HAMAIKA aldiz gogoan eduki izan dut zergatik bota ote ninduten kolegiotik, eta duela gutxi adiskide karmeldar bati galdetu ondoren ere, ez nuen gauza argirik atera. Ez nintzen ez bihurriena, ez gaiztoena ez eta tontoena ere. Hala ere nire merituak banituen eginak, antza. Bat: Física cuántica eta Einsteinen erlatibitateari buruzko liburu bat eraman izana, eta modu sokratikoan Ensayo sobre el universo delako bat idazten hasia saio-lagun Enciclopedia Herder nuela. Bi: nire adiskide Txoperena abenturetako nobelatxo bat Brasilen kokatua idazten ari zen bezala, nik beste bati heldu niola eta Un vecino comunista izendatu. Hala bada, oroitzen naiz Aragoi ibairako ibilaldi batean, Erriberako ur arrez erdi betetako kanaltxoen ondotik doazen lur hautsez bete eta lohitsuetan, inguratu zitzaidala Begoñan Teologia ikasten ari zen gazte argal eta garai bat, eta hitz egiten hasi ginela. Ikasle ona izanez gero, burutsuenak Erromara joateko aukera izaten zutela eta beste. Nik, ordea, garai hartan misioetan besterik ez nuen pentsatzen. Kolonbian karmeldarrek zituzten misioei buruzko liburuak irakurtzen baikenituen errefektorioko pulpitura igota maiz samar.
Dena den, 1962ko udan etxean nintzen berriro. Anaia Joxeba Alicanteko itsaso mailatik 34,5 metro gora den Lezo-Errenteria geltokira bila joan zitzaidan, eta berehala uxatu zituen nire beldur eta kezka guztiak. Ez zituen, antza, batere gogoko fraideak, komentuak eta horrelakoak, eta ni etxean esku-zabalik errezibitu ninduten familiako denek, seme hondatzailearen antzera, amets gaizto guztiak desagerraraziz.
Aldaketa garaia zen eta aitak eskaturik, 1962ko abuztuaren 17an makinaz jotako gutuna zuzendu nion Udaletxeari herriko arrantzaleen izenean, eskatuz bidera zezan zegokion erreklamazioa Portuko Aginteari, Junta de Obras del Puerto de Pasajes delakoari, moilak egin zirenean betiko arranpa edo behar bezalako eskailera batzuk egin zitzaten, zeren eta aipatu industriak egindakoan desagertzen ari baitziren beren antzinako moilak.
Nola esku erdi hutsik bidali ninduten Alesbesetik, batxiler elementala ateratzeko errebalida azterketa egitea izan nuen lehen betebeharra. Bakar-bakarrik Donostiara joan, han Bilborako trena hartu eta hantxe joan nintzen karmeldarren Begoñako komentura agiri bila. Berehala ohartu ziren nire kasuaz, eta egin zidaten agiri bat, esanez nota on batekin burutuak nituela Los cinco años de Estudios Latinos. Haien konbalidazioa egin, klase batzuk prestatu Lezoko maisu zen Don Joaquínekin eta oroitzen naiz nola gainditu nuen etsamina notable batekin. Bachiller elemental zeritzan titulua bederen lortua nuen. Baneukan, beraz, estudiatzen aurrera jotzeko aukera. Egun batez, ama gelditua zen elkarrizketa bat egiteko Errenteriako banku bateko zuzendariarekin han botones lanean hasteko, baina bidean esan nion, ama, nik estudiatzen segitu nahi dut, eta hain zen erabaki sendoa nirea non ez baitzitzaion bueltatzea beste erremediorik gelditu.
Libro de Calificación Escolar delakoan ageri diren sinadurak gero urteetara lankide izango nituen Juan Amorós zuzendariaren eta Santiago García idazkariarenak dira. Hasi nintzen, bada, goiz eta arratsaldez Donostiako Urbieta kalean zegoen Academia de Estudios Generales delakoan Joxan, ez dut gogoan abizena, irakaslearekin prestatzen; hurrengo ikasketak-eta libre moduan gainditu nituen 5.a, 6.a eta errebalida, alegia, Bachiller superior deitzen zena 1962-63 ikasturtean.
Gogoan dut oraindik fraidetegitik salbatu ahal izan nituen idatzi eta liburu bakanetarikoak izan zirela koaderno bat Composición Castellana deitua, eta Tuteran erositako Pedro Salinasen La voz a ti debida. Hurrengo urtean saiatu nintzen makinaz jotzen konposizio labur haiek, geroago Akademiara joaten zen J. M. López adiskideari utzi nizkiolarik irakurtzeko. Hark ohar batean honela definitzen zituen: Patricio, es para mí la cámara fotográfica capaz de darnos todo el contenido poético de un estado de espíritu. Testuak laburrak dira eta tituluak hauexek: Pesca al amanecer, El Aseo, Tarde de otoño, La Nube, Día de Difuntos, La Plaza, La Lagartija, El campanario, La Hoguera, El Pupitre de mi clase, El Buey, El Pozo... Adibidez, hona pupitreaz idatzita utzi nuena:
Calla, compañero inseparable. Tu silencio me saluda en mi imaginación errante por el infinito. Fibras de ondas caprichosas reflejadas en un mar de cera, tatuado de tinta, salpicado de poros crueles incrustados de polvo. Piel de ligero amarillo, rasgada, en lecho de lápices, confundida en aire gris ANDRÉS. Hincados en tí los codos, abatido, te confío mis penas y tú... sonríes. Siempre compartes alegrías y dolores resignado. Me contemplas y el silencio reina a gritos. Y el tintero sumergido en Watermans hablándome en la soledad.
Bai, gure irakurgai nagusietakoa, klaseetan erabiltzen genuen Preceptiva Literariaz aparte, Juan Ramón Jiménez izan zen, eta haren Pastorales, Piedra y cielo, Platero y yo, Diario de un poeta recién casado... oso emozio handiz irakurri nituen. Noski, ohiko eta nahitaezko Nacar y Colungaren Bibliaz at.
Garai hartako egun arrunt baten gorabeherak hauexek ziren: goizean goiz jaiki; seiak inguruan, anaiari lagundu gauez aitak eta beste anaiek egindako arrantza saltzen Pasai San Pedroko arrain-merkatuan; gero etxera itzuli autobusean erdi lotan portuko argi distizarien lilurapean; gosaldu eta liburuak hartuta korrika tren geltokira. Oroitzen naiz nola korrika egiten genuen zubian Irun aldetik trena bazetorkigula ikusitakoan. Bederatzietatik ordu batera klaseak Akademian. Ordu bat eta erdian berriz trena hartu eta etxera. Geltokian, sosen bat gelditzen bazitzaidan, liburu merkeren bat erosten nuen. Bazkalondoan arratsaldeko ariketak; batik bat matematikakoak prestatzen nituen, eta haiek bukatutakoan beste gaiei heltzen. Trenaren ordez seietan Errenterian Topoa hartzen nuen eta han Akademiara zihoazen Bravo izeneko bat eta beste batzuekin elkartzen nintzen. Goizeko klaseak bosgarren kurtsokoak ziren, arratsaldekoak seigarrenekoak eta bederatzietan bukatzen zen. Topoa berriro hartu, gaur egun Ertzaintzaren egoitza dagoen lekua baino pixka bat lehentxeago eta han joaten ginen berriro etxe aldera. Amarako paraje guztia, baserri bat kenduta, ia ihitza eta lintzura besterik ez zen. Ez dut gogoratzen inolako neke-sentsaziorik.
Banuen astia eta afizioa idazteko ere. Beraz, Un Iluso tituluko ipuina idatzi nuen, eta Errenteriako Santa Maria Magdalena sarira aurkeztu. Epaimahaiak lehen eta hirugarren sariak Santiago Aizarnari eman zizkion eta niri bigarrena suertatu zitzaidan. Gogoan dut sari gisa tomo lodi bat eman zidatela. Vicente Blasco Ibañezen nobelak. Dena den, kalean topatu nuenean Jose Manuel Toledo lezoarrak, ordurako ZERUKO ARGIAn idazten zuenak, esan zidan ea zergatik ez nintzen hasten euskaraz idazten, banekienez gero, eta hura ziri baten modukoa izan zen berariazko jaidurari heltzeko. Aholku eskergarria.
Joxeba anaia ikastaroren bat egiten ari zen sortu berria zen eta Nafarroako ibilbidean zegoen EUTGn, eta lortu zuen aita Elespe jesuitaren bitartez beka bat eman ziezadaten. Hau, geroago hemerotekan irakurri izan dudanez, Acción Social zeritzan mugimenduan sarturik zebilen. Urtea amaitutakoan Valladolidera joan ginen Preuniversitario zeritzanaren heldutasun-probak egitera, proba arruntaren kalifikazioa irailaren 26an, eta espezifikoarena urriaren 2an. Gainditu nuen bada aro hura, eta Unibertsitatean sartzeko prest eta gertu nintzen. Baina mintza nadin zertxobait ikasturte hartaz, alegia, 1964ko promozioaz.
Berrogeita hamar urte pasatu direlarik, aurten bildu gara mende erdia igaro ondoren, bizirik gaudela ospatzeko eta garaiko kontakizunak elkarri oroitarazteko. Han bildu ginen El Príncipe del Colegio izana zen Juan José Solozabal, gaur egun Cuadernos de Alzate, Revista vasca de la cultura y las ideas deritzan errebistako zuzendaria dena, eta garai hartan El Diario Vasco egunkarian errege berriaren apologia idatzi zuena; Andrés de Blas, Ramon Urkizu kirurgialariak behin esan arren, es de la bodeguilla del Felipe, UNEDen urte batzuk geroago lankide eta Londresen azterketetan elkarrekin egonen ginelarik, aski gizon jakintsu, interesgarri eta errespetagarria iruditu zitzaidan, El Paíseko bere artikuluekin ados ez egon arren; Andoni Sagarna, Klaudio Harluxet Fundazioak 1995ean argitaratu zuen Euskal Hiztegi Entziklopedikoa liburu mardularen arduradun nagusia, eta egun Euskaltzaindiaren Hiztegiaren zuzendaria. Oroitzen naiz nola Andonik aipatu zidan eta nik lehen aldiz entzun, bazela jesuita bat Antonio Zavala izenekoa herriz herri eta baserriz baserri zebilena bertsoak biltzen eta Auspoa bilduma sortu zuena. Lehen liburutxoak Ramon Artolaren Sagardoaren graziya eta beste bertso asko titulua zuela eta Zarauzko Itxaropena argitaletxean plazaratu zela 1961ean. Sansinenea, beti apal eta lagun on; Otegi, Lezon osabak zituena, gazte argi eta bikaina. Oñatibia errenteriarra, mediku eginen zena, eta beste. A, bai, eta nola ahaztu kurtso bat beherago zegoena, eskubaloiz eta gero futbolean lehen mailan jokatuko zuen Boronat, burdinazko gizona. Beste anitz ere banituzke aipatzeko baina barka nazate ez badut hemen lekurik hartzen...
Kolegioak eskolaz kanpo antolatzen zuen ekitaldirik niretzat garrantzitsuena eta gustukoena Zinekluba izaten zen. San José de la Montaña kalera ematen zuen egoitzaren zinema-aretoan ikusi ahal izan genituen Alfred Hitchcocken Pero quién mató a Harry (1955), Shirley MacLaine aurpegia orinez bete anddere xarmangarria protagonistetarik bat zuena, Erdi Aroan eta izurrite beltzaren garaian kokatu Ingmar Bergmanen El Séptimo sello, edota Kafkaren eleberrian oinarritu eta Orson Wellsek filmatu El proceso (1962), Anthony Perkins eta Jeanne Moreau zituelarik, bere buruaz aparte, antzezle nagusi. Eta ondorengo elkarrizketa, komentario eta eztabaida interesgarriak. Film Ideal errebista irakurtzen genuen garaiak ziren.
