2005

Urtarrilak 1.

URTE Zaharrari Agur eta Ongi etorria Berriari. Ohiturari jarraikiz, kafesnea, kruasana, ogia, gurina eta marmelada gosarian. Bagoaz Arabiarren Etxera eta han Pharaon esposizio bikaina ikusteko aukera daukagu. K.a. 1500-1000 bitarteko urteetan egiptoarrek egin zituzten maisulanak ez dira txantxetakoak. Harriz, zurez, zilarrez, urrez, eta beste gaiez eginiko artelanak gaur arte hain ongi nola kontserbatu diren miresgarria da. Aro lehorrak, noski, lagunduko zuen mendeetan zehar, baina harrigarria da benetan gizon eta emakume haien edertasuna. Nefertitik daukan lepo eta aurpegi-irudia bezain finak dituzte gizon-andere bikain hauek, baina balirudike goi-mailakoak soilik zitezkeela, faraoiaren familiakoak edo agintari eta eskribauenak, zeren eta esklabo gaixoen gorputzak lanak eta izerdiak hondatuak zeudekeen.

Ohi bezala, hamaika jatetxeren karta begiztatutakoan Place des Vosge-sen ondoan frantses eran ongi, baina garagardo alkoholik gabeaz elikatu gara. Izokin keztatua eta pot-au-feua, hau da, porru, azenario eta beste barazkiz moldatu eltzekoa. Ondoren, digestioa egitearren, bagoaz korrika La Bastillera, lauretan hasten baitzaigu Ludwig van Beethovenen IX. Sinfonia. Pariseko Operako orkestra eta abesbatzak. Biak benetan bikain.

Ilunabarrean, 1966an Yasuzo Masumurak buruturiko Irazumi / Tatuaje film japoniarra ikusi dugu, 22 orenetan hain zuzen. Otsuyak gurasoen etxetik ihes egiten du, baina Gonjiren besoetatik geisha-etxe batera eramanen dute. Han tatuaje-maisu batek Otsuyaren soin ederrean armiarma handi bat margotuko du, eta intsektuaren izpiritu mendekatzaileak neska inozent zenaren baitan halako indarra hartzen du eta hainbesteraino gaiztotzen da, non inguratzen zaizkion gizon guztien galera, hondamendia izanen den. Orotara zazpi izanen dira bortizki hilak, edertasun hiltzailea bidean topo egin eta haren jabe egin nahi izateagatik. La femme fatale honen bertsio ezin hobea, iradokizunez betea eta izugarria. Irudiak eta koloreak zirraragarriak.

Urtarrilak 2.

Igandea. Urteko lehendabizikoa eta iritsi zaigu partitzeko tenorea, beraz. Hiru eliza bisitatu ditugu goizean. Hotel ondoko eliza errumaniarra, Nôtre Dame, eta eliza greziarra. Hiru hizkuntza ezberdinetan

errituak egiten dituzte eta hiruretan leku garrantzitsua betetzen du kantuak. Ondoren, George Brassens parkean zehar ibili gara. Taberna batean noisette bana hartu eta ordu bat liburu-saltzaileen ohiko eskaintzak

ikusteko. Batek begia jo dit eta prezioa eskatu diodanean, lortu dut hamabost euroz jaistea eta hogeita hamarretan erosi diot Dictionnaire des personnages littéraires et dramatiques de tous les temps et de tous les pays. Poésie, théâtre, roman, musique, 1960an Laffont-Bompiani argitaletxeak plazaratua. Irudiz eta ilustrazioz ongi hornitua, txuri-beltzean gehienak eta koloretan batzuk, eta batez ere pertsonaien historia-gorabeherak eta interpretazio ezberdinak klarki ematen dituen hiztegia da. Baliagarria benetan teatro munduan bereziki murgiltzeko, eta bereziki pertsonaietan sakontzeko batez ere.

Urtarrilak 8.

Fotografia zahar batzuk, beno, ez hain zaharrak begiratuz Bordelen Le Noailles Brasserie aitzinean bazkaldu ondoren ateratako bat ikusten dut: Mari Aranguren, Marga Rica eta Julio Azkargorta, bere adiskidea, eta neroni. Nik mirespenez behatzen dut Mari. Erizain bilbotar hau, Latinoamerikan egona, haurrak mundura nola ekarri behar diren erakusten dutenen ofiziokoa, hain alaia beti eta umoretsua bera, minbiziak jota dago. Eta eritasunaren aurka ezartzen duen borondatea eta grina harrigarriak dira. Juliori, aldiz, pozik egon arren bere besotik helduta urrutira behatzen ari dela ikusten zaio, kezka ezkutu batek zimikatuko bailuen. Beste fotografian, tranbia igarotzen den burdinbidean daude Mari, Marga eta Julio. Hirukote benetan adimentsu, izpirituz betea eta bizia, bizitzaz eta honek eman dezakeenaz pozik eta ahalegin guztiak egiten saiatuz. FNACen eta Mollat liburu-denda miresgarritik igaro ondoren, beste fotografia batzuetan Marga eta biok Saint André katedralaren aurrean dagoen Café Rohango terrazan gustura. Baina hauek jada ez dira negukoak udaberrikoak baizik.

Urtarrilak 25.

