2009

Urtarrilak 1.

OSTEGUNA. Urteberri eguna. Marga prestatzen den bitartean nire oharrak idazten ditut koaderno beltz tipi batean, luma zorrotz edukitzearren, kamusteko arriskua baitu. Gaurko plana samurra da, ia leku gehienak itxita egongo direnez. Paseatu eta Edelweissen bazkaldu. Trena hartu eta gaueko bederatzi eta erdietarako etxean. Egun honetako fotografien artean badaukat bat El Retiroko sarreran hartua, bizkarra Barojaren eskulturaren oinarrian ezarrita, txamarra, bufanda eta panazko galtzak ditudalarik jantzita eta Piok berokia eta txapela. Madrid A Pío Baroja. 17 Marzo 1980. Gazte-gaztetandik asko estimatu izan ditut Serafinen semearen narrazio-motak. Noizbait iritsiko ote naiz haren nobelatxoren baten estiloa imitatzen ikastera, edo hobeto esatearren, hark sortzen duen pertsonaiekiko interesa piztera? Baina ereduak ez zuen beste zer egitekorik idazteko, El Retirotik paseatzea baizik, eta guk ez ote dugu bestelako libertimendu gehiegixko?Urtarrilak 6.

Atzo gauean Antiguako Oliyos tabernan afaldu genuen Karmen eta Indiorekin (Josep). Beti bezain adeitsu Josetxo tabernaria eta bere emaztea. Gaur Errege Magoen Eguna. Goizean paseotxo bat eman, txistulariak Donostiako kaleetan barrena jotzen entzun, hiria esnatzen den bitartean, eta aterkia irekita ibili behar dugu euria ari baitu. Kontxi amaginarrebarekin Donibane Lohizunera joan gara eta Le Basque jatetxean bazkaldu dugu eguneko plata. Kafea hartu eta kostako bidetik Hendaiara. Itsasoa eta kostaldea benetan ikusgarriak daude, eta une honetan ia ez dabil inor karreteran. Champion supermerkatura joan gara, Frantzian jai ez denez gero, jogurt batzuk erostera, eta orain hementxe nago Euskadi Irratia entzuten dudala ohar batzuk idazten.

Urtarrilak 7.

Lander Zurutuzak beste gutun bat idatzi dit, esanez nire olerki eder batekin eta Andoni Trekuk moldatu marrazkiarekin markagailua plazaratu duela Liburutegiak. Ale mordoa, gainera, eta behar izanez gero deitzeko, atsegin handiz bidaliko dizkidala-eta. Halaber, Urte Berri itxaropentsua opa dit. Beti bezain adeitsu Lander.

Otsailak 11.

Gaur trenez –tarjeta dorada izateko adina dudanetik trenez egiten baitut Donostia-Madrid joan-etorria, busean baino askoz ere erosoago– Madrid aldera natorrela, ikusi dut zuzenki nola ligatzen duten gaurko gazteek, hots, brasileiro baten eta txikana baten artean Kupidoren gezia nola aritu den lanean. Aurora Egidorekin zita izan dut Liburutegi Nazionalaren aurrez aurreko zerbezeria beiradunean. Eta prestatzen ari den El Diálogo de las Lenguas erakusketarako galdetu dit ea prest nagoen lantxoren batekin parte hartzeko. Gaia: Manuscritos y libros vascos de la Biblioteca Nacional de Madrid. Baiezkoa eman diot, noski, oso miatuak eta erabiliak baititut bertako euskal tesoroak.

Martxoak 24.

Gaur Lavapiés ondoko Tribulete kalean dagoen UNEDeko egoitzan, Escuelas Pías deituan, Poesía Vasca. Antología bilingüe 676 orrialdeko liburu mardula aurkeztu dut. Azaleko ilustrazio gisa 1820ko G. Engelmannen litografia, non itsasontzi bat Pasaiako portuan sartzen ageri den, eta Pasai San Pedroko aldean dagoen mendi gailurrean gurutze bat. Aurkezpen-mahaian, Mercè Boixareu errektoreordea, Rutas Literarias y Artísticas programako zuzendaria, Antonio Moreno, Filologiako dekanoa eta Miguel Ángel Pérez Priego, Erdi Aroko eta Errenazimentuko poesian aditua. Etorri direlako denei eskerrak eman ondoren, elebidunetan egin ohi diren saioak aipatzera pasatzen naiz egungo gaian, hau da, euskal poesiaren edizio elebidunetan. Azken hogei urteotan Julia Butinyàrekin eginiko elkarlana ere aipatzen dut, eta On Kixoteren itzultzaile den Pedro Berrondoren hitzak gogoratzen ditut galdetu ziotenean zergatik eman zituen hiru mila ordu inguru itzulpen lanean:

Maitasunak barkatzen ez duelako, es decir, porque el amor no perdona... no escribo en euskera porque esta lengua tenga una larga o corta vida, sino porque es mi vida... No me duele el haberle dedicado tantas horas al Quijote, al contrario estoy muy orgulloso de ello. [... ] El País Vasco debiera hacer examen de conciencia y las paces con Castilla. Los vascos tienen cierta tendencia hacia Castilla, hacia Salamanca. Ahora, sin embargo se va en búsqueda de luces a Alemania... 