Jesuiten Kolegioko ikaskideekin bizitako beste esperientzia Viaje Fin de Estudios deitzen zena izan zen. Ni saiatu nintzen nire fotografia-makina berriaz zenbait irudi jasotzen, baina antza denez ez nintzen horretan oso iaioa. Joan ginen bada autobusez, kantu kantari, El Valle de los Caídos deitu lekua bisitatzera, Francok gorrien odol eta izerdiarekin eraiki zuen munstro arkitektonikoa ikustera. Eliza barrenean, itzalean zegoen nire aitak hainbeste estimatzen zuen Kristo gurutziltzatuaren taila, Julio Beobide zumaiarrak moldatua. Ondoren, El Escorial ere ikusi genuen eta Felipe II.aren tronua, zeinaren azpian ikus zitekeen erregearen pixa-kakak biltzeko ontzia. Madrid, Zaragozako Pilarica, Bartzelonako Barrio Chinoa eta El Pueblo Español, eta azkenean Andorra, non gelditzen zitzaizkidan sosekin esku irratirik merkeena erosi bainuen. Etxetik urrun egin lehen bidaiaren esperientziari, mende erdiko distantziaren ikuspegiaz begiraturik, benetan eskas, triste eta ezdeusa deritzot. Jesuitekin hitz egitean nire iritzia eskatu zidaten, zeren eta beste luma batzuek, gaztelaniazkoak, noski, bidaiaren egunerokoa idatzi zuten, nire oso gogoko izan ez ziren arinkeriak, hain zuzen.
Ikasturte horretan hasi nintzen nazionalismoaz ere lehen gauzak irakurtzen. Bazen dotrina antzeko liburuxka bat, eskuz esku zebilena, Martin Zubeldia Inda “Gumersindo de Estella” kaputxinoak idatzitakoa, Historia del País Vasco, ez banaiz oker ari, eta Euskal Herriaren Historia galdera-erantzun gisa kontatzen zuena. Aski elementala iruditu zitzaidan, edo susmo horrekin geratu nintzen bederen. Hala bada, ausarta bainintzen, egun batean aita Arinen klasean inguruko ikaskideek zirikaturik galdetu nion, ¿Y usted, señor profesor, cómo definiría el concepto de Nación? Aldameneko begietan halako kidetasun bihurria nabaritu nuen, baina ez dakit oso ongi konprenitu ote genizkion eman zizkigun adierazpenak.
Garai hartarako hasia nintzen klase batzuk ematen, batik bat matematika eta euskara Colegio de Padres de Familia, Lezoko Guraso Elkarteen eskolan, zeinetan nire arrebaren etxean bizi zen Doroteo Esnaola apaiza baitzen zuzendaria eta alma mater. Doroteo, Lazkaon jaioa zen eta Cuban egondakoa Batista diktadorearen garaian. Gero, Fidelekin, uhartetik alde egin zuen eta Lezon hasi zen bizitzen. Predikari ona zen, liburutegi ederra zuen, batik bat, zegokion bezala, erlijio kontuez. Bazituen tartean Charles Möeller apaiz belgikarrak idatzitako Literatura del siglo XX y cristianismo obraren lehenengo lau tomoak. Lehenean, Albert Camus, André Gide, Aldous Huxley, Simone Weil, Graham Greene, Julien Green eta Georges Bernanos aurkezten eta ikertzen zituen.
Möellerren arabera, hala Camusek nola Gidek Jainkoaren isiltasunaren aurrean aro klasikoan gizon jatorrak hartzen zuen jokabidea hartzen dute. Gizonaren aurrerabidea, oztopo guztien gainetik diren bitartekoekin sostengatzea dela Gideren azken mezua; eta izurritearen aurka duintasunez borrokatzea, inolako esperantzarik ez eduki arren, Camusena. Graham Greene, Maurice Bernanos eta Julien Green idazleen mezuak hauexek dira. Lehenarena, itxaropena edukitzea, edozer gertatzen delarik ere. Bigarrenarena, alaitasunez eta askatasunez maitatzea, amodioaz besteak jabe daitezen. Eta hirugarrenarena, ezin ikus daitekeen horretan fidatzea. Makinaz jo nituen laburpen batzuk gaztelaniaz. Hala nola Julien Green, testigo de lo invisible, eta ondoren modu berean itzultzen dudan beste honako hau: Julien Green-ek fedearen bertute teologalaren lekukotasuna ematen du. Baina fede hori Jainkoaren karitatean amaitzen da, Jainkoaren gureganako maitasunean, karitate horrek sortu eta salbatu baikaitu. Hona kapitulu hau bukatzeko bi testu eder. Orain arte gorde ditut idatzi dituen ederrenak direlako. 1950eko apirila aldean ageri dira bere Egunkarian:
Gaur gauean alde egin beharko banu eta galdetuko balidate zer den mundu honetan gehien hunkitzen nauena, erantzungo nuke, Jainkoak gizonen bihotzetan egiten duen bisita dela. Dena galtzen da maitasunean, baina egia da eman dugun amodioaren neurriaren arabera epaituak izanen garela ere, zeina Jainkoa besterik ez den. Karitaterik ezari Gaizkia deituko bagenio, giza-soina madarikazio honekin zigortu ordez, kristautasun faltsua hondoratuko genuke, eta arima gehienei zeruko ateak irekiko litzaizkieke...
Bazuten irakurketa haiek akats nagusi bat, hau da, irakurri gabeko obren gainekoak zirela komentarioak, beraz, hutsune baten gainean zegoela eraikia okerra. Eta Antoñito Amiano, amianotarren arteko anaiarik zaharrenak irkaitzez esan zidanean, ezer konprenitzeko gauza al nintzen, nire urguilua zertxobait zauritua sentitu banuen ere, ez zitzaion arrazoirik falta.
Baditut bi fotografia, Lezoko kuadrilla bat, luistarrak taldeko neskak eta mutilak, Lourdesera joan ginenekoak. Lehenean, goian ezkerretik eskuinera: Martin Goia, Rikardo Salaberria, Kepa Pikabea, Patxi Larrea eta X. Fraile. Behean. Joxe Migel Amiano, ni eta Justino Sarasola. Bigarren fotografian: Zutik, ezkerretik eskuinera: Manoli Goia, Belen Bidegain, Rikardo Salaberriaren andregaia, Patxi Larrearen andregaia, X. Fraileren andregaia, Justino Sarasola eta ni. Behean: Martin Goia, Patxi Larrea, Kepa Pikabea eta Xabier Pikabea. 1964koak behar dute izan, seguruena.
Kontua da, esan bezala, 1964ko urrian Madrila joan nintzela, Pio XII.a Ikastetxe Nagusira, eta Escuela de Ingenieros Industriales deritzanean matrikulatu. Berriro etxetik kanpo nintzen, baina oraingoan jesuiten babes arinagoaren pean. Internetera joz gero, bada Pedro Barahonak egin akuarela eder bat non ikus dezakegun Colegio Mayor Pío XII, deitua. Hementxe bizi izan nuen 1964-65 ikasturtea jesuiten seigarren solairuan. Seguran jaioa zen Dionisio Aranzadi, geroago Deustuko Unibertsitateko errektore izango zenaren eta Lo social y yo obraren egilearen begirada zorrotzaren pean... Han ere parte hartu nuen teatro-irakurketan Jean Cocteau (1889-1963) letra-gizonaren itzulpen batean, berriro lejiteatro modalitatean, L'aigle à deux têtes, El águila de dos cabezas, hau da, Bi buruko arranoa zeritzanean.
Gide, Proust, Rilke, Stravinsky, Picasso eta beste hainbat artistaren adiskidea izan zen Cocteauk obra handia eta gorabeheratsua du. Ugaria bai pinturan, poesian, zineman eta teatroan. Bere antzerkiek mito klasikoak berritu zituzten (Orphée, Oedipe Roi, Antigone... ) eta drama erromantikoak idatzi zituen zenbaitetan antzokietako izarren luzimendurako. Tartean, La Belle et la Bête (1945) eta L'Aigle... (1948). Guk, beraz, Javier Olavidek 1950ean gaztelaniara itzuli eta Bartzelonako José Janés editorialeko testua irakurri genuen. Hona bukaera aldeko Stanislasen eta Erreginaren arteko elkarrizketa:
STANISLAS. – Arren, eten ezazue tortura!
ERREGINA. – Jainkoak ez ditu maite koldarrak. Zure eginbeharra zen kamaradak ez salatzea. Zugan fidaturik ziren. Zu zinen euren arma. Eta zuk ez diezu bakarrik traizioa egin, baizik eta areago, gartzelarazi egin dituzu. Zeren Foëhn mintzatu zait taldeaz. Ezagutzen zuen. Bibliotekan gorde zintudanean beldur nintzen seinaleez ez ote zinen ohartuko. Lelotzat hartu gaituzu. Nola eduki nezakeen konfiantzarik bereak salatzen zituen batengan. Zertan oinarritzen zinen pentsatzeko ni egiatia izan nintekeela, zeuk nire begien aurrean faltsu baten gisa jokatzen zenuelarik?
(Stanislas bizkarra emanez zegoen butakatik altxatzen da. Aurrez aurre ezezagun ageri da, bista galdua bezala, ilajea orraztu gabe... )
Egoitzaren beheko solairuan zinema-forumak. Federico Fellinik zuzendutako Le Notti di Cabiria (1957), Giulietta Masina aktore miresgarriarekin, ere ikusi genuen bertan. Hemen Arana iruindarra, Caballero gasteiztarra, San Sebastián bilbotarra, Xabier Galdos oñatiarra, eta beste zenbait ere ezagutu nituen. Andaluziarrak, katalanak, galegoak, orotarikoak... Bazen mendizale taldea ere, tartean bilbotar gazte bat, eskalatzaile amorratua eta burdina bezain gogorra. Esaten zidan nik adina euskara jakingo balu, berak ez baitzekien deus, itzulpenetara dedikatuko zela. Biologia ikasten zuen eta oso nota onak ateratzen zituen. Erakutsi zigun La Pedrizan sokaz eskalatzen, iltze salomonikak mailuz nola sartu harkaitz zirrikituetan. Nahiko igoera zail eta arriskutsuak egin genituela uste dut, baina leher eginda bukatzen genuen, agujetak aste osorako gelditzen zitzaizkigularik.
Aipatu Escuela Técnica de Ingenierios Industriales delakoan –hala zioen harriz zizelkaturiko domina klasiko baten gaineko iragarkiak–, igaro nuen unibertsitateko lehen ikasturtea. 1964-1965. Matemáticas, Física, Química, Dibujo... Bertako koruan parte hartu nuen eta Madrilen zehar abestu ondoren, ostatuetan barrena ibili. Eskolako kantaren estrofa nagusia oraindik ez dut ahantzirik. Hona hemen: Escuela, palenque honroso de ingenio e investigación, fragua, crisol, yunque, forja de armas contra el error. Eta beste. Benetakoa izan balitz errealitatea, hots, hitzek ziotena, ez zegokeen gaizki. Dena den ekainean bostehun ikasletik asignatura guztiak aprobatutakoak sei bakarrik zirenez, eta ni ez bainintzen tartean, etxera itzuli behar izan nuen, beka galdu ondoren.
Baina ikasturte lezioz betea izan zen hura. Euskal mezetara joaten hasi nintzen eta hantxe ezagutu nuen Madrilen desterratuta zegoen Manolo Odriozola, apaiz abertzale seinalatua. Hark animatu eta ez zekitenentzat euskara klase batzuk antolatzen nituen aldamenean zegoen Juan XXIII izeneko egoitzan. Oroitzen naiz, ongi gainera, nola 1965eko otsailaren 24an Pio XIIko ikaskide batzuekin lehenik Universidad Complutense-ko Filosofía y Letrasetako anfiteatrora joan eta han mitinlarien solasak entzun ondoren, eta oihu zenbait botatakoan, manifestazio isil batean parte hartu genuen. Korrika dexente egitea ere suertatu zitzaigun grisengandik ihesi, eta haien kamioiek jaurtikitzen zuten tinta likidoz ez bustitzearren. Protesta haien ondorioz, espedientatuak gertatu ziren, besteen artean, honako irakasleok: Jose Luis Aranguren, Alfredo Bayónen tesi-defentsan ezagutuko nuena, Agustín García Calvo adiskide bilakatu zitzaidana UNEDen lan egiten zuen bere musa Isabel Escudero bitarteko, eta Enrique Tierno Galván, Madrileko alkate izatera iritsi zena.
