1993

BURUTU izan ditudan lanak gehienetan arraro samarrak eta espezializatuak direnez, ez dut beti argitaratzeko erraztasun handirik izan. Horrela, nire adiskidea den Eugenio Arozenak, anartean Antzertiko zuzendaria zenak, gutun hau idatzi zidan 1993ko urtarrilaren 28an: Patri adiskidea, Saint Jaques pastorala argitaratzeko zure proposamena aztertu dugu, baina gure ahal ekonomikoak murritzak direnez esan behar dizut ezin izango zaitugula lagundu. Ulertuko duzun esperantzan agurtzen zaitu... Denborarekin eta pazientziarekin Errenteriako Udalak antolatu Koldo Mitxelena saria irabazi ondoren, plazaratu zen 1996an, nire lagun Juan Carlos Jiménez de Aberasturi artxibozainak zuzentzen zuen Bilduma errebistan.

Jundane Jakobe Handiaren Trageria (1634)
Koldo Mitxelena saria.

 

Euskal Herriko Unibertsitateak epaimahairako hautatu ninduelarik, Joseba Lakarrak burutu tesiaren defentsan egon nintzen. Gaia: XVIII. mendeko hiztegigintzaren etorkiez. Noizbait agindu zuen bezala, Larramendiren Hiztegi Hirukoitzan zein hitz zen tradiziozkoa eta zein hitz asmatua, andoaindarrak sortua, erabakiko zuen. Baina urrun zegoen promesa horretatik, eta zuzendaria, Joakin Gorrotxategi, defentsan atera zen esanez Alemanian ohikoak zirela horrelako ikerketa-saio laburrak tesi gisa aurkeztea. Ez zen, bada, René Lafon, Koldo Mitxelena edota Jean Haritschelharrek burutu moldeen bideetarik egina, ezta gutxiagorik ere. Dena den, ohiko cum laudea jaso zuen.

1993ko martxoan hasi nintzen jasotzen Maria Bueno idazle granadarrak idatzitako gutunak, geroztik, urte askoren ondoren duela gutxi berriro facebook bidez berritu ditugunak. Batean kontatzen dit nola 1992ko abenduan elkar ezagutu genuen Madrilen Bernardo Atxagaren errezital batean, eta UNEDen antolatu berri genuen entsegu-sariaz galdetzen. XVIII. mendeko Torü Kiyonagaren irudia dakarren postal batean, A. Artauden aipamen bat kopiatzen zidan eta sarien gorabeherez informazioa eskatzen.

Kontuan hartuta zein ahantziak dauden orokorki katalana, galegoa eta euskara hizkuntzak, eta argitaletxe gaztelauek zein ardura gutxi duten hauetaz, eta ezezagutzatik zenbat kalte datorkigukeen, unibertsitarioek edo ikerlariek hizkuntza hauei buruz egindako lan interesgarrienak saritzeko zeuden pentsatuak entsegu-sariak, haietaz analisi hotz eta zientifikoak egin zitezen eta altxor preziatuak ezagutarazteko.

Hala, euskal hizkuntzari eta literaturaren esparruari zegokienez, sarituen artean izan ziren: Iñaki Aldekoa (Antzarra eta ispilua), Joxe Azurmendi (Espainolak eta euskaldunak), Txomin Peillen (Les emprunts de la langue basque à l’occitan), Aurelia Arkotxa [Territoires oubliés de Terre--Neuve labourdins du XVIIe siècle; mémoire des mots, mémoire des lieux; à travers les routiers maritimes de Hoyarsabal (1579-1633) et de Detcheverry Dorre (1677)], eta Jon Casenave [De L'article de presse à l'essai littéraire: Buruchkak (1910) de Jean Etchepare], besteen artean.

Gehienetan aurkezpenak Blanquerna katalan liburu-dendan izaten ziren eta cava batez bukatzen, hain baitzuten katalanek leku egokia Madrilen gauza hauetarako, lehenik Serrano kalean eta gero Alcalá kalean Círculo de Bellas Artesen pare-parean; euskaldunek, berriz, sagardotegiak besterik ez; edo bai, Euskal Etxea, Jovellanos 3an, Zarzuela teatroaren aurrez aurre. Han nire hitzaldiak –Pello Aranburu zuzendari adiskideak esan zidanez, lehen aldiz eman nuen euskaraz hitzaldi bat, Enrique Tierno Galván Madrileko alkateak eta Karlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 1982ko urriaren 3an inauguratu zuten areto hartan–, liburuen aurkezpentxoak egiten nituenean, noski, bukaeran ardoa zerbitzen zen Gure Txokon. Edota, poltsikoaren arabera, Irizarren afaltzen genuen.