Dublindik ezagutzen ez dudan Liam Healy-ren gutun bat jasotzen dut Catherine Hackett-ez, Anton Abbadiaren amaz interesatuz. Ea albiste berezirik badaukadan, eta agurra ingelesez euskaraz eta gaelikoz egiten dit: Take care, Laster Arte, Slán go fóill. Liburuan esandakoez aparte ez dut albiste gehiagorik emateko.

Urtarrilak 29.

Ohi bezala, Gipuzkoako Kutxaren Areto Nagusian biltzen gara 2005eko Euskarazko Donostia Antzerki Saria epaitzeko. Zortzi obra aurkeztu dira. Badira klasikoak eta modu zaharrean idatzitako antzerki aberkoiak ere. Tragediak eta komediak, azkenean Moskatel Team sariztatzen dugu. Egilea Joxean Sagastizabal eibartarra gertatzen da. Izugarrizko arrakasta izan zuen Kutsidazu bidea, Ixabel eleberriaren sortzaileak, zinemara ere pasatu dutena. Baina hainbesterainoko arrakastarik ez zuen izan, antza, antzerkiak agerrialdien esparruan, ziklismoaren mundua gure artean oso estimatua izan arren, eta benetan testu hura ez zen izan nire hautua, baina garbi dago bost boto direla eta hiru bederen jaso behar dituela irabazleak.

Urtarrilak 30.

Baionatik Xarles Videgain adiskideak idatzi dit (Gutunak 28) Mitxelenaren gutunak eskertuz eta Anton Abbadiaz egin biografiaz erreseina bat aginduz. Horrelako gutunak pozten dute bat, pentsatuz norbaiti pozgarri gerta dakiokeela batek ondutako lanen irakurketa.

Otsailak 19.

Zarautzetik oraingoan Leopoldo Zugazak idazten dit, esanez Euskal Herriko literatura-bildumez lan bat prestatzen ari dela, eta horien artean teatroarenak. Nire Historia de la literatura Vasca delakoaren 633. orrialdean Izarra bildumak hogeitasei ale atera zituela diodala, eta ea 24, 25 eta 26aren fitxak pasatuko ote dizkiodan. Eskerrak emanez eta agur bero batekin bukatzen du gutuna.

Ahalik zehatzen eta lasterren erantzuten saiatuko naiz. Lan hori Oler-ti etxeak argitaratuko du 2006an, Gizonak eta Lanak, Bibliofiliako lanen bilduma titulupean modu dotorean, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundien dirulaguntzarekin.

Martxoak 25/27.

Nire anaia Joxebaren urtebetetzea. Beti ahalegintzen naiz, harreman handirik ez izan arren, gutxienez bere urtebetetzean deitzen. Berriketatxo bat egin dugu telefonoz eta geratu gara egunen batean arrantzara joateko deituko didala. Tolosa, garai batean Okzitaniako hiri nagusia zenetik gabiltza gaur Marga eta biok. Bernard Lehetek ikasi eta irakatsi zuen Unibertsitatea eta Lege Fakultatea bertan dago. Nolakoa ote zen XVI. mende hasierako bizimodu hura? Eguraldi onarekin egin dugu txango, joan-etorria inolako arazorik gabe. Autopista ere garai honetan aski hutsik baitago.

Koldo Mitxelena.
Irudiak 69-70: Koldo Mitxelenaren euskal Gutunak (1951-1984). BILDUMA 18. Errenteria.

 

Martxoak 29.

Goizeko hamaiketako Continental autobusa hartu dugu eta txoferraren atzean egokitu zaizkigu esalkiak. Gero, lo kuluxkaren eta irakurketaren ondoren, Lerman txofer bat igo da, Maite deitzen da, eta bi txoferren arteko barre, ziri eta adar-jotzeak entzunez iritsi gara. Espero genuen baino lehenago gaude Telefonikako Jauregian, Udaletxearena bilakatuko denaren parean. Arratsaldeko bostetan jada Hotel Suecian gaude, azken solairuan. Madrileko bista ikusgarria da hemendik. Aldameneko etxean dagoen terrazatxoa benetan ikusgarria, lore-potez betea, huntzez apaindua. Ez legoke batere gaizki horrelako terraza edukitzea, eta ez daukadan korrala, baina konformatu egin beharko daukagunarekin. Lehenik Dureroren erakusketako sarrerak El Corte Inglésen erosi ditugu, ondoren Desnivel mendi-liburutegi bitxian egon gara, eta azkenean Unn-en tabernan Antonio, Natxo, Ana eta Unn-ekin berriketan.

Maiatzak 23/28.

Albacete ordez Portugalete hautatu dut azterketa-zozketan, zeren hiriak hautatzen hasiz gero, zerk merezi du gehiago? Cádiz edo Málaga edo Bartzelona hautatzekotan ongi, baina Baza ordez, ez bada jakiteko badela, ba hobeto etxetik hurbil. Bilbotik igarotzen den Ibaizabalen ertzetik banoakizu, eta hor ikusten ditut, Pasaia aldean bezala, almazenak, pabiloi erdi eroriak, leku ia erabat otsoletoak, modan dagoen hitza euskal fonetikaz erabiliz. Zorrotza, Lutxana, Barakaldo, Sestaoko Labe Garaiak, garabiak, karreterako tunel irudiz marraztuak, Arestiren poemak gogorarazten dizkit, baina egun denak argitsuago dirudi, ez hain beltz, ez hain hits, ez hain tragikotasunak joa. Lehengoa, ordea, gehiago gustatzen zitzaion gure adiskide Antonio Parandieti.