El juicio titulua daraman paper puska zahar bat aurkitu dut, non kontatzen dudan nola joan ginen Manolo Odriozolarekin hego-haize egun batez taxian Justizia Jauregira. Eta zuzenbidea eman genionean erantzun zigula, taxista lodi eta umoretsuak, Da lo mismo ir al Mercado de la Cebada, eta guk barrezka erantzun ondoren, Si todos los curas llevaran los treinta años que llevo yo pasados con la que es mi mujer, hasta el Papa se divorciaba. Legea itsu dela eta Dura Lex Sed Lex idatzita zeukan egoitzak aurreko aldean. Sartu ginen Audientzian, alegia, Auzitegi Nazionalean burdinazko ate batetik pasatu ondoren. Paco Iturrioz gero Patxi izango zenaren epaiketa zen. EGItik ETAra iragana zen 1959an eta 1963an atxilotua. Ohartu nintzen edo nire susmoa izan zen bederen, fiskala eta abokatuak –Mujika Herzog anaiak, Enrike eta Fernando ziren–, eztabaidan hasten zirenean, hauek presoaz ahanzten zirela eta legearen artikuluak goiti eta beheiti, ea nor gehiago luzitu zebiltzala, norgehiagoka dialektikoan. Politika bidean Enrike Justizia Ministro izatera iritsi zen eta Herriaren Defendatzailea 2000tik 2010 arte. Fernando, aldiz, zoritxarrekoa izan zen, ETAk akabatu baitzuen 1996an. Fatuen irkaitza. Defentsari izatetik defendituen sailekoek eraila izatera gertatzea. Beste batean ere errepikatu genuen auzitegiaren bisita, oraingoan apaiz bizkaitarrak zirelarik presoak.
Urte hartan Madrileko parte zaharrean, Puerta del Soletik Plaza Santa Anara doazen kaleetako tabernetan, Gernika izenekoan adibidez, makina bat aldiz ibili izan ginen euskaldunak eta makina bat bider kantatu izan genituen gaztelaniaz En el monte Gorbea... , Por el río Nervión pasaba un cerdo blanco... , Desde Santurce a Bilbao... , baina baita euskaraz ere Donostiako hiru damatxo... , Boga boga marinela... , Gu gera Euskadiko gaztedi berria... , eta Gernikako arbola... bukatzeko. Hura zen bai hura, euskal giroko errepublika ederra, erbestean herriminak eta euskaltzaletasunak bildua.
Ongi oroitu ez arren, Aste Santuko oporrak zirela eta, argi dut nola 1965eko Aberri Egunean Bergarara iristen saiatu ginen. Lezo, Errenteria eta Trintxerpen gelditu ondoren, jende gazte sutsuz bete zen autobusa. Abisua pasatua zen kontrolak zeudela karreteretan eta gure kontsigna zela Arantzazura gindoazela Ama Birjina bisitatzera. Halako bazter batean igo ziren txapelokerrak, beti bina, noski. Alegia, kasko hiruadarduna zeramatenak hura ez zela Arantzazura joateko bidea, eta desbideratu egin gintuzten. Bergaran, bide nagusitik sartzen uzten ez zutenez, mendiz abiatu ginen. Eguraldia nahiko euritsua zen. Parajeak zatarrak, pinuz beteak, baina bihotza bero eta kantak ahoan genituen. Bergarara jaisterik ez eta azkenean manifestazioa Eibarren egin genuen. Zerbait edan genuen taberna zuloren batean eta etxera misioa bete izanaren kontzientzia onarekin. Etxera, noski, anaia Joxebarekin batera iritsi nintzen, bera baitzen bide erakusle.
Itzuli nintzelarik Madriletik Donostiara, pentsatu nuen beste ahalegin bat egin behar nuela ingeniaritzan, eta Artzain Onaren ondoan zegoen OPUSeko egoitzan hasi nuen errepikapena. Goizero egun KM kulturunea dagoen lekura joaten nintzen matematika, fisika, kimika eta marrazkigintza ikastera. Baina letretan ere EUTGn matrikulatu nintzenez, arratsaldero beste mota bateko klaseetara joaten nintzen, neska multzo eder baten artera. Mutilak gutxi ginen: Henrike Knörr, Alvaro Moreno, Juan Carlos Jimenez de Aberasturi, Anton Mendizabal, Ramon Garmendia... Patxi Altunak latina, Manuel Agudek greziera, Jose Goenagak Filosofia, Milagros Bidegainek Europako Historia, Jose Solak Lengua y Literatura española... Nola Filosofía y Letras zeritzan karrerako lehen asignaturetara Zaragozako Unibertsitatean aurkeztu nintzen, eta aprobatu egin nituen –garai hartan EUTGk akademia partikular baten antzera funtzionatzen zuen–, ikusi nuen ingeniaritza ez zela nire bidea eta alde batera utzi nituen ia betiko loa galarazten eta amets gaiztoetan murgilarazten ninduten gai haiek. Bigarren urtean, Espainiako Historia Luis Murugarren “Kokotx”ek eman zigun modu aski entretenituan, eta Filosofia, garai hartan El Diario Vasco egunkariko orrialdeetan idazten zuen Alfredo Tamayok, hiru hilabete pasatu zituelarik gutxienez bere letra handi harekin arbelean Marxen obrari buruzko oharrak idazten, azkenean marxismoaz askorik jabetu ez ginen arren.
Idazteko afizioa, pozoia, sartua nuenez, oroitzen naiz orduan hasi nintzela nire lehen poemak taxutzen, euskaraz idazten. Egun batez Patxi Altunak bere bulegora deitu eta hantxe leitu zizkidan berak ere ia ezkutuan idazten zituenak. Bartzelonako estudianteak aipatzen zituen poema bat zen. Txukun idatzia zegoela ez dut inolako dudarik. EUTGko liburutegian ordu mordoxka pasatzen nituen klase ordua iristen zen arte. Han irakurri nituen batez ere teatrogile moderno zenbait: Ionesco, Camus, Sartre, Büchner... Buenos Aireseko Losada argitaletxeko bilduman.
Lezoko kuadrillako lagunekiko harremanak (amianotarrak, gurrutxagatarrak, zapiraindarrak... ) gutxiagotzen joan ziren eta Errenteriako Urdaburu mendi taldekoekin maizagotzen. Hala, ikusten dut baditudala bi fotografia zahar, non batean Errenteriako elizaren atarian Gabon Kanta txapelketa batean gauden eta bestean Hiru Erregeen Mahaian. Lehenean ageri gara Pitti Pikabea, Mikel Idiazabal, Jesus Mari Gurrutxaga, ni... Eta bigarrenean, besteak beste, Imanol Mitxelena, Zendoia, Joxe Iriarte “Bikila”, Itziar Idiazabal eta neroni, txapela buruan eta zahatoa eskuan.
Garai hartan Allerru eskubaloi taldean ere jokatzen nuen. Fotografia batean ageri gara beste zenbaiten artean: Jesusin Narbarte delegatua (garai batean herriko danborraria), Izulain, Julito atezaina, Etxaide tolosarra, Larrea errenteriarra, eta ni. Eta beste batean, zutik, ezkerretik hasita: Aitor Osa, Julito, Jenaro Kortajarena, ... eta azkena Juantxo Villarreal, Bidasoa taldearekin Europako txapeldun izatera iritsi zena. Behean, ezkerretik hasita: Etxaide bigarrena, ni, Larrea, Garro eta Berasarte. 1965-66ko denboraldia izango zen, gutxi gorabehera.
Mila bederatziehun eta hirurogeita seiko urtarrilaren hogeita hiruan (1966-I-23), nire oroitzapenak ondo baldin badaude, Victoria Eugeniako aretoan jaialdi bat ematen zuten, eta hantxe Lourdes Iriondok Martxa Luzeari buruzko Lin-Pan mendiko kontua (kantua ere badena), besteak beste, kantatu ondoren, On Nemesio agertu zitzaigun, sotana luze harekin, Baratzeko pikuak hiru txorten ditu, Kwai ibai gaineko zubia... kantari. Dudarik gabe, ahots izugarririk ez izan arren, grazia aparta zeukan apaiz moderno hark. Eta gertakizun horrek beretzat ere nahiko interesa izango zuen nonbait, honelaxe aipatzen baitio Andima Ibiñagabeitiari idatzitako gutun batean:
Ilbeltzaren 23an, Donostiako VICTORIA EUGENIA Antzokian, zoragarrizko jaialdia izan genduan. Gure gazteak esnatu dira, gu ez aiña, ta or atera zaizkigu, teatro betearen aurrean gaurko kanta berri ta ye-ye aldeak euskeraz jantzita ematen. Ba-zan antxe jendea ta txaloka beroa.
Beti bezela, izan da norbait orrelakorik euskeraz ez degula bear esan duana; baiña iñosokeri oietan astia alperrik galtzeko biderik ez degu. Aurrera joan beharko degu, gure izkuntza gaurko jolasetan sartzen. Gaztediaren sailetan, euskera entzun dedila, ta joan ditezela zakurraren zerera, euskeraz sermoiak bakarrik entzun nai dituztenak (1966-II-6).
Gutun horretan bertan beste komentarioen artean Txillardegiren liburu argitaratu berriari buruz iruzkin aski mingotsak zituen, bizitzaren laburra aipatzen, eta nola ez, fede kontuan sentitzen zituen krisiak. Gu garai hartako gazteok –hemeretzi urte nituen nik orduan–, esna geundela uste genuen, baita ere, eta gure argien eskasiak erakusten zigunaren arabera egin genuen gure bidea. Kanta izan zen, dudarik gabe, garai hartako kontzientzia suspertzaile, eragile eta biziarazlerik garrantzitsuenetakoa. Baziren urte batzuk Etxanizek berak Kanta-kantari (Aur-jolasak; Maite-kantak; Izadi-abestiak) liburua plazaratu zuenetik (1952). Urte horretan bertan moldiztegira emanak zituen bere bi antzerki, Izeko Aberatsa eta Irulearen negarra. Kontrazalean Manuel Lekuonaren gaztelaniazko hitz batzuk zekartzan, tartean honako hauek:
Un propósito de apostolado, es el que estos últimos años le decidió a lanzarse a la publicidad. Un propósito de moralización de la canción callejera. Tal es el propósito que anima su precioso tomito de poesía vasca que ha hecho popular el expresivo título de KANTA KANTARI. Canta cantando bella y graciosamente, desterrar la canción procaz que está a punto de desoxigenar el ambiente moral de nuestras poblaciones y aldeas.
Beraz, garbi dago apaiz haren helburua zein zen.
Lur berri bila argitaratu zuen 1966an. Titulu ederra, aski potoloa, non orotariko generoak aurki daitezkeen. Eleberri laburra, ipuinak, irratsaio-txangoak, irratirako ipuin antolatuak, irrati-antzerkiak, olerkiak eta kantak. Gazte abestien artean aurkitzen ziren jaialdi hartako zenbait: Kwai ibai gaineko zubia, film ospetsuaren moldaketa; Txa, txa, txa, gure neskatxa motxa; gaztelaniaz hainbestetan kantatua genuen eta euskaraz hobeto dagoen Maite, Eguzki eder, eta abar. Sarreran zioenez, Euskaldunok olerkietan beste erritakoen mailla ondu al izan degu. Baiña euskal antzerki ta nobela, oraindik idazle yayo baten zai daude; ta beste sail batzuetan ere, atzeratxo gaude, noski. Ez zitzaion batere arrazoirik falta.