Eskertu dut Antonio Dominguez Rey, SERTA errebistako zuzendaria, euskal poetak munduratzeko egiten ari den ahaleginagatik, eta Medios Impresos sailean lanean ari direnak ere, Josune, Ana, Isabel... Nola duela hiru egun ospatzen zen Poesiaren Nazioarteko Eguna, preseski, eta nola defini daitekeen, definiezina dena, alegia, Poesia dela Hitzaren bitartez Egia eta Ederra bilatzea, erditzen saiatzea.

Eta erreibindikazio unea ere iritsi zait aipatu dudalarik Carlos Alvar eta Jenaro Talensek Galaxia Gutenbergen argitaratu Locus Amoenus, Antología de la Lírica medieval de la Península Ibérica, non sartu dituzten latinez, arabieraz, hebraieraz, mozarabez, okzitaneraz, galaiko-portugesez, gaztelaniaz eta katalanez idatzitako poemak, ahantzi dituztelarik, ohi bezala, euskarazkoak. Ezjakintasunaren eta axolakabekeriaren emaitza. Eta ohiko topikoak periferiaz, eta euskara hizkuntza uhartea dela, lengua isla, kritikatu ditut, zeren alde batetik beti da bestea periferia, eta uhartea baino areago Euskal Herria Santiagoko bidean pasaleku ohikoa izan baitzen mendeetan. Saio honetatik Pérez Priegoren hitzekin gelditu naiz pozik benetan, hots, aitortu duenean harri eta zur gelditu dela euskal poesiagintzan zenbat poeta eta zein kalitate onekoak diren ikusita, tantos y tan buenos... 

Martxoak 25.

Iazko maiatzaren 30ean sinatzen nuen UNEDek otsailean plazaratu duen Teatro Vasco. Historia, reseñas y entrevistas, antología bilingüe, catálogo e ilustraciones, 574 orrialdeko liburuaren Presentación delakoa. Eman dizkidaten ale batzuk teatrozale, ezagun eta adituen artean banatu ditut eta Alfonso Sastrek Hondarribitik gutuntxo hau bidaltzen dit, igorri diodana eskertuz: Querido Patri: ¡Gracias mil por tu precioso regalo! Un abrazo muy afectuoso.

Martxoak 26.

Ramón Etxezarreta adiskideari ere bidali baitiot ale bat. Honek kultura-delegatu bezala duen agenda betean aurkitu du lekua eta gaur hamabi eta erdietan egin dugu prentsaurrekoa. Lehenago, goiz jaiki naiz nire Madrileko korralan, Iruñerako trena hartu dut eta han Ramonek bidali didan Udaletxeko beribil ofiziala nuen zain. Gasolinaz eta elektrika indarrez dabilen hibridoan iritsi naiz garaiz. Urrestillak esan du eszeptiko xamarra dela liburuaren irtenbide komertzialaz, arrazoi osoz, baina horrelako liburuak beharrezkoak direla, oinarrizkoak euskal kulturan. Bere aldetik, Aizpea Goenagak gaztelaniaz azpimarratu du, hasieran beldurtu bazen ere, gero tiene un problema y es que es muy interesante, y una vez que empiezas no lo puedes dejar.

Euskal Teatroaren Historia30 antzerki testu hautatu itzuliekin, 
eta beste... 

 

Martxoak 27.

Beraz, poztu egin nintzen aurkezleen hitzekin erabat, eta hurrengo egunean Cristina Tapiak zenbait fotografia eta iritzi jaso zituen Noticias de Gipuzkoa egunkarian, bai halaber Y. Morenok El Paísen. Egun batzuetara, bere aldetik Nerea Azurmendik El Diario Vascon (martxoaren 30ean) euskaraz honako titularrak jaso ditu: “Euskaldunok oso gutxi eza-gutzen dugu gure literatura”, eta “Euskal poesiaren eta antzerkiaren antolo-gia elebidun bana argitara berri ditu; besteak beste, hainbat topiko, mito eta aurreiritzi indargabetzeko asmoz”. Ainhoa Oiartzabalek Berria egunkarian (apirilaren 15ean) egin zidan elkarrizketan, besteak beste honako hitzak jaso zituen: “Gerra aurrean baino antzerki testu gutxiago argitaratzen da”, “Labaienen Teatro eúscaro liburua osatzen joan naiz 30 urteotan”, eta “60ko urteak garai biziak ziren, eta antzerkiak garai haiei erantzuna eman zien”. Eta galdetu zizkidatenei ere, hala nola gaur egungo teatro sorkuntzaz, edota Eusko Jaurlaritzaren arte eszenikoen goi mailako eskolaren proiektuaz nire erantzun xumeak ematen saiatu nintzaien. Bi hitzetan labur daitezkeenak: Eskasa (argitaratzeei dagokienez) eta Ikusiko... 