Maiatzak 29.

Corpus Christi, Besta Berri eguna Lesakan. Bernardo, adiskide austriarra, Patxi, Marga, Arantxa, Marta eta neroni. Auzo-lanean ehuna karriketan gaindi zuri-zuri ezartzen, eta Marta Ruiz de Garibairen etxandiaren aurrean ihiak, iratzeak, arrosak banatzen ditugu. Hamabiak jo dute, eta meza nagusiaren ondotik prozesioa hasten da baratxe-baratxe kaleetan zehar. Lehenik gurutzea gizon batek daramala, gero txistulariak, ondoren neskatilak xuriz jantzita lore-sehaskekin, ondoren apaizak eta paliopean Ostia sagaratua, Santisimoa, palioa gizonezkoek daramatela, alkatea, musika banda eta soineko beltz apainez jantzi emazte adinduak... Okasio honekin antzeztu zuten Ostegun Santuan, Diego de San Pedroren La pasión de Nuestro Señor Jesucristo auto sakramentala 1566an Hondarribian, eta Donostian 1560an San Bizente elizaurrean, eta baita Bilbon ere 1566an Santiago Elizarenean kofradietakoek errepresentatu zituzten beste autoak. Eta Oñatin oraindaino iraun duten Corpuseko dantzak bezalako ohiturarik ba ote zuten lesakarrek? Litekeena.

Ekainak 11.

Donostia. Kutxak eskaturik hitzaldi bat prestatzen dut, eta ekitaldi batean Aurelia Arkotxa eta neroni Andia kaleko aretoan Euskarazko antzerki-idazleen promozioaz mintzatzen gara. Hona nire hitzaldia, orain arte inon argitaragabea.

Arratsaldeon donostiar antzerkizaleok,

Benetan aspaldiko antzerkizale honi pozgarri gertatu zitzaion Kutxatik deitu ziotenean, –bezero zaharra izaki eta halaber Kutxak antolatutako sarietan denbora luzean aritua–, esanez ea parte hartu nahi nuen mahai-inguru batean non euskarazko antzerki-idazleen promozioaz mintzatuko ginen.

Bai, apalki aitortu behar dut urteak direla Euskal Antzertia nere kezka kuttun eta ardura nagusien artean dagoela, Arte espresabide nagusietarikotzat jotzen baitut. Eta Literaturaren aztertzaile eta historiagile naizenez hor daude nere azterketa eta dibulgazio lanak: Euskal Teatroaren Historia (Kriselu, 1975), Euskal Antzer-tia (Antzerti, 1984), Serafin Baroja, Bertsoak, Pudente, Tormesko Lazkaotxoa, Kontuak. (Txertoa, 1988), Historia del Teatro Vasco (Orain, 1996), Jundane Jakobe Handiaren Trageria (1634) lehen euskal antzerkia. (Errenteria, 1996), Zuberoako Irri-teatroa. Recueil des farces charivariques basques (Izpegi, 1998), Teatro Vasco (Etor, 2000), Maria Dolores Agirre eta Euskal Antzertia (Egan, 2004)... Liburu gisara agertu direnak dira hauek eta artikulu ugari ere argitaratu izan ditut hainbat errebistetan: ANTZERTI BEREZI, EGAN, MUNDAIZ, EPOS, REVISTA DE LENGUAS Y LITERATURAS CATALANA GALLEGA, Y VASCA, REVISTA DE FILOLOGÍA DE LA UNIVERSIDAD COMPLUTENSE, LAPURDUM,... Eta Jardunaldi eta Kongresuetan parte hartu izan dut Ingalaterran, Frantzian eta Espainian (Lancaster, Baiona, Madrid, Sitges, Bartzelona, Gasteiz... ). Beraz uzta hor dago, hala nola egitasmo eder zenbait Mezenas baten zai.

Zergatik Teatroa?

Teatroak gizartean funtzio benetan garrantzitsuak dituelako, eta hauetariko bat idazle zahar hark zioena delako, hots, Corriget ridendo mores. Alegia, ohiturak zuzendu egin behar direla, beraz, onartzen da ez direla zuzenak, eta hori irribarrez egin behar dela, modu ezti batez. Edo gure teoriko zaharrak, Antonio Maria Labaien teatrogile eta gerraurrean ANTZERTI aldizkariaren zuzendari zenak zioen bezala, irria luze, negarra labur. Edota Errenazimentuko idazle paregabe hark, Rabelaisek bere Gargantua eta Pantagruel eleberrian zioskun eran, nahiago zuela irriez hitz egitea negarrez baino, irria baitzen gizonak duen gauzarik propioena, bereziena.

Dena den, gauza bat da teoria eta beste bat praktika, denok ongi dakigun bezala, eta hala oroit dezagun Miguel de Cervantesek El Quijoteren liburuaren II. Partean zioena XXVI. kapituluan, Maese Pero y el mono adivinoren pasaia hartan: ¿No se representan por ahí, casi de ordinario, mil comedias llenas de mil impropiedades y disparates, y con todo eso corren felicísimamente su carrera, y se escuchan no sólo con aplauso sino con admiración y todo?Zein Pedro Berrondoren hitzez itzulita honelaxe litzatekeen: Hamaika ta hamaika antzerki itxura-uts ez al dabil or-barrena, gauzak batekoz beste emanaz eta beren bidean ariñ ta alai ala-ere? Eta ez al zaie txaloka-ezik men-agurka entzuten?Mendez-mende gaurdaino iritsi zaigun teatro badirudi arrakastatsuenak Cervantesek salatutako akats haiek beraxek dituela, alegia, solas arin irrigarri hutsetan gelditzen dela, askotan zabor usaina dariona, duela gutxi Dario Fo-k ere salatzen zuen bezala, ez dela egiten benetako kritika, benetako satira, gustu txarreko errazkeria eta axalkerian erortzen dena baizik. Beha Telebista.