Urte bat lehenago, 1965ean Santi Onaindiak antzeko bilduma argitaratua zuen Bilbon: Jolasketak. Genero eta idazle ezberdinak biltzen zituen, batik bat bizkaitarrak; bazen bestelakorik ere: Julene Azpeitia, Nemesio Etxaniz, Jon Oñatibia, Lezo´ko Joseba, Jon San Martin, Manuel Lekuona... Errenteriako kuadrillarekin tabernaz taberna ibiltzen ginen. Leku zarra, Juli, Maite, El Romeral, El Paraíso, El Sindicato eta bestetan basoerdika, politikaz mintzo eta kantari. Gogoan dut taldeak doinu ederra sortzen zuela eta batzuetan Pittik bere baxu ahotsarekin, eta beste batzuetan neuk tenor ahotsez, abesti ezagun zenbait kantatzen genituela: Agur, agur, agur, hilargira noa... , Gu gara Euskadiko gaztedi berria... , Goiko mendian elurra dago... , Zibilak esan naute... , Gazte gara gazte, eta ez gaude konforme... , Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni... , Loriak udan intza bezela, ... Aizak, hi, kalean beldurrez hoan hori... 67ko maiatzaren 7a, garai hartako kazetak begiratzen ari nintzela topatu dut eta oroitu naiz nola Arabako Kantabriako Mendikatean Federación Vasco-Navarra de Montaña zenak, zeinaren burua Pedrotxo Otegi sabel-handi errenteriarra zen, baina Espainiako Federazioak, Andesetara joandako mendizale euskaldunek bandera espainolaren ordez ikurrina altxatu zutelako kargutik berriki kendua, antolatu zuen akanpadan, bada, Canción Montañera delako Bigarren Txapelketa. Goñi musikariak prestatu gintuen Urdaburuko egoitzan Jaiki, jaiki, eta Binbilin-bonbolon... kantatzen. Taldea osatzen genuen Gurrutxaga, Bengoetxea, Pikabea, Mujika, Mendizabal, Arozena eta beste batzuek. Igo ginen Toloño gailurrera eta handik bueltan Tolosako eta Lizarrako eta beste zenbait abesbatzen artean garaile atera ginen, eta ni koru zuzendari. Ausarta nintzen, alajaina, nire ezjakintasunarekin zuzendari keinuak egiteko.
Bi egun geroago, Errenteriako Alameda zineman Jarrai teatro taldeak Albert Camusen Gizon zuzenak, [ikus testua EGAN 2017 aldizkarian] biolentzia erreboluzionarioaz edota etika eta politikaz moldatu antzerkia eman zuen. Uda hartan, Fede Mendibilek gonbidaturik, Makazaga andereñoa, Txato Agirre eta beste zenbaitekin Narbaizako kolonietan izan ginen haurrak zaintzen. Barrian zeuden beste kolonietako haurrei ere bisita egin genien. Eta Fedek kontatu zidan nola ohartu zen Gizon Zuzenak ikusten ari zen ETAkide batek negar malkoak isurtzen zituela.
Horrela, jende askorekin harremanak izaten genituen, eta 1967ko uda partean bururatu zitzaidan Parisera joan gabe ezin nintzela bizi, eta Txomin Izagirreri, apaizgai izandako eta Parisen ikasten ari zenari esker, lortu nuen Pariseraino doan joatea San José kamioietariko batean. Hendaian agertu eguerdiko ordu biak aldean haiek zeuden lekuan eta kamioilari ezezagun batekin arratsalde eta gau osoa bidean igaro ondoren goiz-alban, zazpiak inguru zirela, iritsi ginen Parisera. Ia inor ez zebilen karriketan, c'est la grève, zioskuten, eta nik pentsatu nuen gauza graberen bat gertatua zela. Txomin moja-komentu batean baratzezain lanak eginez bizi zen, eta Eskual Etxea egoitzara bideratu ninduen. Han apaiz arduradunarekin hitz egin, eta gela handi bateko koltxoneta eta bi maindire alokatu zizkidan bi libera eguneko ordainaren truke. Aski merke zen, dudarik gabe. Baina, nola hamabi ginen bertan, batzuen zurrungak ere galantak entzuten ziren gau osoan. Hemen ezagutu nuen Jesus Mari Mendizabal “Triki”, Donostiako Seminarioan ere egona eta Salamancako Unibertsitatean hasia zena Filologia Románica ikasten.
Mendi izan zen nire Pariseko biderakusle, bidaide, gelakide eta tortilla española nola egin behar zen erakutsi zidana. Sorbonako hitzaldiak entzutera joaten ginen, nire frantses maila apala izan arren. Hantxe entzun genion Raymond Aron filosofo, soziologo eta komentariogile politikoari. Erabat modan zegoen Jean-Paul Sartreren obraren zenbait atal kritikatu zituen eta batik bat marxisten determinismoa. Ez zen Sartre bezain arrakastatsua, baina bere gogoetak aski libre eta sakonak izan zitezkeela iruditu zitzaidan.
Uztailaren 14aren bezperan, Parisen gauez ibili ginen, eta jai handiaren bezpera zenez, kioskoen inguruetan bazen musikarik eta dantzaririk. Mendi eta bioi, beste bi neskatxa –biarnesak zirela uste dut– lagun baikenituen, ez zitzaigun entretenimendurik falta izan gau hartan.
Igandeetan biltzen ginen eta hantxe kantu-kantari ibiltzen ginen Donato Unanue zuzendari genuela. Bazen gizon argal bat ere, tolosarra, garaia eta Eskual Etxeako pianoan oso ongi jotzen zuena, eta nola lantegi on batean egiten zuen lan zenbait demi, zurito edatera gonbidatzen gintuen, gu oso pozik geundelarik, eta bera ere bai inguruan entzule eta kantari gazteak izanik. Ordurako hasiak ginen jadanik Errenterian Yerobi eta beste zenbait, Ansorena fraidearekin koru-saioak egiten eta ahotsa lantzen.
Hasi nintzen bulego batean lanean enkarguak egiten, baina oso denbora gutxi iraun zuen lan hark, Salamancara itzuli beharrean aurkitu bainintzen ikastera, eta joatea erabaki bainuen Jesus Mari Mendizabalekin. Han zegoen, gainera, irakasle txit famatua zen eta Patxi Altunak gomendatu zidan Koldo Mitxelena. Nire lantxoa, handik agertu zen Mikel Azurmendi ETAn izandakoari pasatu nion, zeinari buruz dioen Julen Madariagak bere memorietan (Egiari zor, Erein 2014, 142), antropologoa, denboraz abertzaletasunetik espainolkeriara bidegaltze ikaragarriena ukan zuena, ETAren historia osoan. Institutuan lankide izan nuen aita Urrutia, grezierako irakasleak zionez, mutil argia eta azkarra.
Oso zinemazalea nintzen, eta naiz oraindik ere; horrela bada, maiz joaten nintzen filmak ikustera, bat gelditu zitzaidalarik memorian bereziki txertatua. Eric Rohmer zuzendariak filmatutako La Collectioneuse (1967) pelikula, non Haydée Politoff gaztetxoak liluratu ninduen, inolako kezkarik ez arazorik gabe oheratzen baitzen, à droite et à gauche ohaideekin zituen solas filosofiko existentzialistekin.
SALAMANCA 1967-1970
MATRIKULATU nintzen, bada, Filología Románica delako espezialitatean, eta Koldo Mitxelenaren aurrean presentatu ginen Ramon Garmendia eta biok Jesus Mari lagun genuela, hark lehendik ezagutzen baitzuen. Ramonek eta biok hartua genuen gela bat Libreros kalean. Berrogeita zazpi urte geroago Salamanca zaharreko kale hura berriro bisitatu dudanean, interesgarrienetakoa iruditu zait; informatika akademia bat dago nire gela zenaren azpian, gaur egun. Hogeita hamar pezeta egunean ordaintzen genuen bakoitzak lo egin eta arropa garbiketaren truke. Mitxelenak galdetu zidan ea zein espezialitate hautatu nuen eta nik Románicas erantzun nion. Ez zitzaion gaizki iruditu, eta euskaraz idazten ongi ikasteko zer egin behar nuen galdetu nionean, erantzun zidan egunero ordu erdiz aritzeko, ahalegintzeko zerbait idazten edozertaz. Nire idazte-jardunak ez du egunerokotasunik, ordea, beti izan ditu jauziak.
Beste euskaldun multzo bat ere ezagutu nuen, gehienak Medikuntza ikasten ari zirenak: Jaka anaiak (Leonardo eta Iñigo), Fernando Kristobal, Jabier Ojenbarrena, Juan Aranzadi, Koldo Daniel Izpizua, Jesus Etxamendi, Mikel Peziña, Baleriano Yarza, Luis Manterola, Jose Anjel Tamayo,... Eta nesken artean: Itziar Ezkerra, Ixabel Mujika, Rosa Casares, Susi Urbieta,... Irakasle izan nituen Fernando Lázaro Carreter, Luis Pensado, Luis Cortés, Paulette Gabaudan (Madame Cortés), César Real de la Riva, Eugenio Bustos, Rauta Printzea, José Antonio Pascual, Santiago de los Mozos, Ricardo Senabre, ... Ospetsuak ziren hauek ere: Miguel Artola historialaria, jaiotzez donostiarra, Luis Michelena hizkuntzalaria, jaiotzez errenteriarra, Martín Sánchez Ruipérez klasizista salamancarra, José Luis Melena donostiar mizenaseran aditua, Federiko Krutwigen kritiko zorrotza... Klaseak Palacio de Anaya deituan ematen genituen, bigarren solairuan. Neska-mutilen proportzioa, nesken alde hiru eta bi. Lehen klasean adierazi zigun azentu galegoa nabarmentzen zitzaion Pensado irakasleak ikusten zituela batzuk zutik, eta beraz, aski aspergarria egingo zuela, hurrengo egunean denak eserita egon gintezen −eta halaxe izan zen nonbait, bibliografia besterik ez baitzigun eman, alemanezko tituluak ere bai−. Hurrengo egunean denak geunden eserita.
Mitxelenak, hizkuntza erromanikoetan irakasle ez izan arren, Lingüística Indoeuropea katedra lortua baitzuen, bazeukan bere esku Antonio Tovarrek sortu Larramendi katedra deitua ere, eta oroit naiz nola euskal idazleen zati bereziak gaitzat hartuz, kurtso bat eman zigun. Oraindik gordetzen ditut eman zizkigun fotokopiak eta garaiko oharrak, non honako testuak ageri diren: Milia Lasturkoaren eresia, Bernat Etxeparek Bernard Leheteri egin eskaintza eta Contrapasa (1545), Joanes Leizarragaren Testamendu Berriako Heuskalduney (1571), Atsotitzak eta Errefrauak (1596), Juan Perez Betolazaren Dotrinaren zatiak (1596), Estebe Materreren aitzinsolasa eta zatitxoak (1617), Joanes Etxeberri Ziburukoaren Balea zaleen othoitzak, Manual devotionezcoatik hartuak (1627), Joanes Harambururen Debocino escuarra, mirailla eta oracinoteguia (1635) liburuko Tormentan, Pedro Agerre “Axular”en Gero (1643), Bernard Gasteluzarren Egia catholicac (1686), Voltoireren Tresora Hirur Lenguayetakua (1620), Piarres Etxeberriren Ixasoco navigacionecoa (1677), eta Mongongo Dassançaren Laborarien abissua (1692) obren zatitxoak. Beraz, eta ordena honetan emanak, XVIII. mende arteko euskal idazle nagusien zati interesgarrienetarikoak. Oroitzen naiz gure irakasle zen Jose Antonio Paskual jauna ere joaten zela klase haietara eta segitzen zituela esplikazio guztiak arreta handiz. Eta orobat Alfontso Irigoienek... Ohi bezala, beti zen originala planteamenduetan, topikoen kontrakoa, eta batzuetan, norbaitek idatzitakoarekin haserretzen zenean, jenio bizikoa.
Hizkuntzaren historia pixka bat, Arnaud Oihenarten Notitia Utriusque Vasconiae liburuaz, eta bertan ematen den euskal deklinabide mugatu eta mugagabeaz oharrak. Esteban Garibaiz, eta Etxabez Claveriak idatzi bertso antiapologista haiez, Burlatzen naiz Garibaiez / bai halaber Etxabez / zeinak mintzatu baitire / erdaraz Eskaldunez. / Ezen zirenaz geroztik / euskaldunak hek biak / eskaraz behar zituzten / egin bere historiak. Erantsiz Larramendiren gaztelaniazko testuek onura franko ekarri ziotela euskarari, behar bezala baliatzeko euskara eta beste jende batzuk idaztera animatzeko balio izan zutelako. Egun ere, nabarmen da euskara ez diren beste erdarek balio dezaketela euskal gauzen zabalkunderako eta munduan barrena ezagutarazteko euskaldunen fruituak.
