bere herriko –errioxarra zela uste dut– elizako koruan ere behin kantatu zuela, halaxe kontatu zigun oporraldi batzuen bueltan. Madariaga, oso pianista ona zen eta, Arrizabalagak esan zidanez, Picasso ez zitzaion gustatzen komunista zelako. Saez, gu baino urte batzuk zaharragoa, betaurreko lodidun donostiarra zen, bokazio berantiarra esaten zena. Zabaleta mutil azkarra eta futbolari abila, uste dut azkoitiarra zela eta gerora mediku-ikasketak egina. Trokoniz, ikasgai gehienetan aski eskas zena, Kimikan izan ezik. Borda, Vienako Unibertsitatean irakasle izandakoa. Beheko aldean eskuinean, Perez, estudio-aretoan nire aldameneko pupitrean suertatu zitzaidana, mutiko fin eta delikatua. Erdialdean, Bilbao, ilaran gindoazela beti hiztegia eskuan zuela irakurriz zihoana, hitz guztien esanahia memorian sartu asmoz eta gogoz.

Urte batetik bestera, Unibertsitatean ikasitako aita bat –ez naiz oroitzen orain izenaz– etorri zitzaigun Iruñetik Literatura irakastera; horrekin iraultza handia gertatu zen. Muñoz Secaren Los Chatosen ordez, Graham Greeneren El León dormido antzerkia irakurri baikenuen ikusleria isil baten aitzinean. Bera mintzatu zitzaigun Valmikiz eta autore modernoez lehen aldiz.

Urteak pasa eta Madrilen lortu dudanean La Celestina teatro gaietako liburu dendan, Biblioteca Teatral, Revista de Obras Teatrales delakoan, hiru ekitalditan partiturik Pedro Muñoz Seca eta Pedro Pérez Fernándezek idatzitako Los Chatos, zeina 1924an Madrilen estreinaldiz eman baitzen Teatro del Centro delakoan, eta irakurtzen dudalarik pertsonaien zerrenda eta haien hizkera, dudak sartzen zaizkit. Nork egingo zuen Miss Brighten rola edo Suspiritosena, zeinak Irene Gutiérrez Cabak eta Julita Gutiérrez Cabak antzeztu ohi izan zituzten. Garbi dago, moldaketa huraxe zentsuratua zela, eta gure elkarrizketa haiek laburtuak. Lezoko semea Sevillako doinuz hitz egiten saiatuz. Alajaina! Baina nazional-katolizismoa gailen zegoen urte haietan, modan zegoen 1936ko azaroaren 28an Paracuellos del Jaraman gorriek fusilatu zuten bibote luzedun hura. La venganza de Don Mendo eta Alfonso Pasok zinemara pasatutako Los extremeños se tocan, izan ziren bere obra oparoaren beste titulu batzuk. Momentu tragikoetan astrakanadak, jostirudi irrigarriak, maiz jokatu ohi dira arrakasta handiz.

Adibidez, Jarrai, Donostiako antzeztalde abangoardistak 1962an Joseph Priestleyren An Inspector calls –Ertzaiña etxean– Julian Lekuonaren itzulpenean, azaroaren 15ean Etxarri Aranatzen antzeztu zuenak, 1960an Muñoz Secaren La cartera del muerto –Nor da erruduna– plazaratu zuen. Bidenabar esan dezadan, Mikel Azpiazuk idatzi Actividad Teatral Donostiarra (1950-1975) liburu informazioz beteak Nor da erru-duna obran parte hartu zutenen fotografia dakarrela, hala nola Ertzaiña Etxean antzerkiarena, honen azpian hau dagoelarik idatzita: Escena de “Ertzaina etxean”. En primer plano, Eustakio Sukunza, detrás J.A. Aro-zena y M. Mugica. Alabaina, nire begiek ez banaute engainatzen eta okerrera eramaten, esango nuke eserita eta zigarroa erretzen, pentsakor dagoen aktorea ez dela Eustakio Sukunza, baizik eta esku programan ageri den bezala, Eric gisa jokatzen duen Ramon Saizarbitoria.

Graham Greeneren El león dormido, José Luis Alonsoren bertsioa eta Manuel Benítez Sánchez-Cortésen zuzendaritzapean Teatro-Club Recoletosen estreinatu zen Madrilen 1957ko urriaren 16an, eta guk Teatro Irakurria gisa, hots, lejiteatro moduan kolegioan 60an edo 61ean. Gogoan dut Dr. Kautzerren papera suertatu zitzaidala. Hona nola joanen zen irakurketa Mary eta Krautzer Doktorearen artean obraren amaian, euskarara gaztelaniatik itzultzen dudalarik:

MARY. −Ez; baina oso gertu nago. (Argia itzaltzen du eta atera-tzera doa). Ez du sentitzen batzuetan, Krautzer doktorea, gauza batzuk deusezteko, ezabatzeko, suntsitzeko gogorik?