Gure ustez, beraz, beharko lituzke euskal antzertiak funtzio nagusiok bete. Bat: Ohitura gaiztoak kritikatu, eta onak eredu gisa aurkeztu. Bi: Euskara onaren eta hitz egite ederraren eskola izan. Eta hiru: Gure historia eta antzezleen, ondarea errekuperatu.

Gure Antzerkigileak nola bultza idaztera?

Ez gara hemen negarrez hasiko, ez baita hau biderik egokiena. Hamaikatxo idazlek salatu izan baitu sari irabazle diren testuak ez dituztela taularatzen. Baina, halere, esan dezagun eta hau konstatazio huts bat besterik ez da, Antzertia ikuskizun den neurrian hor eta hemen, gure lurraldean barreiaturik badela zer ikusi. Hamaika antzerki bada herriz-herri dabilena... Gaur ere hemen izango dugu bakarrizketa bat. Madrilen jaio Ernesto Caballerok idatzi Pakita itzulia eta Itziar Ituñok antzeztua.

Gaia ezagutzen duzue esku programaren laburpenaren bitartez. Pakitak hiru gizon hil ditu guraizez. Lehena bingoan topatu duen eta abandonatu duen gizona. Bigarrena psikiatrikoan sendatzen ari zitzaion medikua. Hirugarrena teatro zuzendaria. Beraz, Pakitak, bakarrizketa honetan hiru hilketen berri emango digu.

... Ez, ez da izango noski itzultzen hasi eta obra hoberik munduan zehar.

Euskal antzerkigileak bultzatzeko bide egokiena ote? Ez dugu uste. Euskal herrian gabezia ugari bada, eta bat, dudarik gabe Kritikarena da. Kritika eskola ona zitekeen antzertia, baina honetako irakurri eta hausnartu egin behar. Nork irakurtzen eta ezagutzen ditu euskal teatro-testuak? Eta ez esan ez dagoela tradiziorik, ez testurik, Jaurlaritzako Kultur Ordezkari batek zioen bezala. Bada eta, baina ezagutu egin behar.

Antzerti Erakusketa zabal bat 1984an antolatu nuen hiriz-hiri eta herriz-herri ibili zena erakuskai. Gero hura ahantzi zen eta euskara-gaztelania zen Antzerti Berezi errebista ere, Espainian zirenen artean osatuena Ricard Salvaten hitzetan, eta gaur egungo Arteszena aldizkaria baino euskara gehiago zekarrena itxi zuten.

Sarean, Interneteko atarietan diren euskal antzerkiak gutxi. Hogei obra ordez, berrehun, bi mila beharko lirateke, eta Asteroko Antzerkia beharko litzateke, garai batean Madrilen bezala Tea-tro semanal zeritzana ateratzen zen bezala prentsa eraskin gisara. Hori. Interneten eta egunkarietan eta Iparraldeko Herrialdeetan egiten ohi duten bezala antzerki on bat astero emanez.

Baditugu baliabideak hori aurrera ateratzeko, beraz, zergatik ez da egiten? Noren borondate arraiok eragozten digu hiritar kritiko, kulto, gure historiaz eta gizon-emakumeen lanez jakitun, hiztun on eta arrazoinez beteak izan gaitezen?Isil nadin... bestela moderatzaileak atentzioa deituko dit eta... 

Uztailak 4.

Gaur esan didate Helena hilik aurkitu dutela. Dibortziatu ginenez geroztik aspaldian ez nuen ikusi, eta oso noizbehinka ikusten nuenean, Donostiako kaleren batean urrutitik. Medizinek eta kimikak puztua zegoela iruditzen zitzaidan. Juanekiko amodio-abenturak bukaera tragikoa izan du, zeren eta, hura Mexikora joan zenetik, amildegirantz abiaturik, gero eta okerrago zegoela kontatu didate, behin baino gehiagotan ingresatu ere egin beharrean. Agur.

Adiós, compañera, luchadora antifranquista, adiós, apasionada del cine y de la literatura, y que la utopía de libertad y de un mundo mejor se haga para los que quedamos aquí un asidero de vida. Sólo intentaré recordar los mejores momentos de nuestra relación. Agur.

Uztailak 15.

Ez eskelarik, ez mezarik nahi ez zuen arren, ama Txaro kontuan hartuta, eliza-elizkizuna egin zaio Groseko auzoan uztailaren 6an, eta gaur Urumeako bokalean familia osoa eta Institutuko adiskideak gaude. Urtzik, gu bion semeak, Quevedoren soneto bat irakurri du, eta Manuk, Helenaren anaiak, bi hitz esan ondoren, hilaren errautsez beteriko kaliza Urumea ibaira bota du, naturan murgil eta hondora dadin. Nire oroitzapenetan beti izango du leku berezi bat, gogoeta gazi-gezez betea, malenkoniaz, penaz eta tristeziaz osatua.

Irailak 3/11.