Nire aldetik, eta nire gisara maisuaren irakaspenei jarraiki, itzultzen eta idazten hasi nintzen. Paper zaharren artean ageri zaizkit euskaraz burutu nituen itzulpen zenbait, hala nola: Martin Codaz, Jehuda Halevy, Gonzalo de Berceo, Alfonso Alvarez Villasandino, Carvajales, Lope de Sosa, Escrivá komendadorea, Zaragozako kantutegitik poemaren bat, Gil Vicente, Maria do Ceo, Manuel Machadoren Ni, poeta eroria, Antonio Machadoren Duero gailurreko kantuak, Miguel de Unamunoren Gaztela, Charles Baudelaireren Pipa, Rafael Albertiren Sasi loratua... Saio bat egin nuen Federico García Lorcaren Yerma (Andere Igartua) itzultzen, Maria Dolores Agirrek Iturri Agor gisara itzuli eta 1968an aurkeztuko zuena ere.
Hala bada, Bilbon antolatzen zuten Miguel de Unamuno ipuin-lehiaketan saritu zidaten euskaraz idatzi nuen lehen ipuina “Zomorro ta Kazkazuri” Euskal Elerti 69 bilduman plazaratuko zena, Ibon Sarasolak bere Euskal Literaturaren Historia (Lur, 1971) aski modu zakar eta etsigarrian kritikatuko zuena.
Unibertsitateko koruan hasi nintzen kantatzen, eta oroitzen naiz nola kantatu genuen behin Pablo Serranok zizelkatu Miguel de Unamunoren estatuaren inaugurazioan, 1968ko urtarrilaren 30ean. Beste batean, Udaberriaren ospatzea zela-eta, Portugaleko mugan zegoen herrixka batean, La Fregenedan, hain zuzen, El día del almendro deituan antzinako Marzas deituak ziren kanten oroigarri. Benetan udaberri lorez estalitako El Duero ibaiaren paraje hauek txundituta utzi ninduten beren edertasunaz. Kantatu genuen errepertorioa klasikoa zen: Gaudeamus, igitur, juvenes dum sumus... kantarekin hasi eta Ávilako Tomas Luis de Victoria, Errenazimentuko polifonistaren zenbait kanta ahots ezberdinez, Giovanni Battista Pergolesiren Stabat Mater, Erromantze Anonimoak, hala nola Triste está la reina, triste, / triste está, que no reyendo, eta beste.
Goizero jaiki, Mikel Peziñarekin hasieran korrika egitera joaten nintzen Tormesen beste aldean zegoen Campo de Tiro deitura, han frontoi bat ere bai baitzen. Geroago, El Botánico deitzen zen kiroldegira hasi ginen goizero joaten, gertuago baitzegoen. Eskuz eta palaz jolasten ginen, batzuetan torerilloek, Litriren jarraitzaileek, beren paseak hantxe bertan entseatzen zituzten bitartean. Dutxatu, liburuak jaso eta Casa de las Conchas egoitzan zegoen dendatxo xume batean piramide bat esne eta raketa bat gozoki, eta joaten ginen, bidean irentsiz, Anaya jauregira klasera, aurretik pasatzerakoan, Miguel de Cervantesek El licenciado Vidrieran utzitako hitz ospetsu haiek irakurtzen genituela: Salamanca que enhechiza la voluntad de volver a ella a todos los que de la apacibilidad de su vivienda han gustado.Unamunoren oroitzapenak oraindik bizirik irauten zuen. Denek goraipatzen zuten haren erantzun ausarta Millán Astray militar frankista basatiak euskaldunen, katalanen, adimenaren eta biziaren kontra eginiko diskurtso hartan: ... ¡Muera la inteligencia! ¡Viva la Muerte! burugabeko oihuari erantzuten jakin zuela maisuki, ... Venceréis, porque tenéis sobrada fuerza bruta, pero no convenceréis. Hots, Biba Herio esaldiaren aurka, Irabaziko duzue, baina ez duzue konbentzituko, ihardetsi ziola kuraiaz bilbotarrak.
Asteburuetan, Euskal Mezara joaten ez ginenean, txangoak ere antolatzen genituen. Fotografia batean, Béjar aldeko mendietan 1967ko udazkenean ageri gara. Ezkerretik eskuinera: behean, Leonardo Jaka eta Ramon Garmendia; goian: Jesus Etxamendi, ni eta Jesus Maria Mendizabal. Etxamendi Ipar Ameriketan artzain egona zen urte batzuetan, diru pixka bat egin arte, eta aurreztutakoarekin Salamancara joana zen Filosofia eta Letretako karrera bukatzera. Basoerdi batzuk edandakoan, oso gogoko zuen kantatzea, Vasconavarro soy del valle roncalés... , eta Estrellita de lejano cielo... Eta goialdeko notetan bere ahotsa probatzea. Leonardo oso gizon samurra eta bihozbera zen, beti irritsu. Bere aitak Zumarragatik bidaltzen zizkion gaztak dastatu izan ditugu neguko arratsalde luzeetan, munduan zehar gertatzen ziren iraultzez irakurri berria genuena komentatuz. Garmendia kurtso eta gelakidea zen, eta Jesus Mari Parisen ezagutua.
Larunbat batean bizikleta batzuk alokatu genituen el puente romano deitzen genuen inguruan, eta hantxe joan ginen Alba de Tormeseraino, nongo karmeldarren komentuan gordetzen zen Teresa de Cepeda y Ahumadaren, alegia Santa Teresaren gorpua eta beso usteldu gabe famatua.
Mila bederatziehun eta hirurogeita zazpiko Eguberrietan, Peziñak bere aitak Gorbeako magalean zeukan Zaldibartxo mendi-borda dotorera egun batzuk igarotzera gonbidatu gintuen. Hotz egiten zuen, baina Gorbeako puntaraino igo, eta bertan ikurrina geneukala fotografia bat atera ondoren, beheko suaren inguruan ekintza komentatuz goxo egoten zen. Jokatu ere egin genuen han inguruan zegoen putzuan bainatzeko nor zen gai, eta Mikel eta biok irabazi genuen dema. Prest geunden edozein eguraldiz, zitekeen kaxkarrena izanik ere, mendi gailurreraino igotzeko, putzurik hotzenean igeri egiteko eta horrelako balentrietarako.
Bainualdia ez zen oso luzea izan, halere, eta gero hantxe, bordako berotasunean, irakurri genituen ahots goran Gabriel Celayaren Rapsodia euskara eta Henrike Knörr adiskideak eramandako Gabriel Arestiren Harri eta Herri. Lehena, Biblioteca Vascongada de los Amigos del Paísek 1961ean argitaratua zen –gaztelaniaz, hitzen bat edo beste euskaraz–, edota Juan Gorostiagak prestatu bilduma bereko Antología de poesía popular vasca (1955) poemaren bat, hala nola: Eierra zira, maitia! / erraiten dizut egia. / Nurk eraman ote dizu / zure lehen loria? Celayaren poema bat Sin Lengua titulua daramanak honela du hasiera:
Mar de Euskaria, patria abierta,
Tú que no tienes frontera
Dí en las playas extranjeras,
Ola más ola, mi pena.
Euskaraz eta gaztelaniaz irakurri genuen Harri eta Herri, Zarauzko Itxaropena argitaldariak 1964an plazaraturiko Zorrotzako Portuan Aldarrika. Eta poemaren bukaera hark hunkitzen gintuen bere xumetasunean: Beti paratuko naiz / gizonaren alde / Gilen. Anton. Poesia sozialaren garaiak ziren. Eta Euskal Herriko mendietan ez ezik, Salamancan ere ohikoak ziren poesia-irakurketak eta kantaldiak, ez soilik Letretako fakultatean eta aretoetan, Medizinako Anfiteatro handian ere bai.
Udako oporretan, abuztuaren 20an, Nuria Espert eta Adolfo Marsillachek zuzentzen zuten konpainiak Printzipe Aretoan Jean Paul Sartreren La P... respetuosa eta A puerta cerrada obren antzezteak ikusten izan nintzela gogoratzen naiz. Alfonso Sastrek egindako bertsioa zen eta martxoan Victoria Eugenian antzeztua jadanik. Eta oraingoan ere arrakasta handia izan zuen, sesio doble honetan ez baitzitzaion seriotasun eta sakontasun filosofikoari umore finik falta. La putain respectueuse, estreinaldiz 1946an jokatua, arrazismoaren aurkako kritika bortitza da. Ongi eraikia, borroka-antzerkia eta, noski, ideia ezkertiarren propaganda, eta horrexek amorrarazten zituen ikusle kontserbadoreak. Huis-clos, bestalde, lehenxeago estrenatuak, 1944an hain zuzen, honako pertsonaiok ezartzen ditu agerlekuan, gela erabat itxi batean: Garzin desertorea, Ines lesbiana eta Estela bere haurra hil duena. Infernu horretan ez dago tortura-tresnarik, baina bakoitza bestearen torturatzaile bilakatzen bide da. Eta egoera hori aldatzeko beren ezintasuna adierazten dute, ezin dituzte beren biziak aldatu, eta horrexek frogatzen du jadanik hilak daudela, eta hilak bere sorkuntza ahalmena galdu du, eta gu geu hilak bezalaxe bizi gara, askatasunik gabe besteen menpe. Infernua besteak dira. L'enfer, c'est les autres... esaldia ospetsu egin zen. Marsillachek urte batzuk geroago kontatuko zuen bere biografian (Tan lejos, tan cerca, mi vida. Tusquets, 1998) zentsurarekin izan ohi zituen istiluak eta zein nolako konponbideetara iristen zen.
Nacional-catolicismo delakoaren zentsura indarrean zegoen oraindik, puta respetuosa idatzi ezin eta p... idatzi behar. Halaxe gertatu zen Manuel Lekuona apaizak 1954an Itxaropenak argitaraturiko Axularren edizioan ere, putaner bat, gaixto da, p... ner bat, gaixto da bilakatu baitzen. Gezurra dirudien arren, eta ikusten dugunez, hertsiago ziren kasu batzuetan XX. mendean XVII.ean baino.
Lehen ikasturtea ongixko gainditu ondoren, gogoratzen naiz nola irailean nire aitarekin, Iparraldeko gauzei oso atxikia baitzen, bertan erbesteratua izan zenez, ikusi ahal izan genuela Donostian, Trinitateko plazan antzeztua, benetan hunkitu ninduelarik, Pierre Bordazarre «Etxahun Iruri»koaren Chiquito de Cambo. Lehen aldia zen pastoral bat ikusten nuela, non Jesu Aphesteguy kanboar pilotari ospetsuaren bizitza-zertzeladak, besteren artean 1914ko gerrako gertaldiak kontatzen zitzaizkigun. Noski, giriztinoak frantsesak ziren eta turkak boxak. Maulen oholtzaratu zuten lehenik, errejentak Etchahoun, Jean Urruty eta Antoine Lapeyrine izan zirelarik. Sarrerak erakusterakoan, oroitzen naiz nola norbaitek komentatu zuen, hori Ramon Saizarbitoria da, Jarrai antzeztaldeko gazte sendo, garai eta etorkizun handikoa, aulkietarantz jendea bideratzen zebilena.
Lehen lerroan erdian Piarres Lafitte, Luis Villasante, Bigarren lerroan erdian Villasanteren atzean Koldo Mitxelena. Laugarren ilaran eskuinetik ezkerrera: Monja, ni, Joseba Arregi, Ramon Saizarbitoria.