Poztu ninduen Noticias de Gipuzkoan (2009-III-27), ageri ziren argazki laburren artean, Tres en raya sailean + marka positibo bat edukitzea ere, honako arrazoinamenduarekin: Urkizu ha acometido la com-pleja tarea de recopilar la historia del teatro vasco en un libro que ha sido editado por la UNED. Además, reúne fragmentos de obras teatrales en euskera y castellano, y varias reseñas y entrevistas de personajes clave de la cultura vasca. Ia bizitza oso baten lana biltzen duen liburua da, noski, eta aski modu pedagogikoan aurkeztua dela uste dut, eta batik bat antologiak dituen 30 autore ezberdinen zati hautatuak, bai institutu bai eta Unibertsitateko Literatura ikasleentzat argigarri. Hala nola, teatrogileen antzerkien zerrenda, eta lan itzuliena, non aurki daitezkeen adieraziz.

Apirilak 1.

Azken egunetan harremanetan jarri naiz euskal kulturaz kezkaturik dirudien Annick Renaud-Colon anderearekin. Neuk idatzi Bidegileak bildumako Pierre Lhande Heguy (1877-1957) liburuttoa nahi zuen eskuratu. Bidali diot eta eskerrak eman dizkit eta esan auzoan bizi direnek lagunduko diotela, euskaraz gutunik idazten badiot ere, à la décrypter. Hala bada, harreman honen ondorioz bere etxera gonbidatu ninduen, eta ez da nolanahikoa, Bertrand Zalgizekoaren jauregia baita. Han idatzi omen zituen galduta dauden poemak, Arnaud Oihenarten iritzian mende hartako euskal poeta zenaren, Paueko Korte Gehienean Erregeren kontseilari zenaren eta erramu-boneta merezi zuenaren poemak; horrek guztiak halako zimikoa egiten zidan. Bazkaltzera joan ginen, beraz, Marga eta biok, eta bertan topatu genituen Jean Louis Davant eta haren emaztea. Opari gisa, XVIII. mendeko pastoralen eskuizkribuen edizioa oparitu nion eta solas entretenitua izan genuen ongixko bazkaldu ondoan, Davanti enkargatu ziolarik Lhandez pastorala molda zezan.

Apirilak 11.

Malenen jaiotza izan da gaur, haur eder batez erditu baita Iratxe, Urtziren emaztea. Denak pozik gaude; beraz aitona bilakatu naiz oraingoan; bestelako maila eta kategoria omen da... 

Maiatzak 24.

Iaz erabaki zuten bi urtetik behin egitea Irun Hiria Euskarazko olerkiaren deialdia. Hau dela-eta bestetan baino gehiago aurkeztu dira, zehazki 19 poema-liburu. Halere, ene ustez ez da kalitatearen langa igo, kantitate gehiago izan arren, Patxi Altunak ziostana ezeztatuz. Hots, kantitatetik letorkeela kalitatea, Luis Garde Iriarteren Unplugged titulua duenari eman diogu saria. Argian Luis Estankonak dioenez:

... liburu kriptikoa da Unplugged, arean malenkoniatsua, baina ez tristea. Narratiboa, baina ez lirika bakoa. Hirugarren pertsonan pentsatua, baina norberari buruzkoa... “Kontakizun, / abesti, / is-torio edo poema guztiak, / leiho eta gizaki batekin hasten dira. / Gi-zaki bat bere leihotik begira. / (... ) Ni ere leihoetan zehar begiratzen dudana naiz. / Horrela hasten da kaier hau”. Sarrerako poema hone-tatik bertatik hasita, Luis Garderen heteronomia leihoa dela nabari da, kristalezko talaia hori da poeta. Leihoak kanpora ematen du, baina baita norbere isla itzuli ere. Autoreak “beste niak” aurkitzen ditu leihotik kalera begira eta pertsonaiak, lekuak, fikzioa eta mate-riala eskaintzen dizkio bista horrek. Behatoki pribilegiatu horretatik besteei buruz idazten du poetak, bere barne-kezken istorioa eraikiz bezala... 

Jaialdia egin du gaur Irungo Amaia zineman Kutxak, 2007an eta aurten saritu poeta eta nobelistekin batera, antzerkitxo bat zeremonia barnean jokatu dutelarik.

Uztailak 7.

XIX. Uda Ikastaroak antolatu ditu aurten UNEDek Méridako egoitzan uztailaren seitik zortzira, Literatura sailaren barruan honako gaien gainean mintzatu garelarik: Letras y espectáculos en la Segunda República. Eta San Fermin egunean honako hitzaldiak eman ditugu irakasle-adiskide taldeak: Goizeko bederatzi eta erdietan, María Clementa Millánek, ilustrazioetan nik lagundurik: “La Barraca” y el teatro de la época, Federico García Lorcaren antzertiaz eta zuzentzen zuen teatro-taldeaz. Hamabietan Vicente Granadosek Memoria histórica y Segunda Repú-blica, prentsan ageri planteamendu politikoei zorrozki heldurik. Arratsaldeko lau eta erdietan neroni aritu natzaie Teatro vasco en la Segunda República gaiaz, eta bukatzeko arratsaldeko zazpietan etxeko anfitrioia eta zezenetan aditu handia den Miguel Padillak Pan y toros gaiaz. Gero denak afaltzera joan gara elkarrekin, pozik, ikasle guztiak ere oso gustura geratu direnez.