Londresko bidaia. Aspaldi, urte mordoxka bai bederen, ez nintzela Britainia Handian egon. Oroitzen ditut, ongi gainera, hara eginiko bidaiak. Lehena Helenarekin, Joxan Arretxe eta haren neskalagun Elenarekin. Joxan garai haietan pintore izateko ahaleginetan zebilen, margolaritza praktikatzen zuen eta sariren bat ere irabazi zuen.

Bigarren aldian bakarrik izan nintzen urtarril hotz batean. Goizero ingles klaseetara joaten nintzen eta arratsaldez Betiri Urteko lohizundar deserriratuaren urratsak jarraituz ibili nintzen liburutegietan... Hirugarrenean Xabier Olarrarekin... nobela beltzen peskizan... , Urtzi bisitatzen eta ondoren Margarekin Eskozian eta Irlandan.

Gaur irailak 4, Mantxako itsasartea pasatu berriak gara Parisetik Londresera doan trenean tunelez urazpitik joanik. Galdu da, beraz, Calaisetik Doverrera itsasontziz igarotzearen grazia. Kontinente zaharra utzi eta Uhartera iristea. Azkar eta arin heltzeak baditu bere alde onak, baina galduz doaz beste xarma batzuk. Itsas-kostaldeko beste ikusmolde batez inguratzea Uhartera. Ez, ez da berdina. Abiadaz irabazi duguna lasaitasunaz galdu dugu. Lurrarekiko eta itsasoarekiko harreman zuzena. Orain hemen leiho batetik begira ikusten ditugu ingeles soro berdeak, belardi eta basoak, dena berde, baina ez dugu usainik dastatzen ahal. Oihantxoen lilura ez da bera, gertutik edo abiada biziz sentitzea. Hezetasunean pulunpatzea, txorien musika sentitzea... Portobelloko taberna batean nago, UNEDeko zentroan azterketak Andrés de Blas, Ciencia Políticako katedradunarekin batera antolatu eta zuzendu ondoren. Eguerdiko ordubiak dira eta zerbeza-edontzia mahaian. Aldamenean kolore eta arraza guztietakoak: beltzak, txinatarrak, ingeles titi-handiak eta ingeles argalak zilborra agerian dutenak.

Javier Maríasen Tu rostro mañana eleberriaren irakurketan murgiltzen naiz, sari nazionalerako aurkeztutako bat baita. Ilunabarrean laurak, hau da, Andrés, bere emazte iruindarra, Marga eta neronek zentroko jatetxe arrunt batean afaltzen dugu, zenbait parke eta kale mordoxka zeharkatu ondoren. Berriketa frankismo garaiko borroken inguruan murgiltzen da, eta beraz, ez dago istilurik ez ideien kontrajartze handirik, gazte-garaiak gustura gogoratzen baitira bat zahartzaroko lehen etapan sartzen ari denean.

Urriak 6.

Madrilen erabakitzen den Narratiba Sari Nazionaleko zenbait liburu (Clara Sánchezen Un Millón de luces, Miguel Sánchez Ostizen La Nave de Baco, Alvaro Pomboren Una ventana al Norte, Juanjo Olasagarren Ezinezko maletak ‘Las maletas imposibles’ –neronek euskal eleberrien artetik hautatua–, Pedro Ugarteren Casi Inocentes, Juana Salaberten La noche ciega, Javier Mariasen Tu rostro mañana, Julio Llamazaresen El cielo de Madrid, eta beste hainbat) egun eta gau irakurtzen igaro ondoren, laburrenetarikoa den ixtorioa, Alberto Méndezen Los girasoles ciegos obra hoberenesten dugu, egile hilberriari omenaldi gisa-edo. Noski, obrak merezi du, bere sotiltasun, garraztasun eta poesiagatik, baina Rogelio Blanco, Liburuaren Zuzendariak egindako egilearen apologiak ere izan du zerikusirik sarian. 2008. urtean José Luis Cuerda zinema-zuzendariak Rafael Azconaren eta bere gidoi batekin pantailaratu zuen bertako ixtorietatik bat, oso modu duinean, Maribel Verdú, Raúl Arévalo eta Javier Cámara aktoreekin, besteren artean.

Urriak 22.

Ohi bezala bildu gara Santiago Aizarna, Lourdes Otaegi, Iñaki Aldekoa, Henrike Knörr eta neroni Kutxako idazkariarekin, aurkeztu diren hamar poema bildumak epaitzeko. Maila jaitsi delakoan nago, edota ni lege zaharreko poetekin nago nahasita eta ez dut baloratzen gaztetxoen ondu gabeko –halaxe iruditzen zaizkit– poema hauek. Ahul eta gogoeta bortitz baten ezean? Nabarmen da liburuxketarik bat Aintzane Galardi oiartzuarrarena dela, irudiak eta poemak tartekatzen dituelako, eta batean bere argazkia ageri baita. Itzulpen asko tartean. Azkenean Sonia González Fernández barakaldoarrarena hautatu dugu: Poema amnioti-koak –gerizpeko gudak–. Felipe Juaristik eginiko erreseinan honakoa idatziko du El Diario Vascon amodio-desamodiozko poema hauei buruz:

Ez, ez dut uste poema liburua osoa denik. Gehiago dira poemok hiriko kale kantoian utzitako puskak, puzzle batenak balira beza-la. Norbaitek hartuko ditu eta eramango berarekin, puskak hirian sakabanatuz. Eta gero berriro puskaren bat itzuliko du lehen ze-goen tokira eta hura izango da bide erakusle. Hurrengorako.