Mila bostehun eta hogeita hamargarren urte inguruan, Bernard Leheteren etxea Bordelen artista humanisten egoitza bilakatu ohi zen eran, Mitxelenaren etxea ere euskaldunena bilakatu zen Salamancan, Matildek egiten zituelarik sukaldeko lanak, tortilla paregabeak prestatuz. Hala bada, egun batez Koldok testu bat eman zidan irakurtzeko, eta ea zer iruditzen zitzaidan galdetu zidan. Niri gustatu egin zitzaidala eta tankera Xenpelarren euskararena aurkitu niola. Nola ez zidan esan norena zen testua, berea baitzen, barrendik barrez lehertzen egongo zela pentsatzen dut, eta hala, arrazoi biologikoa ager zedin, Ibon Sarasola, Ramon Saizarbitoria, Rikardo Arregi eta beste zenbait bezala, Arantzazuko Batasunaren Biltzarrera gonbidatu ninduen. Oroitzen naiz Pascual irakasleari Martineten teoriak entzun berria nintzela eta hizkuntzen ekonomiaz eta emankortasunaz aritu nintzela une batez. Iruditu zitzaidan moderatzaile lanak oso ongi bideratu zituela Jose Maria Satrustegi apaiz nafarrak, eta Patxi Altunak idazle moderno bat proposatu behar zela esan zigun, alegia, Axularrek XVII. menderako balio baldin bazuen, XX.erako beste bat behar zela, eta egokiena Euskararen batasun bideak txostenaren egilea bera zela, hots, Koldo Mitxelena. Geroago hainbat aldiz esplikatuko zuen bezala, lapurtera, bertan zegoelako tradizioa (Axular), eta gipuzkera, euskararen indar soziologikoa nahasiz goi nafarrera zertxobaitekin. Erdialdeko euskalkien lotura saiatuz, gehien ezberdintzen zirenak zuberera eta bizkaiera zirenez.
Atsedenaldi batean, Arantzazun urte batzuk lehenago Jorge Oteizak bere apostoluak etzanda zizelkatzen eduki zituen lekutik −zeinen Quosque tandem (sic) kontsideratzen baitzuen Koldok como un amasijo de lecturas mal asimiladas, hots, irakurketa gaizki hausnartuen nahaste-borraste bat− Piarres Xarritonekin, Iparraldeko apaiz sutsu, zakartsu eta serora sekularizatuarekin paseatzen nindoala, honek gipuzkoar inperialismoaz eta beste gauzez esan zizkidanak oraindik buruan dauzkat eta ez esatekoak hobeto dira. Hantxe ezagutu nuen Gabriel Aresti ere, hark nire lehen ipuin sarituaren aitzakiaz esan zidalarik denbora luzez txundituta eta pentsakor utzi ninduen esaldi bat: ez izan hain abertzalea.
Pixka bat geroxeago, azaroaren 6an, jaso nuen kontserbatzen dudan Rikardo Arregiren gutun bat, non Lur-en parte hartzeko gonbidapena egiten zidan. [Ikus www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 1.)]Hasieran, arratsaldeko ordu gehienak Fakultateko biblioteka orokorrean igarotzen banituen, gerora Clásica eta Románica espezialitateek zeukaten liburutegi xumean pasatzen nituen orduak, bertan bazirelako zenbait euskal liburu eskura. Horrela gertuagotik ere ezagutu nituen irakasleak. Behin baino gehiagotan, arratsaldeko bederatziak inguru zirenean, lagundu izan genion Mendik eta nik Koldori Canalejas kalean zegoen bere etxeraino, bidean gerrako historiak kontatzen zizkigularik, hala nola geroago Eugenio Ibarzabalek bilduta dakarren Koldo Mitxelena (Erein, 1977) Eduardo Txillidaren portada daukan liburuan.
... Eraman gintuzten, bada, Gernikara eta Foruako irteeran dagoen Agustindarren komentuan ezarri. Hemen Itxarkundia batailoiaren partaide izan ginen. Gero handik Bermeoraino joan ginen Batallón Saseta de ametralladoras gudari taldearekin eztabaidarik izan genuelarik. Sesioak izan ziren, baina azkenean bermeotarrak, beraiek ere herritarrak izaki, Plaentzia eta Tolosaldeko herritarrekin hobeto konpondu ziren donostiar señoritoekin baino. Halako batean, Sukarrietara eraman gintuzten, handik berriro Gernikara eta kamioietan Ubidea aldera. Urduñako San Pedron eraso txiki bat izan zen, baina benetako helburua Legutio zen, eta haren atzetik, Gasteiz, noski.
Gu ez ginen batere gudari onak, baina lagun batek deitzen zituen bezala, mandoak askoz ere okerragoak ziren, esan nahi dut profesionalki, alegia, gerra kontutan. Azken orduan gudari oste batzuk kendu ziren frente honetatik, faszismo internazionalak Mondragoe eraso behar zuela-eta, ez dakit noiz eta nondik. Nire ustez, orain gertatzen den bezala, à la guerre comme à la guerre, jokatu behar dela, hau da, baliabide guztiak, denak, ezarri behar direla helburua lortzearren. Irakurri berriak ditut Montauten ohoretan laudorioak. Ez diot ukatuko jakituriarik, baina konpreniezinak egiten zaizkit egiten omen zituen iruzkinak: Total, lo mismo da. De una forma o de otra vamos a fracasar... Horrela pentsatzen duena intendentziara pasatu behar da, edo neurri gogorrak hartu berarekin...
Meabe IIak inolako oztoporik gabe zapaldu zuen Nafarrateko gailurra. Ez dudana konprenitzen orain, bertatik igarotzen naizen bakoitzean, zergatik sartu gintuzten han, arratsaldeko hiruretan, zelai erabat agiri batetik edonork metraileta batez elizako kanpandorretik denak akabatzeko arriskupean. Hantxe gindoazen, bada, astoak bezala zamatuak, manta, motxila eta armamentuarekin. Armak salbuespen, beste dena zelaian gelditu zen sakabanaturik, ez baitziguten esplikatu bazirela gerran pelotoiak, sailak, konpainiak eta batailoiak, eta bakoitzak bere egitekoa duela. Zehatza gainera. Enfin, Sasetari esker, aurrera joan ginen eta derrepentean ibai batekin topo egin genuen. Garai hartako mapetan ez zen agertzen; oraingoetan Angelu du izena. Operazioen buru karabineroen kapitain bat zen, Cueto izenekoa, Villarreal bertakoa. Hau eta bere anaia geroago Bilbon gelditu ziren, eta han fusilatu egin zituzten.
Ibaia ez zen oso zabala baina nahiko loditua zetorren, azaroaren 30a baitzen, eta hotzak akabatzen gintuen. Ni igeri egiten ohituta nengoen, eta urak beste aldera pixka bat beheraxeago eramatea erraza zela pentsatu nuen, baina Zabalak, nirekin zetorren gudariak bere burua bota zuen animaturik uretara ohartu gabe ez zekiela igeri, eta aski lan izan genuen hura salbatzen; ezin izango genuen bidean enbor batzuk topatu ez balitu. Ni blai bustita nengoen eta Constantino, Araba batailoiko tenientea eta haren gizon banaka batzuk topatu nituen.
Koldoren etxe ondoko kafetegi moderno batean geunden atseden hartzen eta zerbeza batzuk edaten, eta txaketa poltsikotik zigarro paketea atera eta bati heldu zion: −Ducados bat nahi? Galdetu zion Jesus Mariri, eta hark bere partetik Celtas pakete txikia atera zuen eta erretzen hasi zen ez dakit zenbatgarrena. Koldok erantzun zion berehala, erantzuna esperatu gabe: −Oso ongi, zerbaitetan berezi behar dira katedratikoak eta estudiante unibertsitarioak−. Eta Villarrealgo erasoa kontatzen jarraitu zuen:
... Gasteiz aldera ematen duten Villarrealgo etxe batzuen ondora iritsiak ginen ez genekiela zer egin, Constantino tiro batez zauritu zutenean sabelean. Berriro ibaian atzera jo behar izan genuen, aski zail eta penagarri gertatu zitzaiguna, ez baitzuen bizirik iraun. Bestetik pasabidea, ibia aurkitua genuen pixka bat beheraxeago, baina gau iluna zen jadanik eta sakabanatuta genbiltzan. Sasetak ere erretiratu egin behar izan zuen zauritua, eta gelditu egin ginen. Goiz-alban berriro eraso egin genuen iritsi zitzaizkigun indar berriekin.
Legutiokoa da euskal gudarostearen lehen erasoa arma berriekin, baina ez ziren aski ez eta behar bezain onak. Lehen Mundu Gerran erabiliak ziren eta maiz egiten zuten kale. Bestalde, garbi zegoen, abioirik gabe ezer gutxi lortuko genuela, etsaiak faxista italiarren eta nazi alemanen laguntza baitzuten. Zenbat gautan gerora kartzelan nengoela, gertakizun hoiek oroituz, loak ezin hartu ninduen...
Badut beste fotografia bat non argi eta garbi ageri diren Ávilako murruak. 1968koa behar du izan, eta hiri honetan bildu ginen Madrileko eta Salamancako euskal ikasleak. Erdibidean. Bertan gaude: Leonardo Jaka txamarra, betaurrekoak eta txapela ezker alderako joerarekin, Mikel Peziña gabardina, txapela eskuin alderako jaidurarekin eta patrikatik errebolberra ateratzera bailihoan, Jesus Mari Mendizabal jertse hutsez, eta ni berokiz. Laurak bizar xume batez apainduak, modan baitzeuden Arestik sortu bertso haiek, euskara salbo ikusi arte, ez dut moztuko bizarra.
Leonardorekin makina bat barre eginak gara tabernaz taberna kantari. Peziñarekin, Basauriko kartzelatik aske utzi zutenez geroz, Parisen egona naiz zenbait aldiz. UNEDeko irakasle tutorea historia arloan eta gaztelania hizkuntzan. Jakituria handia zuen gerra zibileko kontuetan eta batez ere anarkista mugimenduetan eta Arabako kontuekin zerikusia zuten gauzetan. Jesusek, esan bezala, Pariseko euskal etxean erakutsi zidan nola egiten zen arrautzopila, tortilla española, eta emakumeen zureganatzeko ez dagoela kontalari ona izatea bezalakorik.
Meliton Manzanas torturatzaile ezaguna eta askok sufritua, ETAk 1968ko abuztuaren bian hil zuen Irungo bere etxe aurrean, eta albistea berehala zabaldu zen jendartean. Gogoan dut gertakizuna nola komentatu genuen isiltasun handi batez inguraturik, Mikel Urkola, Sekularrak apaiztu liburuaren egileak eta neronek Hondarribitik Donostiara zihoan autobusean. Hurrengo egunean, Gobernuak Gipuzkoarako Estado de excepción delakoa dekretatu zuen, eta asko eta asko pasatu ziren kartzelatik, hala nola nire anaia Joxeba, lehendik ere Martutenen egona, Joseba Arregi, eta Errenteriako bi adiskide, Antton Gogorza eta Jesus Mari Zugarramurdi... Behin, 1969an, Els Setze Jutgesekin urte batzuk lehenago jada kantatzen hasia zen María del Mar Bonet, Menorkatik inguratu zen Salamancara Medizinako Anfiteatro zabalean kantatzera; benetan hunkitu gintuen haren ahots fin, eder eta miresgarriak −urte zenbait geroago, Elxeko Misterioa ikustera joan ginenean, Sibilaren kanta bere ahotsez entzun genuen bezala−, single batean jaso zen No trobaràs la mar poemarekin:
... No trobaràs la mar,
la mar fa temps que va fugir:
un dia se’n va anar
i em va deixar aquí.
Hurrengo eguna euskal kantari eskainitakoa zenez, euskaldun batzuek gitarra lagun eta neroni ere tartean, zenbait abesti kantatu genuen ahal genuen modurik finenean. Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak, Bi kate; biak ebaki beharrezkoak / bat gorputzaren bizitzeko / bestea gogoaren askatzeko... Joxan Artzeren hitzak eta Mikel Laboaren musika. Bertolt Brechten letraz Gaberako aterbea. Kontatu didate Nueva York-en / Broadway eta 26 karrikaren kantoian, / negu gorrian, gizon batek gabero / jendeari otoi eskatzen / aterbea bilatzen duela / bilutsirirk daudenentzat... Mikel Laboak moldaturiko doinua, gure kasa interpretaturik eta beste.
Oroitzen dut nola Anibal Núñez oraindik ezezaguna zen poetak, Madame Gabaudanen klaseetan topatzen genuenak, Katulo, Rimbaud eta beste poeta zenbaiten itzultzaile eta gazterik hil zenak galdetu zigula ea gure helburua, euskaldunena ote zen estatu teokratiko bat sortzea. Neronek erantzun nion, inolako lotsaizunik gabe, ez zegoela gure gogoan horrelako pentsamendurik, eta aspalditxo esana zeukala Friedrich Nietzsche filosofoak: Jainkoa hil da.