KRAUTZER doktorea. −Ez, nik nahiago dut gaur gauza bat pentsatu, eta bihar bestea... Aukera guztiak desegiten baditugu, zailagoa da heriotzako orduan mamurik inguruan edukitzea.

MARY. −Nik uste nuen berorrek egia bilatu nahi zuela, egia maite zuela.

KRAUTZER doktorea. −Ez. Soilik, egia erlatiboa. Hau baita bizitza jasangarriago egiteko modu bakarra. (Leihora hurbildu da). Begira. Giltza bat. Hementxe, lurrean. Norbaiti erori zaio. Oh! Esaten genuena entzuten egon da norbait... 

Oroitzen naiz oraindik nola esaten zigun edozein libururen gainean lan bat egiteko hiru gauza behar zirela. Lehena, liburua osorik irakurri, oharrak hartuz; bigarrena, besteek ziotena irakurri eta norbere oharrekin konparatu; eta azkena, ondorioz, modu argi eta zuzenean idatzi komentarioa. Ez zebilen batere erraturik gure literatur irakasle gaztea.

Batzuetan errefektorio-lanak ere egin behar izaten genituen. Eta denen platerak eta ontziak jaso ondoren, eltze batzuk urez bete, ongi berotu eta hantxe egoten ginen plateretan itsatsitako gantzak ezin kendurik, 1960ko otsailaren 9an karmelita misiolari lekaimeak sukaldeaz, arropaz eta sakristiaz kargu egin ziren arte.

Heziketa espartarra izan genuen. Bardeetan −Las Bardenas deitzen genituen− barrena ibilaldiak egiten genituenean, batzuetan bost ordu eman genitzakeen ia gelditu gabe eta, neguan, Moncayoko ziertzoak, hots, haize hotzak jotzen zuelarik eta guk soinean bata gris fin bat besterik ez jantzirik, eskerrak abiadura bizian genbiltzala, bestela hotzez akabatzeko arriskua ere izango genuen-eta. Urrunean ikusten genituen zezenak lasai-lasai beren bazkalekuetan, eta ardi galdu edo abere hilen baten bila miruak, gabiroiak, putreak... Beste egun batzuetan Milagroko zubiraino joaten ginen, eta hantxe saiatzen ginen ea harri jaurtiketetan nork lortu xaplada gehien Arga ibaiarekin elkartu ondoren aski lodi zetorren Aragoi ibaiaren ur azalean.

Futbol ekipoan, zutik eskuinean lehena ni.

 

Garai haietako fotografia batean, futbol ekipo nagusia ageri da. 1961ean gaude jadanik. Zutik, ezkerretik eskuinera: Aita Ramiro, Garrido, Paternain, Bonilla, XX, eta ni. Behean: XX, Larrañaga, XX, Compes, Zabaleta, XX. Hoberena eta abilena erregatean Compes alesbestarra zen, esan bezala. Garrido ere Villafranca de Navarrakoa zen, Goitia apaiz frantziskotarra osaba omen zuen. Defentsa, Paternainek, Bonillak eta neuk osatzen genuen, eta kontrarioen erasoak gelditzen saiatzen ginen, hala nola gure aurrelari abilei pase luzeak ematen. Aita Ramiro ere saiatzen zen batzuetan gurekin jolasten, abitua altxaturik galtza luze batzuk ageri zitzaizkiola zango finen gainean, jokaldi mareagarri eta driblinak egiten entseiatzen zen aurreko aldean, baina bere joko propioan nahasten zen maiz. Ekipoan bost nafar, lau gipuzkoar, errioxar bat eta santandertar bat geunden. Klaseko futbol ekipoko partaide izatea ez zen batere txantxa, ohoretzat geneukan (nik bederen).

Halabertsu, denborarekin palista on samarra bilakatu bide nintzen eta nire adiskide Txoperena igantziarrarekin, gero esku hutsez afizionatu mailan Espainiako txapeldun izango zenarekin, jai batean jokatu izan genuen irakasleen kontra, eta irabazi. Oso gustuko nuen ikustea nola jokatzen zuten irakasle batzuk, etxeko diru-laguntzaile, benefaktorea zen Glaría aitarekin.