Uztailak 15/17.

Lourdes Otaegik zuzendurik eta Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa Batzordeak antolaturik, UPV-EHUko XXVIII. Uda Ikastaroen barnean –XXI. Europar ikastaroak deituetan, sekula konprenitu ez dudan izendapena, hasierakoak jadanik europarrak zirenez– Donostian jardunaldi batzuk izan ditugu uztailaren 15etik 17ra. Programak dioenaren arabera, Gerra Zibila amaitu zela berrogeita hamar urte betetzen diren urte honetan, gertakari hark euskal literaturan izan duen harrera eta isla aztertzeko asmoz. Jon Kortazar, Ana Toledo, Jean Haritschelhar, Mari Jose Olaziregi, Iratxe Retolaza, Ur Apalategi, Iñaki Aldekoa eta neronek eman hitzaldien edizioa Ana Toledok aurkeztuko du Euskera (2009) aldizkarian Gerra Zibila eta euskal literatura titulupean.

Nire gaia Euskal Teatroa Gerra Zibilean (1936-37) izan da eta bertan emandako ikerketaren laburpena honakoxea da, hain zuzen:

Gerra zibila eta ondorengo gerraostea suspertzen hasiberritako euskal kulturarentzat eta antzertiarentzat kolpe latza izan ziren. “Aitzol” eta “Lauaxeta” mugimendu euskaltzalearen bi pertsonaia funtsezkoen eta gailenen fusilamendua, bai nazionalista sutsu eta nabarmendu gehienen erbesteratze eta kartzelaratzea, euskara erabiltzeko debekua, ... horrek guztiak haustura larria ekarri zuen. Alabaina, 1937an jaio eta urte berean, Bilbo erortzearekin bat zenduko zen Eguna lehenengo euskal egunkariaren garaiko kronikak jarraituz gero, faxistek okupatu gabeko eremuan hainbat antzezpenen berri topa dezakegu, hala nola Bilbon, otsailaren 11an, Bilboko Euzko Gastedija taldeak eskaini zuena. Emanaldi horretan Pearse-ren Iru Gudari, gazteleraz eta Soroaren Ezer ez ta festa euskaraz jokatu ziren. Hitzaldi honetan aztertzen dira zein dramaturgiatan kokatzen diren bai aipatu obra horiek, baita batik bat Yeats-Sota-Altunaren, Negarrez igaro zan atsua; S. Arana - M. Sota-ren Libe; eta A. Campión - A. Etxaberen Pedro Mari. Hala nola bereziki gerra gaitzat harturik honoko antzerkigileok moldatu eta antzeztarazitako lanak: Antonio Ruiz de Azua “Ogoñope”, Euzkadi'ko erri baten (Ekin, México, 1950); Antonio Labaien, Lurrikara (Euzko Gogoa, Miarritze, 1955); Jean-Louis Davant, Agirre presidenta (Arrokiaga, 1995), eta Carlos Panera, Lauaxeta, herri-antzerkia (Bilbao, 2005).

Hitzaldiaren une batean garaiko bertso zenbait kantatu bainituen (jada nire hitzaldietan ohiko baliabide bilakatua) entzuleek txalotu egin ninduten eta pozik nintzen, baina batik bat esango nuke Emakumea Iru gudari antzezkizunean eta Atsua Negarrez igaro zan atsua lanean, Dublindik barrena, Yeatsen teatro irlandarraren bitartez, etorki japoniarra duen. Alegia, teatro japoniarraren eragina nola iritsi zitzaigun aurkeztea izan zela nire ikerketan gauzarik interesgarriena.

Uztailak 20/24.

Josu Chuecak koordinaturik, Udako Euskal Unibertsitatearen ekitaldien barnean, Iruñan eman genituen zenbait hitzaldi Josu Chuecak berak, Iñaki Goioganak, Xabier Irujok, Emilio Lopez Adan “Beltza”k eta neronek. Hurrengo urtean bilduko ziren Lau Haizetara. “Gerra Zi-bilaren ondorengo erbesteaz” liburuan.

Abuztuak 8.

Arkaitz A. Murok Noticias de Navarra egunkarian elkarrizketa bat argitaratu du eta titularra honelaxe hasten da: Errepublika eta gerra garaiko antzerkiak ongi aztertzea merezi du... , eta eginiko galderen artean hau da bat:

Zergatik izan zuen antzertiak Irlandako teatroaren eragina?