Santa Ageda bezpera iritsi baino lehen, urtero hasten genituen gure entseguak gau horretan plazaz plaza, txapela buruan eta makila eskuan, Euskal Herriko neskak ziren ikastetxe nagusietako atarian abesteko, non suertatu zitzaidan bakarkakoren bat edo beste jotzea: Eder zeruban izarra / Erreka aldian lizarra, / Etxe honetako Nagusi Jaunak / Urre gorriz du bizarra... Salamancan hirugarren ikasturtean eta karrerako bosgarrenean nengoenean, hau da, azkenekoan, Canalejasko etxebizitzan gela bat eskaini zidan bertako abade nagusia zen Fernando Kristobalek. Zortzi geunden pisu hartan: Kristobal, Gómez “El rubio” deitua, Ereño, Fede, Patxi, Rafa, Bernardo eta neroni. Bost bizkaitar, bi nafar eta ni. Lehengo bi ikasturteetan euskarazko klaseak Itziar, Beni eta Bel-en etxean ematen banituen bazkalondoan hiruretatik lauretara, hau da Alemania ibilbideko 27an, Tañares, Mantte eta Peziña bizi ziren solairuaren azpian, non fotografia baten arabera, Che Guevararen poster baten aldamenean aski bizar handiarekin ageri naizen, ikasturte honetan nire Canalejas kaleko gelan ematen genituen. Egia da, baita ere, ohe bakarreko gela zela hura, ez dakit zer pribilegioz suertatu zitzaidana.
Gertatu zen halako batean, poliziak miaketa bat egin zuela Alemania 27ko etxean, eta bertan aurkitu zituen zenbait panfleto eta liburu eraman zituela, Peziñak komunetik bota ahal izan arren, ETAren liburuxkaren bat. Oroit dut nola han irakurria nuen, errebista frantses batean, Daniel Cohn Bendit, Dany gorriarekin egindako elkarrizketa, zeinaren iritziak mirespen handiz irensten genituen, Pariseko barrikada artean Irudimena Boterera iritsi zelako eta Iraultzaren hasiera bertan zegoela uste genuelako. Kontua da Mikel preso hartu zutela, eta Salamancako eta Gasteizko komisarietatik pasatu ondoren, eta krudelki jipoitu gainera, Basauriko kartzelara eraman zutela, apirilaren 30ean sartu zutelarik bertan. Noizbait entzun nuen Basauriko ziegatik ihes egin zutenen artean zegoela; dena den, nik geroago Parisen topatuko nuen eta elkarrekin izandako berriketetan pasadizo horiez ez hitz egin arren, aitortu ohi dit zama hori sufritu izan duela Frantzian Administrazioaren tratu txarragatik bere bizitza osoan. Baina ez ditzagun historiaren hariak aurreratu.
Medizinako Anfiteatro handi hartan ikusten dut orobat nire burua asanblada jendetsu baten artean, garai hartan sendagile karrera ikasten ari zen Juan Aranzadi liderrak zuzenduan. Gaztea zen baina hitz jario arin, argi eta azkarra zeukan. Trebea guztiz. Hiriko kaleetan zehar ibili ginen oihuka eta Letretako Fakultate zaharraren aurreko aldean, igela burezur baten gainean aurki daitekeen plazan, Fray Luis de Leonen estatuaren babesean egon ginen lurrean eserita protesta gisa, aldamenean kanariar neska begi-urdin, pollit, xarmant eta maitagarri bat neukala. Irudimenak boterea har zezala nahi genuen eta katedratikoek defini zezatela beren jokabidea munduan gertatzen ari ziren protesten eta eskaeren aurrean, espainiar unibertsitateak zeuzkan defizit demokratikoen aitzinean. Gazte ginen eta ez geunden konforme; Luis Villar Palasí Hezkuntza Ministroak ezarri nahi zituen erregelamendu eta arauen kontra ginen.
Lortu genuen irakasle eta ikasleen artean asanblada bat edukitzea ere. Lehen lerroetan nengoen, eta buruan dut nola Mitxelenak hitz egin nahi izan zuenean beste irakasleek lasaitzeko eskatzen zioten.
Fernando Lázaro izan zen, seguruena, urte horietan izan genuen irakaslerik argiena, edo bederen mintzalaririk dotoreenetarikoa. Crítica Literaria urte batean eta bestean Gramática General irakatsi zigun. Marxismoa eta estetika, Errusiar Formalismoa, Estilistika, Amerikarren New Criticism eta New Humanism direlakoak... Charles Baudelaire poeta paristarraren Les Fleurs du mal (1857) poesia liburuko Correspondances sonetoaz egin zuen komentarioa gogoangarria izan zen. Bigarren hiruko nagusiaren bukaera hartaz Les parfums, les couleurs et les sons se répondent egiten zituen iradokizunak benetan interesgarriak ziren. Halaber, Arthur Rimbauden Une saison en enfer (1873) −diamantezko prosan idatzitako autobiografia psikologiko miresgarria, Paul Verlaineren hitzetan−, egin zizkigun aurkezpenetan, edota Francisco de Quevedoren soneto ospetsuenaren beste amaiera hura, Polvo será, más polvo enamorado, egindako iruzkina, hala nola nobela pikareskaz, edo La Celestina tragikomediaz eman zizkigun lezioak benetan solas eredugarriak ziren. Hauexek, bada, balio izan zidaten nire lehen euskal liburua moldatzeko, Literatura eta Kritika, Paseo Arbola Villa Zutiken kokatua zen Lur argitaletxeak 1970ean argitaratu zuena, eta Rikardo Arregiri eskaini niona.
Modu ezberdinean izan nuen harreman berezia beste irakasle batekin ere. Luis Pensado galegoarekin. Latín vulgar, Lingüística Románica eta Gallego-portugués irakasgaiak eman zizkigun. Azken gai hau hiru ikaslek bakarrik genuen hautatua, bi galegok eta nik. Galegoen deituraz ez naiz oroitzen, bat uste dut Soto deitzen zela eta Vigo aldekoa zela, baina ez nago ziur. Lehen klasera joan ziren baina ez ziren berriro agertu, nahiago baitzuten Ateneoan egunkariak irakurtzen denbora pasatu eta Kubako Iraultzaz mintzatu, klaseetara joan baino; beraz, hantxe egon ginen mintegiko gelatxo batean Pensado eta biok. Cantigas de scarno e maldizer batzuk ere irakurrarazi zizkidan, eta zuzenketatxo labur batzuen ondoren, pentsatu zuen hobe nuela ikerketa bidean murgiltzearren gauza praktikoa egitea. Hala bada, XVIII. mendeko Martin Sarmiento beneditarraren eskuizkribuak argitaratzen ari zenez, haietako bat transkribatzeko agindu zidan, eta era horretan hasi nintzen filologia-praktiketan eta hizkuntzen arteko konparaketan trebatzen.
Frantses Literatura Cortés senar-emazteek ematen ziguten. Erdi Arokoa Luis Cortések −klasera beti kapa txarraz agertzen zen, hots, salamancarraz jantzita, eta gazteoi bere ahalmen fisikoa erakusteko gai zen klasean buruz behera jartzeko, pinuarena eginez, irakasle mahaiaren gainean−; bere jakituria neurriz gain balioesten zuen. Eta Garai modernoa, haren emazte zen Paulette Gabaudanek. Biak ziren bikote txit berezia. Paulettek bazeukan barneraturik frantses metodoa literatur kritikagintzan eta liburu interesgarriak irakurri eta iruzkintzeko hainbat lan eginarazi zigun. La peau de chagrin Honoré Balzacena eta Madame Bovary Gustave Flaubertena, besteak beste. Bere aktibitateei esker ikusi ahal izan genuen Les Belles de Nuit René Clairen filma ere eta, zenbait ikaskidek antzezturik, Jean Paul Sartreren Le diable et le bon dieu lehen urtean (1968-III-15), eta Les Fables de La Fontaine, bigarrenean.
César Real de la Riva, Literatura Hispanoamericana zeritzan kurtsoaren arduraduna, aretoan kapelu lumadun batekin agertzen zen −Mendik irribarre sotilez kontatzen zidanez, alaba bakoitzeko lanpostu bat omen zeukan, eta hamaika zituen−; irakurtzen hasten zenean, esku artean zituen folio horixka zaharkitu haiek batzuetan halako emozioz irakurtzen zituen, non negar malkoak isurtzen zitzaizkion begietatik. Benetakoak ote? Batzuetan teatro hutsa ziruditen.
Beste kurtso interesgarrienetakoa Ricardo Senabre irakasleak eskaini ziguna izan zen: La novela española de la postguerra. Garai hartan El Mundo egunkariko El Cultural errebistan nobela espainolari egiten dizkion kritikak erreakzio sutsuak jaso ditu, iraingarriak ez esatearren, zuberotarren hitzetan ahapaldi beroak liratekeenak, noski. Dena den, gure gazte garai haietan izugarrizko laguntza izan zen nobelen argumentuen gaiez eta harien bilakatze estilistikoez hausnartzeko eta kontuan hartzeko.
Beste hitzaldi interesgarriak ere izan genituen noizbehinka, atzerriko unibertsitateetarik iritsitako irakasleek, edota idazle ospetsuek emanak. Hala 1969ko martxoaren 11n Margit Frank, Mexikotik etorriak, Lirica medieval de tipo tradicional izan zuen mintzagai, eta benetan ongi egin zuen hitzaldia, ahots eder batez eta kantez lagunduz eta apainduz. Edota errumaniera irakasten zigun Rauta printzeak gonbidaturiko Vintila Horia. Hau ospetsua zen jadanik Goncourt saria irabazia zuenez, bere Dieu est né en exil (1960) eleberriagatik.
Ikasten genituen gaiekin zerikusi zuzenik ez izan arren, joan izan nintzen beste zenbait hitzalditara ere, hala nola Enrike Freijo apaizak eta katedradunak Freuden psikoanalisiaz eman zituenetara. Bestalde, euskarazko meza batean laguntzaile aritu izan nintzen, bai eta gero basoerdi batzuk edaten. Gogoan dut, egun batez Jose Ignazio Telletxea Idigorasek eman zigula hitzaldi bat, historia non eta nola ikasi, eta euskaldunen aztarnak aurkitzeko nongo artxiboetara jo zitekeen argituz.
Garai hartan Salamancan Clásicas deitu espezialitatea egiten ari ziren bi euskaldun. Bata, Alfontso Irigoien, maiz saunara joaten zena gainetik gantzen zamaren bat uxatu nahiz, antza, eta euskaldun ezagunen bat aurkitzen zuenean gai zena klasean entzundakoa osorik errepikatzeko, entzuleak aitzakiaren batekin ihes egitea lortzen ez bazuen. Bestea, apaiza zen, Usabiaga deituraz, baina Okobio izengoitiz ezagunagoa. Oso euskaltzalea zen, eta gogoan dut nola igande batez bere motoan joan ginen herri txiki batean desterratua zegoen Arantza Arruti, ongi oroitzen banaiz eta oker ez banago, euskaldun emakume fina bisitatzera. Itzuli ginenean motoaren atzean, Vespa markakoa zela uste dut, hura bai hotza pairatu genuena.
Urte batzuk lehenago, 1957an, nire anaia Joxebak mundu guztiko nazioetarik joandako gazte langileekin batera egin zuen bezala, 1969ko udan Erromarako bidean jartzea erabaki nuen. Gurasoek ez zuten nahi auto-stopez joan nendin, baina ni temati, halaxe hasi nintzen Errenteriako zumardian erromes. Aspertu nintzen orduak eta orduak karreteran itxoiten, gazteek bon chance desiratzen zidaten, zorte on, eta azkenean izan nuen zorte ona, Ángel Ponce de Leon deitu pintore modernista gelditu baitzitzaidan, eta Perpignandik Cagnes-sur-mer-eraino eraman ninduen, gaua bere etxean pasatu nuelarik. Bazuen galeria bat Nicen eta erakutsi zizkidan fotografiak bera garai hartako artista ospetsuen tartean agertzen zenak: Alain Delon... Kontatu zidan nola mutikoak Sevillan harrika aritu zitzaizkion galtza koloretsuak koadro modernista bat bailitzan zeramatzalako. Te parecen raros? galdetu zidan eta nik konpromisoz eta errespetuz erantzun nion ezetz, eta Salamancako berri batzuk kontatu nizkion. Adierazi zidan bera exiliatu artistikoa zela ere, ez zelako Francopean benetako askatasunik... Lehoi baten larru gainean saloian etzanda, argazki eta koadroz inguratua, loak hartu ninduen gau hartan, Perpignango kanpinaren ixkin bateko lur hotz eta gogorraren gainean baino mila aldiz hobeto, noski.