Azaroak 17.

Marijose Olaziregik gonbidaturik, banoa bulegoko lanak burututakoan auzoan daukadan La casa encantada kultur egoitzara, Pintxos. Nuevos cuentos vascos ipuin-liburuaren aurkezpenera. Bertan hamalau euskal idazleon ipuinak agertzen dira: Cillero, Garzia, Iturbe, Linazasoro, Lizarralde, Mujika Iraola, Zaldua, Atxaga, Cano, Lertxundi, Montoia, Oñederra, Rozas eta Sarrionandia. Edonork bere barne mundua eta kanpokoa zabaltzen eta sakontzen lagundu diezaguketenak, Marijosek hitzaurrean dioenez. Bildumari akatsik aurkitzekotan, tituluarena litzateke handiena, nire ustez, zeren eta gastronomia modan dagoelako geurean modu esajeratu eta eramanezinean, jasangaitzean ez dudan konprenitzen ahal, nola literaturak behar duen moda higuingarri baten menpe egon, ez bada salmenten morrontza dela-eta haien irizpideetara makurtuz. Aurkezpena eta irakurketak amaitutakoan, inguruan dagoen jatetxe asturiar arrunt batera goaz eta hartan idazle gazteak gertutik ezagutzeko aukera dut.

Abenduak 1.

Donostian Konstituzio Plazako Liburutegi Zaharraren egoitzaren sotoan Ereinek antolatuta Balada zaharrez liburuaren aurkezpena egiten dugu, bai eta mutiko-neskatoentzat Alaitz Olaizolaren hiru antzerki (Autobusaren zain, Non biziko gara, eta Txiukue), eta Enkarni Genuaren bat (Katu guztiak ez dira gaiztoak). Iñaki Aldekoak hitz emandakoan honako solasaz mintzo naiz:

Eguerdi on, kazetari eta adiskideak. Lehenik, eskerrak etorri zaretelako. Eta joan zen urtean areto epel honetan Ereinen eskutik Lazarragaren paperezko lehen edizioa aurkeztu nuenean eskerrak ematerakoan gehiegi luzatu bainintzen, antza, Euskadi Irratian gero ene kontura barre aski egin zutelarik, ea aurtengoan laburragoa naizen eta esaten ditudanak konprenitzen dizkidazuen edo hobeto esplikatzen naizen.

Balada zaharrez egin saiotxoa da aurtengoa. Zazpi kapitulutan banatuta: 1. Hitzen biltzarreko sesioez. 2. Apokrifoen eta kritikarien saltsa-maltsez. 3. Itzulpen eta moldatze moduez. 4. Txukunkeriaz eta zentsurez. 5. Zabalkunde zahar eta berriez. 6. Balada zaharretako amodio eta heriotzez. 7. Bibliografia. Testu eta ikerketez.

1. Eresi, erromantze, khantore, complainta dolorosac, balada. Nola deitu? Bada frantses musika talde bat, Eric Montbel, zeinen diska honela deitzen den: Le Jardin des Mystères, Complaintes cri-minelles, ballades sanglantes & autres chansons sinistres. Nazioartekotasuna kontuan harturik, hautatu dugu balada hitza. Honelaxe titulatu zuen Adolfo Arejitak ere bere liburu bat: Mendebaldeko Euskal Baladak (1995). Gaur egun ez ditugu mendebaldekoak aurkezten eta ikertzen Iparraldekoak baizik, batez ere. Ixtorio horiek antzina-antzinako gertaldiak izan ohi dira. In medias res hasten dira baladak eta pertsonaiek elkarrizketan dihardute, kantu narratzaileak halako urruntze batez aurkezten duelarik askotan bukaera odoltsua duen gertaera.

2. Kanta apokrifoak: Leloren kanta (Lekobide) (Ibarguen-Cachopin), Anibal (Chaho-Iribarren), Altabizkar (Garay de Montglave-Louis Duhalde), Urthubiako Alhaba, eta Domingoren eresia (Montglave-Duhalde). Euskal Teatrorako iturri bezala ere balio izan dute eta estimu ezberdinak izan dituzte. Casaubon humanista XVI. mendean apokrifoekiko ezkor zen, bai halaber XIX.

ean Vinson; XX. mendean Cid irakasle galiziarrak, ordea, hainbat eta hainbat herrialdetan hizkuntza eta kultura berpizte eta duintze bidean ezartzeko balio izan dutela, dio. Gurean ere bai.

3. Nondik datozkigu? Europako beste herrialdekoak bezalaxe. Konparatu ditut katalanez, portugesez, gaztelaniaz, frantsesez, gaskoinez, italieraz, ingelesez, alemanez... diren baladekin eta anitz berdintsuak direla ikusi dut. Ez du zentzurik laurehun aldaeretarik prototipo bat bilatu nahi izateak, azkenean Marcelino Menéndez Pidalek etsipenez aitortzen zuenez, eta, Devoto ikerleak dioskun eran, aldaeren funtzionaltasuna ikustea, aztertzea eta dastatzea da kontua.

Zenbaiten nondikakoak aurkitu ditut, adibidez. Hirur kapi-tainak, Neska ontziratua, Orein bilakatu neska (La blanche biche), Errege Jan, Barbersa Janamari, Andere okina, Hiru soldado gazte, Peru gurea Londresen (Senarra dizit Montpellierren), garbi dagoelarik eredu frantses eta okzitanoekiko zorra.