Irlandan independentzia ematen da eta Euskal Herritik eredu gisa begiratzen dute. Garai horretan zenbait autore ospetsu zeuden uhartean, hala nola W.B. Yeats Nobel sariduna –Europan eta literaturaren munduan oso estimatua izan zen idazlea–, Pradic Pearsek antzerki sinbolikoa idazten zuen, eta 1916an fusilatu egin zuten, beste askorekin batera; gure artean Irlandarekiko lilura zegoen. Hori eta mugimendu abangoardistek XX. mendeko lehendabiziko herenean zer-nolako eragina izan zuten kontuan hartuta, Lauaxetak idazle hauen lanak itzuliko zituen. Maurice Meterlinck autore belgiarraren obrak batez ere. Dena den, teatro irlandarrak ez zuen bakarrik euskal teatroan eragina izan. Izan ere, gaztelaniazko antzertian ere eragina izan zuen; Federico Garcia Lorcaren lanean, adibidez.

Urriak 1.

Ikasturte honetan, alegia, 2009-2010 jubilatzen baita Marga, eta UNEDek eskaintza egin digunez aurre-erretiro bat 70 urteraino, ia soldata osorik ordainduz, elkarrekin jubilatzea erabaki dugu, hau da, belaunaldi berriei lekua uztea lan posturik ukan dezaten. Beraz, neurri batean amodioak eragin jubilazioa dela esango nuke, zeren eta horrela, nahi ditugun bidaiak egin genitzakeen eta ez ibili nahitaez astero Madrilera joan-etorrian. Ordezko lanak burutu ditzan, gomendatu Arantzazu Fernández institutuko katedraduna hartu dute.

Urriak 3.

Ohiko eran, bagoaz Pariserantz Hendaian trena goizetik hartuta. Montparnassen hartu dugu busa eta bagoaz rue Ternauxen kokatua dagoen apartamentura. Txikia da, baina argia. Bertan otordua egiteko ez zaio tresneriarik falta, baina ez dut uste askotan erabiliko dugunik. Ohea eskailera batzuk igota aurkitzen da. Ea estropezurik ez dugun egiten. Saint Germain kaleko jatetxe libanoar batean afaltzen dugu. Jendez mukuru daude kaleak, gaua izan arren, la Nuit Blanche baita, Gau Zuria.

Urriak 5.

Egunez batera eta bestera gelditu gabe ibili eta bagoaz bazkaltzera Luxemburgoko jardinen ondoan dagoen Café Tournon izeneko bistrotera. Hemen dagoen hotelean bizi izan ziren Joseph Roth eta Soma Morgenstern idazleak eta ordu asko pasatu zituzten bertan, naziak boterea hartu eta Frantziara exiliatu zirenean. Nagoen esalkiaren aurrean Joseph Rothen fotografia dago koadro handi batean hementxe bertan, eta Margak beste argazki bat egin du ispiluaren beste aldean, Rothen ispiluko irudiaren gerizpean, liburu bat irakurtzen ari naizela. Bere obra ezagutuena Radetzky martxa izan arren, hor utzi zizkigun Job, Edale saindua-ren leienda ere, hain gustura eta erraz irakurtzen dena, Hôtel Savoy, La Crypte des capucins eta bere gaztaroko kazeta-artikuluak.

Gauean auzo indiar batean kokaturik dirudien Théâtre des Bouffes du Nordera goaz. Boulevard de la Chapellen dago, 10. arrondisamenduan. Peter Brookek zuzendutako antzoki honetan gaur Karen Vourc’h sopranoak eta Susan Maneffe pianistak ematen duten kontzertua benetan hunkigarria. Ahots argia, fina, gozoa, goiko notak aratz eta garbi ematen ditu eta era berean eztitsu. Emakume maitagarria da Karen, zeren eta ahots miresgarriaz at oso ederra baita, laguntzen dion Susan bezala. Hau New Yorken jaioa da, etorki letoniar eta alemaniarra duena. Kantak suedieraz direnean arras ongi aditzen dira bost metrora, teatro erromatar txiki bat dirudien honetan, zirkuluerdian ezarri zurezko aulkietatik.

Azaroak 17.

Filologia Klasikoan jardun dudanez hogeita bat ikasturte hauetan, Colaborador Honorífico izatea eskaini dit bertako zuzendaritzak, ohorezko kolaboratzaile, eta beraz, urte hauetan guztietan izandako harrera eskertuz, onartu egin dut. Bai eta halaber, gure errebistan, alegia, Revista de lenguas y literaturas catalana, gallega y vascan Erredakzio Kontseiluko partaide izatetik Ohorezko Kontseiluko partaide izatera iragan naiz Xesus Alonso Montero eta Antoni Maria Badia i Margarit doktoreekin, zeina benetan ohore handia den horrelako jakintsu handien aldamenean agertzea.

Azaroak 24/25.

Pauen nago. Artxibo Departamentalak arakatzen, Jakes Belakoaren eskuizkribuak begiratzen eta bi agiri kopiarazten ditut. Bat euskararen historia sozialerako interesgarria izan daitekeena, Donibane Lohizunen 1790eko otsailaren 28an sinatua, non agertzen den nola...