Hurrengo egunean, berriro auto-stopez Mentonera iritsi nintzen, hango hondartzan bainatu eta, aspertuta nengoenez, behatza erakusten saiatu ordez trena hartu nuen Erromarako. Laster igaro nuen Ventimiglia, eta kartelak italieraz irakurtzen, eta abisuak entzuten hasi nintzen. Erromara iritsi, arropaz aldatu eta pixka bat txukunxeago Monsinore Laboarengana presentatu nintzen nire arrebaren etxean bizi zen Doroteo Esnaola apaizaren eta kurtsokide zuenaren gutun batekin. Sanjuandarrarekin elkarrizketa bitxi bat izan ondoren, Vatikanoko ertzainaren itaunketa areago baitzirudien, zergatik nahi nuen ikasi italiera, Dante irakurtzeko eta itzultzeko, zer pentsatzen duzu Juan Karlos printzeaz, ez dut maite. Eta ea printzesa baten haur baten tutore izan nahi nuen galdetu zidan, nik erantzun niolarik karrera Salamancan bukatu behar nuela, okasio on bat galduz. Hala bada Sergio Guerraren zuzenbidea eman zidan. Hau benetan gizon maitagarria zen. Bere etxean lekutxo bat egin zidan. Berarekin joaten nintzen afaltzera, lanak bukatuak zituenean, berarekin eraman ninduen Erromako herri inguruak ezagutzera, Laboratorio Farmazeutiko batzuen bisitatzaile baitzen.
Horrela elkarrekin bisitatu genituen Tarquiniako etruskoen hilobiak. Bertan dastatu ahal izan genituen crassi etruschi haiek utzitako irudiak, non pirata gisara itsasoan zehar pilatu aberastasunen erakusgarri, haien bizitzeko alaitasuna, jan-edanak, dantzak, etzanleku modura esklabo beltzak, eta beste ikus zitezkeen. Gero hiri hartako bertako mediku bat bisitatzean, honek kontatu zigun nahi eta gustatu izanez gero, bazirela oso prezio onean hilobi-lapurrek saltzen zituzten bi mila urte baino gehiagoko eskulturatxoak eta edontzi margotuak.
Erromako ferro caldotik, bero kiskalgarritik ihesi genbiltzalarik, behin bazkalondoan saloiaren itzalean italiar telebista ikusten, hara non agertzen zaizkigun Estatu Batuek bidalitako Apolo 11 misioko astronautak ilargian jauzika. Armstrong eta Aldrin ziren. 1969ko uztailaren 21a. Egia ote da begi bistan daukaguna, galdetzen genion geure buruari, eta Urtziaren jabetza-abenturan nor aterako da garaile? Sobietarrak ala estatubatuarrak? Oraingoz, bazirudien hauek zihoazela aurretik.
Garai hartan bazen Erroman nafar bat, Anjel Amezketa. Poetatzat zeukan bere burua, baina libururik ez diot ezagutu. Erbesteratuta zegoen, omen, soldaduska ez egiteagatik, nik uste. Sergiok presentatu gintuen. Gazte garai, argal eta harroputza zen. Cervantesen ondoren bera zela idazlerik onena gaztelaniaz, zioen, ehun metro hondartzan korrika hamaika segundoan egiten zituela eta neska ederrak euliak eztira antzo zetozkiola, eta haiez inguratua bizi zela. Bere neskaren apartamentuan bizi zen, non pintura koadro batzuk baziren, andere biluzi eta desertuko dunak ziruditen titi erraldoi batzuekin. Ez nekien zertaz bizi zen, ez nuen inoiz erronda bat pagatzen ikusi, eta Carmen Postigok, Italian EFE agentziarako delegatua zenak El Confidencial-eko (2010-X-13) orrialde batean eman dit haren berri, berrogei urte deusere jakin gabe egon ondoren. José Acosta Montero, El Diario Vasco egunkariko korrespontsalaren etxean ere izan ginela oroitzen naiz, baina aski modu lanbrotsuan.
Sergiok oporrak hartu zituen; Donostiara itzultzeko gogoa sartu zitzaion, emaztea donostiarra baitzuen, eta bidean Aix-en Provencen bisitatuko genuen, bertan ikastaro bat egiten ari zenez. Kontu asko kontatu zizkidan Italiako gorabeherez, eta nik kanta asko ere abestu nizkion, bide aringarri gisara, ez bainekien oraindik gidatzen. Hala bada, pentsatu baino lehen egin nuen Italiako itzulia, baina Sergioren eskuzabaltasunari esker, sos batzuk bainituen aurreztuak, tokadisko baten jabe iritsi nintzen etxera, esperientzia aski interesgarriak bizi ondoren.
Esan bezala, Filología Románicako bosgarren urtea Canalejaseko etxean igaro genuen. Bertan zegoen Patxi Aranburu ere, Arantzazun fraidegai izana, Medikuntza ikasten, eta hark ekarritako euskal liburu batzuez baliatu izan nintzen. Bat, aita Luis Villasantek Axularren Geroz egindako edizioa izan zen, Espirituales Españoles bilduman (Juan Flors, Barcelona 1964), eta bestea Xabier Leteren Egunetik egunera orduen gurpillean (Cinsa, Bilbao 1969). Liburu hauek eta Filologiako Mintegian aurkitzen nituen euskal autoreen edizio zaharrak izan nituen euskarazko irakurgai nagusiak, eta orobat Jakin eta Zeruko Argia.
Kirola egiten ere jarraitzen genuen eta, bai eskuz bai eta palaz, aritzen nintzen pilotan. 1968ko abenduan Trofeo Colegios Mayores-edo deitzen zena pilotaz irabazi nuen. Arlo honetan benetan oso jolaskide ona aurkitu nuen: Joxe Manuel Tomasena, urnietarra eta ezkerra, gerora urte batzuez profesionaletan arituko zena. Harekin hasi nintzen Salamanca ordezkatzen; La Rúa kalean argitaratzen zen El Adelantado, garaiko egunkaria, da lekuko, Cáceres, Valladolid, Madrid eta beste zenbait lekutan ere jokatzen genuela. Salamancako herri batzuetako festetan ere aritu izan naiz frontoian zuriz jantzita, hiru hiruren kontra, ez ezker ez eskuin paretarik gabeko eta zoru aski petralean. Onena, dutxatu ondoren alkate, maisu edo laborariren baten etxean ospatzen genuen merienda izaten zen, urdaiazpiko eta txorizo pixka batekin basoerdi batzuk hartuz herriko gorabeherak komentatzen genituenean. Herriko jai giroa eta berbenarako prestaketak ikusten eta musika entzuten genuen bitartean autobusez hirira itzuli beharra izaten zen pena.
Aipatu dudan bezala, 1969ko apirilaren 27an Salamancan Avenida Alemania 27an bizi ziren Castañares, Madinabeitia, Manterola eta Peciña atxilotu zituzten. Azken honek Interneten dagoen artikulu batean (M. Peciña, Los pasos perdidos) kontatzen duenez, Julio Sánchez ezizena erabiltzen zuen eta horrela iristen zitzaion ETAren propaganda. Bertan irakurri ahal izan genituen zenbait folleto eta 1968ko Pariseko Maiatzeko manifestazioak kontatzen zituzten errebista batzuk. Beheko solairuan Beni, Bel eta Itziar Ezkerra bizi ziren, eta hauek libre uzten zuten gela batean euskarazko klaseak ematen nituen, Patxi Altuna jesuitaren Euskera, ire laguna gidari.
Horrela bada, 1970eko irailean karrerako azken asignaturetara aurkezten ari nintzelarik, Xabier Ojenbarrena, Luis Castells, Koldo Daniel Izpizua eta bestek zuten etxebizitzan agertu zitzaidan bisitan aita, arreba Marikrutx, Isidro koinatua eta Miren Lourdes ilobarekin. Lehen aldia zen aitak bere bizitza osoan oporrak hartzen zituena, eta jakin nahi zuen bere semeak zer egiten zuen. Estudiante tunante ote zebilen, kanta zaharrak zioen bezala, ala estudiatzen ote zuen zerbait fundamentuz. Plaza Mayor delakotik igaro, bertako harriz zizelkatu dominak miretsi eta hainbat bikote eta estudiante besarkaturik ikusitakoan, erabat liluratu eta txunditurik geratu zen. Esaldi hau maiz entzun nion egun haietan harriturik utzi zutela nola benetan asko maite duten elkar hemen oraingo ikasleek.
Berria zabaldu zen orobat nola Munduko Pilota Jokoak ospatzen ari zirelarik Donostiako Anoeta frontoian, irailaren hamazazpian, Joseba Elosegik, EAJko gudari ezagunak, gerra garaian Saseta batailoiko kapitain izanak eta gero heriotzara kondenatua izan baina azkenean libratuak, soineko arropak gasolinaz ongi busti ondoren, su eman zien eta bontzo baten gisara goiko parteko esalkietarik behean zegoen publikoaren aurrera eta Francoren aitzinera bota zuen bere burua Gora Euskadi Askatuta oihukatuz. Ez zen hil, hala ere, eta oso sonatua izan zen ekintza.
Licenciado en Filosofía y Letras (Sección de Filología Románica) delako titulua neureganatu nuelarik, eta jada Institutu batean lan egiteko promesa egina, Konstituzioko Plazan zegoen Librería Lagun dendan adiskide egin nuen Joaquín Forradellasi esker, hain gogoko neukan Parisera beste bidai bat egitea non erabaki bainuen ikasturtea hasi aitzin joatea. Halaxe, bada, ikusten dut nire burua fotografia batean Nôtre Dameko atarian, Adan eta Eba Paradisuan harrizko irudiaren oinetan. Oraingoan Salamancan ezagutu nituen Bel eta Beni medikuntza-ikasle lirain eta atseginen konpainian egin nuen bisita. Hauetariko batek ateratakoa behar du izan fotografiak. Zamarra txanoduna bizkarrean, bizar beltza eta biboteak ongi moztuak, pana beltzezko galtzak eta niki mahuka-motz batekin soinean, begirada erromantikoz hantxe nintzen lizentziatu berria. Bizar hura mantendu nuen Arestiren kantari ohore eginez soldadutzara joan arte.
Donostian, 1969ko urtarrilaren batean Kursaal teatro-egoitzaren barnean areto txiki bat zabaldu zuten Inessa de Gaxen, sala de arte y ensayo deitu zutena. Honek filmak bertsio originalean proiektatzen zituen, lehena Alain Resnaisen Hiroshima mon amour izan zelarik. Oroitzen naiz nola aktore frantsesa japoniar batekin oheratzen den, baina gelditu zaidan inpresioa, Marguerite Durasen gidoi hura aski aspergarria zela. Askoz ere gehiago gustatu zitzaizkidan uda partean ikusi nituen Glauber Rocharen Antonio das mortes, gerrillari brasildarraren abenturak sertãoan, Mexikon filmatu Luis Buñuelen El ángel exterminador, non burges batzuk jauregi bateko aretoetatik ezin irten eta salbaien gisan portatzen diren; François Truffauten Jules et Jim ixtorio hunkigarria, non Jeanne Moreauk Catherineren rola miresgarriro jokatzen duen eta Oskar Wernerek eta Henri Serrek, Jules eta Jim interpretatzen dituzten, eta elkarrez maitemintzen diren, hiruko berezia sortuz, eta Peter Brookek 1967an filmatu Marat-Sade antzerkia, zeina Charentongo zoroen etxean kokatzen den Iraultza garaian. Hauek eta besteek, hala nola Els Joglarsen ekitaldiak (El Joc, 1970) halako giro abanguardista ematen zioten hiriari.