4. Txukunkeriaz eta zentsurez. Linguistikoa eta morala. Aldaketak, kenketak eta eransketak, eta ia beti apaizak: Azkue, Barbier; Lafitte.

5. Zabalkundeak. Bertso-paperak, feuilles volantes, pliegos suel-tos, folhetos de feira... coplas de ciego, bezala saldu izan dira Turkiatik Brasileraino, Europan barrena pasata. Eta bidean, noski, hizkuntza bakoitzak bere aldaketak egin eta mundu propioa erantsi dio. Hala, Imanolek kantatzen duenean Kopla bikiak Kopla bitxiak ordez; edota informante kastillanoak, Yo nací dentro de Ronda ordez Yo nací entre las ondas errezitatzen duenean, edota Beholako heriotza baladan abeslariaren ahoan: aurten hegoa maiz bilakatzen denean aurten negua maiz ari; edota Adanak [aranak] lore, mertxikak ere, ordez kantatzen duenean merxikak lore anda-nak, argi dago jatorrizko esanahia konprenitu ez duelako dela.

6. Amodioa eta heriotza dira gai nagusiak, noski, eta hauek badute munduan zehar hamaika aldaki eder.

7. Bibliografia. Interesgarrienetakoa William J. Entwistle-ren European Balladry (Oxford, 1951) da dudarik gabe, baina gurean baita ere Jean Baptiste Orpustanen idatzitako Lire et comprendre les textes poétiques: Atharratze jauregia... , alegia, Historia poesia bilakatzen denean Kantatu plazerez baina baita zer kantatzen den konprenituz ere... [Teatroaz ere mintzatu bainintzen zertxobait Olaizola eta Genua aurkezterakoan. Hona hitz batzuk.]Jainkoek abandonatutako jeneroa da teatroa. Hobeto esan, literatura dramatikoa. Eskilok kontatzen digu nola, gizonak gehiegi maitatzearren, maitasunaren sua jainkoei lapurtu eta gizonei oparitzeagatik harkaitz batera estekatu eta eternitate osorako arrano batek barrenak jaten dizkion bitartean.

Zorionak beraz, Ereini ez duelako ahantzi jainkoek bezala teatroa, zeren heziketarako (mundua konprenitzeko eta ongi mintzatzeko) errekurtsorik garrantzitsuena izan baita mendeetan zehar eta hala izan daitekeelako aurrerantzean ere, pentsatzen baitugu, Zinema eta Telebista onak lagun.

Abenduak 16.

Bildu ginen ohi bezala Eugenio, Daniel eta neroni Euskaltzaindiak antolatu Toribio Altzaga sarira aurkeztu zazpi antzerkiak aztertzeko. Hauetarik bi pastoral berriak. Eta Aizpea Goenagak aurkeztu zuen San-txa Kontesa lana hautatu genuen. Anakronismo zenbait gorabehera, eta hauek zilegi eta ohiko dirateke Artean, emakumearen lekua erreibindikatzen duen obra da, noski. Ongi eraikia, dotore antolatua eta euskara ederrean idatzia. Sariak emandakoan daukadan fotografiarik polittenetakoa da Plaza Barrian ateratakoa: Eskuinean Jean Haritschelhar irritsu, erdian Aizpea Goenaga jaka gorrixtarekin eta neroni ezkerrean bufanda urdin batekin.

Abenduak 23.

Marijose Olaziregi eta Lourdes Otaegirekin geratu naiz eta bagoaz Jose Irazu “Bernardo Atxaga” asteasuarraren jaioterrira, bertan ospatuko baita Euskaltzaindian sartze-ekitaldia euskaltzain oso gisa, hil berri den Juan Mari Lekuonaren ordez. Aurelia Arkotxarekin topo egiten dugu eta elkarren ondoan esertzen gara. Entzuten ditugu ohiko solas aspergarriak, batik bat Xabier Kintana eta Andres Urrutiarenak, eta Agirre Asteasukoaren estiloan Bernardok idatzitakoak. Bukatutakoan, herriko koruak kanta batzuk eta denok Agur Jaunak abestutakoan, hainbeste jende dagoenez, ezagun batzuk agurtu eta bagoaz. Etxera itzultzen gara entzundakoak komentatuz; ez gaituzte berotu batere, frontoian egiten zuen hotza zela-eta... Antzarak, zenbakia, eta letrak buruko ganbaran eta euskararen etorkizuna airean... Abenduak 30.

Goizeko zazpi eta erdietan Donostiatik Bartzelonara autobusez atera gara. Tutera pasatakoan, hondatu egin da autobusa eta bi ordu egon gara bide-ertzean berriaren zain. Okasio ona jendeak horrelakoetan zer egiten duen eta zer komentatzen duen ikusteko. Pasaiariak txoferrarengandik jakin nahian dabiltza noiz iritsiko den bus berria eta honek ezin ziurtatu. Lau egun ibili dela autobusa gelditu gabe, eta azkenean porrot. Lehertu egin dela. Mantentze-zerbitzukoek ez ikustea zer gerta ziezaiokeen ere galanta da. España cañi. Eta gero txoferrak inolako esplikaziorik ia ez ematea, berdin. Está llegando... hori da dena, baina oraindik ez da iritsi. Orain dioten gisan, tercermundista da garraio publikoa. Egun hauetan badira Lleyda ondoan elurretan hiru ordu tren barruan geldituak ere. Iritsi gara azkenean Bartzelonara eta carrer Hospitalet 64ra, Els investigadorsei dagokien gela tipi, apal baina aski erosoan sartu gara.