Paul Leremboure habitante de Saint-Jean-de-Luz, il donnent pouvoir de pour eux et en leur nom demander à qu'il appartiendra les articles del examen qu'en exige d'eux pour être reçuz capitain des navires de pilote, a fin qu'il puisse faire traduire en Basque pour leur usage... 

Alegia, garaiko itsasoko kapitainak euskaraz nahi zituztela azterketak eta horretarako itzularazi egiten dituztela, eta beraien izenean Paul Leremboure donibandarrak egiten duela eskaera. Beste bigarren dokumentua Petrus de Axularrek sinatzen du, eta Sarako jaiotzak jasotzen dituen liburuttoa da. Hauek gehienak latinez dira, gaztelaniaz dauden batzuk izan ezik. Titulua hauxe da: Liber Baptismalis Sancti Martini de Sare ab anno 1609 inclusive usque ad 1624 inclusive. Eta sinatzaile Petrus de Axular.

Kopia txukun eginarazia Larrean ospatu LIBeko bileran Euskaltzaindiko Lehendakari den Andres Urrutiari oparitzen diot Liburutegirako, eta eskerrak eman dizkit. Baina saileko ia denak txunditurik utzi gaitu esan digunean, ez dugula ia deus egiten, ez dakigula filologia lanak saltzen, eta salbuespen bat daukagula taldean, alegia, Jon Kortazar, honek bai baitaki Literatura saltzen... Harri eta zur gelditu gara, bai, ez baikenekien gure lana zenik saltzaile gisa ibiltzea hortik zehar. Ez da txantxetakoa, alajaina, hori norengandik eta euskaltzainburuaren ahotik entzun beharra... 

Abenduak 24.

Atzo, Lyonen gaude orain, Place du Petit Collègen Errenazimentu garaiko egoitzan kokaturik dagoen Musée Gadagne, Histoire de Lyon et marionettes du monde museoan izan ginen; sarrera doan. Marionetak edo txotxongiloak –hitz hori ez zait inoiz gehiegi laket izan–, benetan grazios eta politak mira daitezke, hala nola Hiriko Historia, erromatarrak, Erdi Aroa, hilotina, langile mugimenduak... 

Orain eguerdiko ordu bata eta laurden dira. Funikularrean eserita zain gaude, noiz egingo duen gorantz, ibaiertzean dozena bat ostra dastatu ondoren txarro bat ardo zurirekin. Badu hiri honek Lisboaren trazatxoa, itsasorik ez eduki arren, bi ibai eder baititu. Auzoko liburutegian sartu gara, baina ez du ia batere interesik niretzat. Goizean Inprimategiaren eta Arte Ederren Museoak ikusi ditugu, eta batez ere bigarrenean aspertuxe egin gara, lehena, aldiz, miresgarria da. XV. mendeko zenbait argitarapen eta Luteroren lehen edizioak ikusgarriak. Bertan erosi dut Histoire des objets qui racontent l'Histoire de l'imprimerie; hitzaurreak Frédéric Barbier irakasleak eta Alan Marshall museoko zuzendariak idatziak dira eta liburuxka irudi ederrez apainduta dago (Lyon. EMCE 2009). Gauden erresidentziatik, goi partean baitago hau, oinetan bailegoen ageri zaigu Lyon lanbro artean argi dizdizariz, urrunean ilunabarra, hodei gorrixta batzu, dorre garaiak eta tximiniei kea dariela... 

Abenduak 25.

Katedralean meza nagusia kardinalak eman du eta bere sermoi eguneratua entzun dugu. Argia da benetan gazte hau. Koruko mutikoekin latinez kantatu dugu, eta ia jatetxe denak itxita daudenez, Eguberri egun honetan Medina izeneko jatetxe mairuan bazkaldu dugu. Gero siesta egindakoan, ibilaldi luze bat egin ibai ertzetik eta Brasserie George 1836n xukruta eta garagardoa dastatu ditugu. Lekua aparta da. Dena art-nouveau estiloan dekoratua.

Abenduak 27.

Euskal bertso-paperei buruzko ikerketatxo bat egiten ari naizenez, eta bereziki urkaberako baladez, Pierre Horayk idatzitako Canards du siècle passé, Biblioteka Nazionaleko kontserbatzaile-buru den Jean-Pierre Seguinen hitzaurrea duena, erosi dut. Zabalez 31 zentimetrokoa eta luzez 44koa da, eta benetan erreproduzio hunkigarriak ditu. Irudiek eta kantek XVI. mendean hasi eta batik bat XIX. mendean osatu zuten kazetaritza ez periodikoaren ezaugarri ederra da, eta 25 eurotan pagotxa iruditu zait, bigarren eskuko altxor hau.

Bidaia honetan, Inprimeriarenaz at Gallo-romain deritzana, Zetarena eta Zinemarena izan dira gehien gustatu izan zaizkidan museoak.