Glariatar hauek ere oso futbolista onak gertatu bide ziren, lehen dibisioan jokatu baitzuten, eta bazuten zinema-areto bat herrian, bertan doan fraidekumeok ikusi ahal izan genituelarik erabat txundituta utzi gintuzten filmak: Luis Lucíaren Molokai, la isla maldita (1959), Javier Escrivák egiten zuelarik San Damianen rola, eta Diálogo de Carmelitas (1960), besteen artean. Jakina den bezala, Philippe Agostini eta Raymond Leopold Bruckberger zuzendariek Frantses Iraultzaren garaian kokatu filmak beti miretsi izan dudan Jeanne Moreau eta Alida Valli zituen protagonista.

Beste fotografia zahar batean, Borda eta biok adiskide on bezala ageri gara. Ni baino ikasturte bat zaharragoa zen Borda. Bapoa, azkarra eta ona. Balirudike bere beso maitekorraren gerizpean zaintzen nauela-edo. Ni txapelarekin eta ohiko abarkekin nago. Artilezko galtzerdiek, izeba Mariak eginek, defentsa bezala ere balio zuten futbolean jolasten genuenean. Urrutian ikusten den makaldia benetan ederra zen. Askotan handik barrena bakar-bakarrik abiatu izan nintzen ahots goran errezitatuz ikasten genituen poemak, bai gaztelaniazkoak bai latinezkoak. Harantzago Aragoi ibaia zegoen eta, haren beste aldean, Milagro herria. Aragoi ibaia Argarekin biltzen zen historia tragikoa duen Peñalén mendixkaren oinetan. Goiti beheiti bota omen zuen bere anaiak Santxo III.a, geroztik Peñaléngoa deitua. Oso historia aipatua zen hura.

Izan nuen, ordea, osasun arazo ttiki bat, aski kronikoa izan dudana, alegia, belarri batean halako burrunba hotsa. Erabaki zuten, bada, Tuterara joan behar nuela otorrinolaringologoarengana, edo laburrago beren burua errepublika garaian iragartzen zuten bezala, Begi-Belarri-Eztarri medikuarengana. Aita Liberatok autobuserako sos batzuk eman zizkidan eta hantxe joan nintzen bakar-bakarrik. Oroitzen naiz oraindik zenbat gustatu zitzaidan katedraleko ataria, harri landuzko irudiekin, eta, hotz izugarria egiten zuenez, autobusa hartu bitartean liburu-denda batera sartu nintzela eta, ongi arakatu eta begiratu ondoren, Austral bildumako Pedro Salinasen La voz a ti debida poesia liburua, urtetan neure adiskide on-ona bilakatu zena, hamazazpi pezetaren truke erosi nuela.

Latina eta greziera, eta batez ere gaztelania, aski ikasi genuen arren, Alesbesen igarotako hiru ikasturteetan, aita Heliodorori esker, gure euskara ez nuen galdu erabat, Xabiertxo liburutto ederraren ale batzuk banatu baitzizkigun eta bertatik hasi baikinen Ikusten dezu goizean (gipuzkeratua) bezalako kantak buruz ikasten, eta bertako marrazki ederrak, Txikiren edergarriak dastatzen. Gramatika apur bat ere ikasi genuen aita José de Zabala-Arana klaretarrak idatzitako Gramática Vasca gipuzkoera, liburuarekin. Honelaxe bukatzen zen hitzaurrea: No quiero poner punto final sin antes rogarte encarecidamente, que no cejes en tu noble empeño hasta conseguir que puedas decir con verdad y la frente bien alta: Euzkeldu-na naiz. Hantxe irakurri nituen lehen aldiz Iztia (Vocabulario), bazirela flexiones objetivo-receptivas, flexiones con dativo eta conjugación sintética intransitiva delakoak. Hantxe irakurri nuen orobat, bazirela notin-izenak, besteren artean nirea lehen aldiz, alegia, Patirki. Dena den, Mitxelena maisuak zioen bezala, metodo eskasenetik ere ikas daiteke beti zerbait. Eta ez dira ikasi beharrezkoak aditzari bagagozkio, logikoki eta matematikoki sor litezkeen aldaera guztiak, milaka bagenituela frogatu nahi izan zuen bezala Ignazio Maria Etxaide ingeniariak, Jon Etxaide eleberrigilearen aitak, 1952tik 1962ra Euskaltzaindiko zuzendari, eta telefonia-kontutan aditua zenak El verbo vascongado (1923) titulupean.

Borda ikaskidearekin Aragoe ibaia ondoko makaldi artean.