Urtero jardunaldiak antolatzen genituelarik, beti saiatzen ginen euskal idazle eta irakasleren bat Madrid aldera eramaten, gai bereziren bati buruz edo bere obra literarioari buruz hitzaldiren bat ematera; horien artean izan dira: Jean Haritschelhar, Txomin Peillen, Ibon Sarasola, Lourdes Oñederra, Miren Azkarate, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria, Aingeru Epalza, Juan Mari Irigoien... horrela, Atxagaz aparte beste aurpegi, diskurtso eta esamolde batzuk ere ezagut zitezen. Batzuetan, hitzaldi hauek Universidad Com-plutense delakoan lan egiten zuten zenbait irakaslerekin batera antolatzen genituen. Hala, badauzkat garai horretako gutun batzuk Nines Ciprés okzitanistak idatziak; hona horietako bat, [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 9)] Mancietez eta Mirandez mintzatuz.

Bernat Manciet Sabres, Landetan jaiotako poeta zen, Miranderen adin beretsukoa, eta Burua ipuinaren itzultzailea. Jon, Gauaz parke ba-tean (1984) argitaratu nuena. Geroago itzuli nintzen edo, hobeto esateko, heldu nion berriro neuk Ninesek aipatzen duen testuari, Lo dider de Guernica, gaztelaniara Marta Romaník itzuli eta nik euskaratu eta argitaratu nuen Antonio Dominguez Rey lankideak zuzentzen zuen SERTA, poesía y pensamiento poético (2, 1997, 418-428) poesia-errebistan. Geroago, hain zuzen 2012an, Luzien Etxezaharretak plazaratuko du berriro hain artoski zuzentzen duen Maiatz errebistan.

Cerverako bidaia interesgarria izan zen. Madriletik atera eta laster bidean poliziak gelditu zituen hainbat beribil, tartean nirea, eta irribarrez esan zidaten han geldiaraziak ziren beste kotxeetako zuzendariek, hombre, no nos extraña nada con esa matrícula. Isuna ordaindu eta iritsi ginen azkenean Cerverara. Udako arropa neraman, Katalunian nengoenez, jada eguzkiak berotuko zuela pentsaturik, baina benetan hotzak jota ia dardaraz egon ginen. Unibertsitatea Felipe V.aren aginduz eraikia, Katalunian ziren beste seiak itxi ondoren, hiri hori hautatu baitzen Ondorengotza Gerra deituan eskainitako laguntzagatik. Estilo barrokoan hasi eta geroago neoklasikoan bukatua 1740an. “La influencia de las vanguardias europeas en la literatura vasca” gaiaz mintzatu nintzen; gure errebistan hurrengo urtean argitaratuko zen. Bertan errepaso bat ematen nion euskal literaturari, Serafin Barojarekin hasiz, eta Lauaxetaren poema ezagun hura irakurriz gaztelaniaz, noski. ... No ansiamos de nuevo cazar ballenas, sino ideas incontaminadas... 

Balerik eztogu nai gogai barrijak baño
[... .]
Odiseu barri gara, lamiñik ezta baña,
Emen sortuba ezta Aprodite liraña.
Geure abenda-antzo pioneer gaste gara... 

Gustura gelditu zirelakoan nago, eta beti interesgarri gertatzen ziren elkarrizketen ondoren, hitzaldiak bukatu zirenean, Unibertsitate Konplutentsean aspalditik irakasle, Madrilen katalana irakasten zegoen andere heldu, fin eta dotore bat eraman nuen Lleidara, han baitzuen etxebizitza ere. Hiri honetako arkitekto ospetsua izana zen bere senarra, eta kale bati haren izena ere jarria zioten. Taxista lanak eta elkarrizketa atsegin hark izan zuten bere oparitxoa, jatetxerik hoberenean karakolak jatera gonbidatu baininduen.

Hainbat lan eta eragozpenen ondoren lortu genuen Gasteizen ere UNEDeko Uda Ikastaroa antolatzea. Teatro tradicional castellano, ca-talán, gallego y vasco, hots, Herri Teatro Tradizionala zen gai nagusia. Bertara gonbidatu genituen Pilar Lorenzo, Iñaki Mozos, Francesc Massip... , eta Julia Butinyàk eta neronek ere parte hartu genuen, baina, hitzaldi guztiak aski interesgarriak izan arren, oso ikasle gutxi izan genituen. Gasteizko Euskal Filologia Fakultatetik inor ez. Dena den, hurrengo urtean plazaratu genuen errebistan artikuluak nahi zuen ororentzat eskura geratu ziren jendaurrean aurkezturik. Gertaera arrunta zen hau gure unibertsitateak antolatu ekintzetan, gehienetan gure ikasleak urrun zeudenez, Konplutentsetik etortzen baitzitzaizkigun, baina begien aurrean ikasle gutxi eduki arren, gure kontsolamendurako geratzen zen gure hitzek eta lanek irrati eta telebistaren bidez edota paperaren bitartez oihartzunen bat izango zutela.