Galoen eta erromatarrenean benetan txunditurik utzi nau Lugdu-num hiriak mundu latinoan izan zuen garrantziak. Mosaikoak irudi geometrikoekin, arrain koloretsuekin, pertsona erretratuekin, koadriga zaldi-karreren irudiekin, larrutsik saria eskuan daraman atleta irabazlearekin, ahuntz-zangodun satiroekin, eskulturek, hartitzek, Lyonen jaiotako Klaudio enperadorearen solasek, tamaina ezberdinetako ontzi koloreztatu eta irudikatuekin, urrezko eta harri bitxizko joiek, harri irudiz zizelkatuek, teatroaren... ikuskizundegiko ikusleen mailadiek... Zetarena, hau da, La Maison des Canuts deitzen dena ere oso gogoko izan dut. Zeta nola egiten zen erakusten duten lekua, antzinako erreminta eta tresneriarekin; lurraldeko ehungintzan izugarrizko garrantzia izan baitzuen zetak.

Eta azkenik, Lumière anaien etxea, hauek izan baitziren zinema industria bilaka zitekeela ikusi zutenak, eta lehenak izan baitziren produzitzen 1895az geroztik lehen plakak, kamerak, filmak ekoizteko beharrezko guztiak. Lau solairu ditu 1899an art-nouveau / art déco estilo berritzailean eraikitzen hasi zen villa eder honek, bere lorategi ederrarekin.

Abenduak 28.

Trenez Marseillara iritsi gara, Chateaubriandek dioskunez, Antzinateko L’Athènes des Gaulesera, eta kaiaren ondoko hotel batean hartu dugu hiruzpalau egunerako gela. Ordu biak hogei gutxi dira, eta maletak gelan utzi ondoren, neguko eguzkia dastatzera atera gara. Hemen Lyonen baino askoz ere eguraldi goxoagoa dugu. Ez dugu bufanda eta txapelik behar, eta portu zaharreko taberna batean gaude eguzkiak epeltzen duen txokoan eserita. Koadroak aski kaxkarrak dira, baina giroa ona da. Balirudike bertako auzotarren jantoki hautatua dela. Lehen lerroan dago portura begira, eta eserita nagoen lekutik honako iragarkia irakurtzen dut: Syndicat Libre Des Patrons Pecheurs, alegia, Arrantzalen Sindikatu Askea. Jatetxe asko itxita daude. Haragi gisatua eta Côtes de Rhone pitxar bat ardo zuri eskatzen dugu. Ohikoa, arrunta baina ona.

Lo kuluxka igaro eta mairuak ugari diren kaleetatik ibili gara. Espezieria dendak erruz, eta Margak, hain ditu gogoko ezen batzuk erosi arte ez den lasaitu. La Marsellaise izeneko tabernan gaude zerbeza bana edaten. Ezaguna den bezala, 1792an Rouget de Lislek konposatu zuen Strasbourgen Le Chant de guerre de l’Armée du Rhin delakoa geroago La Marsellaise gisa ezagutuko dena. Tiraniaren kontra asaldatzea ongi dago baina zer nahi zuen esan Qu’un sang impur / Abreuve nos sillons bertsoekin ? Jean Jaurèsen hitzetan, odola aipatzea, alegia, odol urdina, kontrairaultzaileena, oso gogorra da, baina zergatik zioten hori Iraultza garaian? Erregearen banderapean zeudenak askatasunaren aurka, munduko askatasunaren esperantzaren kontra ari zirelakoan, noski, eta gisa horretan ez zirelako gehiago esklabo eta piztia hutsak. Dena den, betidanik Marseilla hamaika odol eta hizkuntza ezberdinez osatu bide da: lehenik greziarrak, gero erromatarrak, arabiarrak, armeniarrak, italiarrak, espainiarrak, korsikarrak, afrikarrak, txinatarrak... Arratsaldeko zazpi eta erdiak dira eta Marga La Guide du Routardi bueltaka dabil ea non afal dezakegun leku polit batean, ongi eta merke. Calanquesetako kalak, hondartxoak ikustera joango ote garen dudatan gaude, jendez mukuru omen dira uda partean baina orain, garai honetan, hutsik eta jende gutxirekin, pollitak egon daitezke agian.

Abenduak 29.

Goizean gosaldu eta Arsenaletako liburu-dendara. Han Gironde lurraldeko herri literaturaz liburuxka bat erosi eta bagoaz aldapetan gora, Le Panier auzo zaharrean barrena. Gero Fondation Regards de Provence delakoak antolatu duen “Jean Cocteau et la Méditerranée” erakusketa ederra plazer handiz ikusten dugu. Cocteauren mundu poetikoa. Mitoak, idatziak, fotografiak, margoak... Bere ideietarik bat kopiatu dut:

La Méditerranée ne se contente pas d’être un spectacle. Il est pro-bable que son sel et que son iode contiennent autre chose de fort mysté-rieux, puisque toutes les côtes qu’elle baigne forment une sorte de pa-trie et que les peuples qui habitent cette patrie composent une famille qui, même lorsque les apparences et le mur des langues le démentent, groupent une sorte de race, et je le répète, de famille.