Liceura goaz Alban Bergek Georg Büchner-en Woyzeck antzerkia musikatuz moldatu opera Sebastian Weigle eta Calixto Bieira teatro-zuzendariaren eszenografiarekin ikustera. Berlinen estreinatu opera 1925ean Liceura lehen aldiz 1964an iritsi zen eta orain berriro, baina aski modu bortitz eta eskandalagarrian. Duela berrogei urte irakurri nuen 1836an Büchnerrek idatzitako Woyzeck soldaduari buruzko testua Buenos Aireseko Aguilar editorialak 1966an argitaratu Teatro de la joven Alema-nia (1829-1846) antzerki bilduman. Bere emazte ezfidela hiltzen duen gudaria, ingurunean estutzen duen fabrika bateko langile bilakatu du Bieirak. Protagonista, Franz Hawlata izeneko langilea, industria bateko tuberia artean kokatu du. Eta Maria, langile bat gehiago bezala ageri zaigu, Danborrari Nagusi dirudunaren besoetan erortzen dena, hark daukan semea mantentzen lagunduko baitio, baina garbi dago inolako sexu-lilurarik gabe, eta Mariarentzat suntsitzen duen mundutik liberazioa izanen dela heriotza. Horrela bada, orijinalaren sinbolismo erromantikotik aldenduz bi protagonistak, Woyzeck eta Maria, sistemaren biktima bilakatu dira. Testua esku artean daukadalarik, argi dago bertsio honetatik aldatzen dela, zeren eta lehen eszena basoan gertatzen baita hiritik urrun, Woyzeck eta Andres zuhaixka batzuk mozten txistuka ari direlarik, eta lehen hitzak hauexek dira:

WOYZECK. –Bai, Ander, leku madarikatua da hau. Ikusten duzu onddoak hazten diren sendra hori belardian? Hor dabil burua gauez. Behin batek altxatu zuen trikua zelakoan, eta hiru gau eta hiru egun gelditu zen zintzilikatua. (Ahopez). Ander, arginbeltzak izan ziren, bai, masoiak, horixe!

Eta azken bakarrizketa lakuan honela:

WOYZECK. –Haiztoa? Hemen laga dut. Salatzen nau! Gertuago, bai gertuago oraindik! Non gaude? Zer dantzut? Zerbait badabil hor bertan. Iso! Maria? Zein soka gorri daukazu lepoan? Zerekin irabazi duzu zure bekatuen gutuna? Beltz zeunden, beltz-beltza haiekin. Zuri bilakatu zaitut? Zergatik daude zure ileak itxuragabeki? Haiztoa, haiztoa! Neronek ote? Ah! (Uretara hur-biltzen da). Ea hoa behera! (Haiztoa uretara botatzen du). Harri baten gisan ur ilunetan ondoratu da. Ez, oso hurbil dago eta bainatzen direnean... (Lakuan zertxobait sartu, haiztoa berriz hartu eta urrun botatzen du). Bai, horrela, baina uda partean ur azpian txirlak bilatzen hasten direnean... ? Bah! Erdoituta aurkituko dute, eta nork ezagutuko du? Hautsi izan banu!

Oraindik odoleztaturik nago? Ah, bai, hemen tanta bat, eta beste bat... 

(Jendea iristen da... ).

Aleman erromantizismo sinbolikotik opera abanguardistarako bidea ez da luzea, baina eszenografia futurista honetan, oihana petrolio findegi bilakatzea oso iradokitzailea bilaka daiteke. Munduaren desegitearen happeninga, baina aktore guztiak bukaeran goiti eta beheiti dabiltzan igogailuen artean larru-hutsik agerraraztea, argi gorri, beltz eta zuriekin nahasirik, Liceuko ikusle burgesek ausartegia deritzote...Abenduak 31.

Urte Zahar eguna. Goizetik Bartzelona zaharrean barrena ibili gara gelditu gabe, carreretan, karrika, kale estuetan zehar. Rambletako loreak, mimoak, jendetza. Dendaz denda, plazaz plaza, tabernaz taberna eta azkenean 7 portes portu inguruko jatetxean bazkaldu dugu, Maria Callas eseri omen zen esalkiaren aurrean. Eta nor ez zen bada eseriko hemen 1836an eraiki zenez geroztik? Benetan tradizioa eta oraina ongi uztartzen dakien lekua da hau. Kafearekin habano ttipi bat ere erre dut. Arratsaldean, siesta ondoren berriz atera gara Barri Gòticen berriro murgiltzera. Eta handik kostaldera, eta Agbar Dorreraino, zeina gauez kolorez aldatuz doan modu ikusgarrian. Afaltzera erreserbaturik daukagun jatetxe txinatar txukun batera joaten gara. Etxekoei deitzen diet: Urtzi, Marikrutx, Miren eta beste senideei Urte Berri on bat opatzen. Gero berriro, beste ibilaldi luzexta bat, eta gaueko hamabiak baino lehen iristen gara erresidentziara. Ohean sartu, liburu lotarazlea esku artean hartu eta hurrengo urterarte.