Hots, Mediterraneo inguruko herrialde guztiek, hizkuntza ezberdinetakoak izan arren, familia handi bat osatzen dutela, zerbait misteriotsu ematen baitiete denei bertako gatzak eta kresalak. Jaitsi gara portura eta dena urdin den Kahena jatetxean gelditzen. Toldoa urdin iluna, sarrerako burdin sarea urdin argia... Kahena printzesa bereberra omen, eta bertan bazkaltzen dugu kuskus plater eder bana. Bazkalondoan, hotelean lo-kuluxka txiki bat egindakoan, bagoaz L'Estaque aldera autobusez. Paul Cézanne, Georges Braque, Auguste Renoir eta beste pintore anitzen leku hautatura. Gauean pizzeria batean afaldu eta portutik ibilalditxo bat egin eta aski nekatuta erretiratzen gara gure gelara ordenagailuari kasu pixka bat egitera.

Abenduak 30.

Dutxatu eta gosaldu. Mahaian nago eta hementxe nabil koadernotxoan idatzi eta lekuen izenak oroitu nahiz, gero eta maizago ihes egiten baitidate burutik. Gaur konbentzitu dut Marga hotelean bertan gosaltzeko, eta bapo egin dugu. Zukua, esnea zerealekin, kafesnea, kruasana, ogia gurinarekin eta eztiarekin. Dena on-ona. Margak ez ditu uzten une batez ere hiriko planoa eta gida-liburua eskuetatik. Gaur Le Corbussier arkitektoak burutu zituen etxeak eta Cassys bisitatu behar ditugu.

Ordu biak dira eta Cassysen eseri gara portu aurrean. Ontzi txiki batzuk ditugu begi aitzinean. Litro erdiko pitxerzuri-horixta eskatu dugu. Eguzkitan gaude, baina neguko eguzkiaren epeltasun hau eskertzekoa da. Le Perroquet du izena errestauranteak. Busez itzuli beharrean trenez itzultzea erabakitzen dugu eta villa arteko aldapa luzexka igo eta tren geltokira iritsi gara. Portuko tabernariari galdetu diogunean ea urrun zegoen zoroak bageunde bezala begiratu digu, aldapak omen direla bidean, hiruzpalau kilometrora dagoela, galdu gaitezkeela... , baina villa batetik atera den neskatxa ile beltz, begi berde eta gerria airean zeukan batek bidea ongi seinalatu digu eta hementxe gaude. Laurak dira. Baina goi parte honetan fresko egiten du eta txamarra eta jertsea berriz jantzi ditugu. Hemendik Mediterraneoaren urdinak, pinudiak, kipresak eta villak ikus daitezke eta bizimodu lasai eta atsegina sumatzen.

Abenduak 31.

Portutik goazela, aqua alta daukagu, veneziarrek lioketen eran, hau da, itsasgorarekin paseora sartzen dela pixka bat marea, olaturik batere ez izan arren, eta jendeak espaloian barrenerantz jo behar duela, uretik ihesi. Nôtre-Dame-de-la-Gard, Ama Birjinari dedikaturiko baselizara iristen gara eskailera pila bat igota; Henri Espérandieu arkitektoak estilo neo-romano-bizantinoan eraikita, eta 1864an bukatu zen. Fotografia batzuk ateratzen ditugu itsasora begira, tartean Jesus itsaso zakarrean itsasontzi batean doala irudikatzen duten azuleju pintatuei. Urrunean kartzela harkaitz huts den uhartean, itsasontziak beren iparraren bila, eta... bagoaz beherantz, jende gehiegixko baitabil eliza inguruan...Arratsaldeko zortzietan Jules Massenetek 1899an sortu Cendrillon opera ikusi, entzun eta dastatzen dugu. Alegia, Charles Perraulten Errauskine ipuinean oinarritua. Soprano lanetan, Errauskine Julie Boulianne; musika-zuzendaritzan Cyril Diederich; korua, Marseillako Operakoa eta eszenaratzailea Renaud Doucet. Dena finezia eta antze handiz moldatua. Urte Zahar gauerako oso egokia. Antzokitik –hau ere artdéco estiloan eraikia– irtendakoan Il Canaletto jatetxera joan gara afaltzera. Sarrera ongi, baina arraina, eskatutako barbarinak hain dira txikiak non kabuxak baitirudite. Portu zaharretik hotelerako bidean arabe eta beltz ugari gurutzatzen ditugu paseatzen.

Lezoko etxera deitu dut Urte Berria opatuz, eta hitz batzuk egin ditut Marikrutx, Miren, Joxeba, Urtzi eta besteekin. Bihar iritsiko garela Euskal Herrira. Hainbeste gustatu zaigun Robert Guédiguian eta Ariane Ascarideren hiriari... ariyo.